TXAPELA BURUAN. Aritz Petrirena. Kanadan bizi den beratarra

«Etxekoen antzekoak dira inguruak, baina XXL formatuan»

Mendi bizikletarekin ibiltzeko «paradisua» da Kanadako Columbia Britainiarra, Petrirenaren aburuz. Horretara joan zen hara, Euskal Herrian gordeka ibiltzen baitira kirol hori egiten dutenak.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Mendiko bizikletan ibiltzeko sortu zen Aritz Petrirena (Bera, Nafarroa, 1991), eta mendiaren deiak eraman du Kanadako Columbia Britainiarrera. Kamloopsen bizi da orain, berarekin batera hara joandako lagunekin. Mendiko bizikletarako ibilbideak ezagutu dituzte ezker-eskuin, baina orain geldi daude: «Koronabirusaren kontua lasaitu arte hemen geldituko gara anitz mugitu gabe».

Rustineta furgoneta da zuen etxea, ezta? Urritik han bizi izan zarete?

Bai, hala da, bai. Lehengo udaberrian erosi genuen furgoneta bidaia bat egiteko: Vancouverren hasi genuen; handik Mendi Harritsuetara joan ginen, eta bertatik Kaliforniara jaitsi ginen, bidean bizikletan ibiltzeko harrapatzen genituen tokietan geldituz. Gero, berriro Kanadara goititu ginen ,lanean hasteko intentzioarekin. Negua Whistlerren pasatu genuen, etxe batean, eta orain, negua akabatu dela, furgonetan berriro.

Zer moduz bizi zarete Rustinetan?

Egia erran, ederki gara; alokairurik ez dugu ordaindu behar, eta askatasuna dugu nahi dugun tokira joateko.

Zein da zuen helburua han?

Toki berriak ezagutzea, jendea ezagutzea eta ahalik eta denbora gehien bizikleta gainean pasatzea.

Koronabirusak zuen planak aldatu ditu?

Bai; jatetxe batean ginen lanean, eta, koronabirusa dela-eta, jatetxea itxi zuten. Udara arte lana egitea zen gure intentzioa, eta udaran bertze bidaia bat egiteko ideia genuen.

Konfinamenduan zaudete?

Ez gaude konfinatuak, baina zentzuz jokatu behar dugu.

Zerk eraman zintuen Kanadara?

Bizikletak eta hemengo parajeak.

Mendian bizikletarekin ibiltzea oso ezberdina da han?

Mendi bizikletaren paradisua da hau, sekulako diferentzia dago: hemen, bizikletan ibiltzeko toki egokitu anitz daude, ia herri guzietan harrapatzen duzu bat. Etxean, ordea, gordeka ibili behar dugu.

Zergatik? Ezin da mendiko bizikletekin lasai ibili?

Normalki, jendeak ez du ontzat jotzen; mendi bizikleta eroen kirola dela uste dute anitzek.

Kanadan afizio handia dutelako daude hainbeste toki egokitu?

Bai, erran dezagun hemen hasi zela dena; edozein tokitara joaten zarela ikusten dituzu familiak edo jende heldua bizikletarekin goiti eta beheiti. Mendian egiten diren kirolen oso zaleak dira.

Argazki eta bideo anitz partekatzen dituzue sare sozialetan. Zer asmorekin?

Gehienbat lagunekin partekatzeko, eta eguneroko gisako bat bezala erabiltzen dugu.

Zer iruditu zaizu Vancouver eta inguruak?

Ikaragarria da. Hiriak ez ditut maite, baina inguruak... Hemengo inguruek etxekoak gogorarazten dizkidate, baina XXL formatuan: zuhaitzak, errekak, aintzirak, animaliak...

Zer sentitzen da Kanadako mendietan ibilita?

Hasiera batean beldurra; hartzak inguruan daudela dioten seinaleak aurkitzen dituzu toki guztietan, baina denbora bat pasatzen duzunean, etxeko mendietan bazina bezala sentitzen zara.

Eta jendea? Baduzue harremanik hango jendearekin?

Jendea irekia eta laguntzeko prest egoten da, baina anitz kostatzen zaie lagun arteko harreman hori egitea.

«Bizi poza» duzu jarrita zure sare sozialetan. Hori da ematen dizuna bizikletak?

Hala da, bai, bizikleta gainean egoteak egiten nau zoriontsu, eta oroitarazten dit bizi garen bitartean ahalik eta zoriontsuen bizi behar dugula.

Zer asmo duzue orain?

Ea zer gertatzen den birusarekin. Dena ongi badoa, Alaska aldera bidaia bat egiteko ideia dugu.

Euskal Herrira itzuliko zara?

Urri aldera itzuliko naiz etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.