TXAPELA BURUAN. Mari Irazusta. Londresen bizi den hernaniarra

«Londresek aukera asko eskaintzen ditu»

Bere lehen asmoa ez zen Londresera joatea, baina hara jo zuen, eta bertan geratu eta sustraitu da. Hiri estresagarria dela dio, baina ohitu egin dela.

MARI IRAZUSTA.
jakes goikoetxea
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Mari Irazustak (Hernani, Gipuzkoa, 1977) Euskal Herrian baino urte gehiago egin ditu Londresen. 19 urterekin, au pair hasi zen, baina hoteletan lan ibilbide oparoa egiten ari da: hotel bateko harrerako eta atezaintzako arduraduna da. Dartforden bizi da duela urtebetetik, Londrestik gertu, familiarekin: Chester Yang senarrarekin —zinemagilea eta ekoizlea da— eta Siara —argazkian—, Kai eta Afrika seme-alabekin. Haiek guztiak etxean egotera behartu ditu COVID-19ak; Irazusta ez, haren hotelak osasun langileei emango baitie ostatu.

Zergatik Londres?

Nire ametsa Ameriketako Estatu Batuetara joatea zen, baina AEBetara joateko prozedura luzea zen, eta Londresera joatea erabaki nuen.

Zertara?

Berez, irailean unibertsitatean hasi behar nuen, baina urte sabatiko bat hartu nahi nuen, ingelesa ikasteko eta turismoa egiteko. Guztia bateratzeko aukera bat zen.

Zer aurkitu zenuen?

Bederatzi hilabete egin nituen au pair. Ez zen erraza izan. Sekulako aldaketa izan zen. Guztiok ginen europarrak, baina bizimoduak eta izaerak oso ezberdinak ziren. Horrez gain, hemengo kultura hain da askotarikoa eta ezberdina!

Zein izan zen hoteletan egin zenuen lehen lana?

Covent Gardeneko hotel bateko tabernan, Londresen erdialdean.

Euskal Herrira bueltatu zinen, baina berriro Londresera itzuli ziren gero.

Unibertsitatean matrikulatzeko garaia iritsi zen, baina amari esan nion Londresera itzuli nahi nuela. Ez zen erabaki erraza izan.

Berriro hoteletan lan egitera?

Bai. Bezeroei harrera egiten, gosarietan, ikuskatzaile, jatetxeetako erreserbak kudeatzen...

Zer dute hotelek erakargarri?

Jende asko ezagutzen duzu. Gainera, inor ez da bertakoa; denok familiarengandik urrun bizi gara, eta denek ulertzen dituzte zure kezkak eta arazoak. Munduko beste leku batean beste hasiera bat izan duen jendea da. Jende oso irekia da.

Nolakoa da Londresen bizitzea?

Ohituta nago, baina egia da oso estresagarria dela. Garestia ere bai. Oreka aurkitu behar duzu.

Euskal Herriarekin alderatuta?

Ez dago Euskal Herriko bizi kalitatea. Horren falta sumatzen dut gehien. Ez daukazu leku eta denbora asko lagunekin egoteko. Lagunekin arratsaldean kafe bat hartzeko, astebete lehenago lotu behar duzu. Bestela, ezin da.

Hala ere, pozik bizi zara han?

Bai. Lanaren ikuspegitik, aukera asko eskaintzen ditu. Nahiko gazte etorriz gero, egin beharrekoa egiten duzu, pentsatu gabe. Aukera bat eman dit, eta ezin dut esan bizimodu txarra dudanik.

COVID-19aren izurritearekin, hotela zabalik duzue?

Bai. Erakustazoka bat dago hoteletik gertu, eta 4.000 oheko behin-behineko ospitale bat egiten ari dira. Orain hura prestatzen ari diren langileei ematen diegu ostatua; gero, medikuei, erizainei...etxera joan behar ez izateko.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ez al zituen neurriak oso berandu hartu?

Beranduegi. Agian hemen jendeak uste zuen ukiezina zela, baina, bat-batean. dena aldatu zen.

Pandemiak ezkutuan utzi du brexit-a. Nolakoa izan da?

Galdeketaren emaitzak jaso genituenean, harri eta zur geratu ginen. Jende guztiak esaten zigun kontra bozkatuko zuela.

Zuen bizimodua arriskuan jarriko du?

Ez. Hemen geratu gaitezke.

Euskal Herrira bizitzera bueltatzeko asmorik ez, ezta?

Oraingoz, ez, baina, erretiroa hartutakoan, nork daki. Ez litzaidake inportako itzultzea. Momentuz ez dauka zentzurik. Chesterrek Sierra Leonara joan nahi du, eta txandaka egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.