TXAPELA BURUAN. Iratxe Escajadillo. Grezian bizi den bilbotarra

«Greziera deskubritu nuenetik obsesionatuta nago hizkuntza horrekin»

Greziako Tesalonika hirian harrapatu du konfinamenduak Escajadillo, iazko azarotik Kreta irlan bizi den arren. Laugarren aldia du herrialdean; oraingoan, dantzatzera eta greziera ikastera joan da.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Lotura estua du Greziarekin Iratxe Escajadillok (Bilbo, 1993); herrialdearekiko «konexio berezia» sentitzen du, bueltatzeko «beharra». Erasmus programaren bidez ezagutu zuen Tesalonika hiria estreinakoz. Gerora, birritan egon da Kios irlako errefuxiatu zelaietan, mediku gisa lanean. Gaur-gaurkoz, Kreta uhartean bizi da. Hizkuntza ikastera eta dantzatzera joan da laugarrenez Greziara.

Kretan igaro dituzu azken hilabeteak. Zergatik Kreta?

Orain dela hiru urte Erasmusen Greziara etorri nintzenetik, arrazoi ezberdinengatik beti bueltatu naiz: tailerrak egitera, dantzatzera, errefuxiatuekin lanera... Iaz, Kiosen eman nuen uda, errefuxiatuekin, eta, han egon ondoren, Euskal Herrira bueltatu nintzenean, sentitu nuen Grezian egon nahi nuela. Irla batera joan nahi nuen, eta Kretara joatea erabaki nuen.

Esan eta egin. Egiteko jakin batekin heldu zinen?

Medikuntza ikasi nuen, eta, gradua bukatu nuenean, bazeuden desadostasun batzuk nire baitan ez zidatenak uzten espezialitatea jarraian egiten. Beste gauza batzuk egin nahi nituen, eta argi nuen orain dela unea hori egiteko. Gauza horien artean zeuden errefuxiatuekin lan egitea eta dantzari energia eta denbora gehiago eskaintzea. Dantza izan zen arrazoi bat. Eta bestea, hizkuntza. Pila bat gustatzen zait hizkuntzak ikastea, eta, greziera deskubritu nuenetik, obsesionatuta nago. Sentitzen dut greziera ikasteak lagundu didala beste modu batera pentsatzen.

Dantzatzea eta greziera ikastea. Helburua bete duzu?

Kretara etorriko nintzela erabaki nuenean, bilatzen hasi nintzen. Topatu nuen dantza irakasle bat gorputz espresioa eta aldarrikapen soziopolitikoa nahasten zituena. Gero, agian, errealitatea ez da izan espero nuena, baina ederra iruditzen zitzaidan dantza aldaketa sozialerako tresna gisa erabiltzea. Irakaslea topatu nuenean, esan nuen: «Listo, gero etorriko dira gauzak».

Nolakoa izan zen hutsetik hastea?

Ikasketa prozesu luzea izan da, eta pazientzia eskatzen duena. Lehen urratsa etxea topatzea izan zen. Erasmus joateko pisu partekatuak besterik ez nuen aurkitzen, eta nik ez nuen hori nahi. Azkenean, joan baino bost egun lehenago dantza irakaslearen bitartez lortu nuen. Emakume batek eta bere alabak bidali zidaten mezu bat esanez gela bat libre zutela. Beti eduki dut sentsazioa familia baten etxean nengoela, baina beti egin naute horren parte. Horrek asko lagundu dit hizkuntzarekin erosoago sentitzen eta konfiantza hartzen.

Grezieraz ondo moldatzen zara?

Askotan ikusi dut neure burua mahai baten bueltan grezieraz inguratuta, apenas ezer ulertu gabe. Haiek beti daude prest ingelesera aldatzeko, baina nik esaten diet ezetz. Batetik, bestela ez dudalako inoiz ikasiko, eta, bestetik, hori delako euren hizkuntza. Ikasi dut lasai egoten ezer ulertu gabe. Urtarrilean, greziera ikasteko espazio bat aurkitu nuen, eta hasi nintzen egunero klaseetara joaten.

Nolakoak dira greziarrak?

Oso sakrifikatuak. Lan pila bat egiten dute, eta soldatak ez dira batere logikoak bizitzak daukan kosturako. Baina, aldi berean, bizitzaren inguruko jarrera oso positiboa dute. Bizitzaren lasaitasuna arnastu eta bizitza bera ospatzen dute. Gainera, oso ondo ezagutzen dituzte euren sustraiak. Herrialdearekiko maitasuna horrela bizi dute; asko baloratzen dute euren arbasoen herentzia, eta mantentzen saiatzen dira.

Greziarekin lotzen den eta zuk bertatik bertara bizi izan duzun esperientzia bat errefuxiatuekin lan egitea da. Zergatik erabaki zenuen hori egitea?

Erasmus egin nuenean, Tesalonikan bertan bazeuden 11 errefuxiatu esparru inguru. Haiekin konpartitzen nuen hiria, espazioa eta eguneroko bizitza. Heldu zen momentu bat non jasangaitza egin zitzaidan haiekin egunerokoa konpartitzea eta bizi zuten errealitatea ez ezagutzea.Tesalonikan hasi nintzen kanpalekuetara joaten, ingeleseko eskolak ematen. Euskal Herrira bueltan, ez nuen kontzientzia hori galdu, eta, Kiosera mediku joateko aukera agertu zenean, ez nuen birritan pentsatu.

Gogorra ere izango zen.

Gogorrena ontzi berriak heltzen zirenean ongietorria ematea zen. Europa ukitzen duten lehen momentua da, eta, beldurtuta egon arren, poz arraro bat nabaritzen zaie. Horrek pena handia ematen zidan.Behin lanean hasita, gogorra da, baina helburua ondo zehazten baduzu, indartu ere egiten zaitu.

Bueltatuko zara Greziara?

Bai. Onartu dut Kretako etapa amaitu dela egoerak horrela markatu duelako; baina, dagoeneko, nigan daramat Grezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.