TXAPELA BURUAN. Ander Garcia. Hondurasen bizi den bilbotarra

«Estortsiopean bizi dira merkatari txikiak eta autobus gidariak»

Tegucigalpako Unibertsitate Publikoan eskolak ematen ditu Garciak urtarriletik. Hangoen gomendioei segituz, eta Honduras herrialde «arriskutsua» dela iritzita, taxiz mugitu ohi da toki batetik bestera.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Garraio publikoa ez du sekula hartu Ander Garciak (Bilbo, 1990) Hondurasera heldu zenetik. Hangoen irizpideak tentuz entzun eta horiei jarraitzea erabaki du; autoz mugitzen da. Herrialdeko biolentzia indize handiak direla medio, «arriskuak saihesten» ahalegindu da. Ingeniaria da, eta termodinamika eskolak ematen ditu Tegucigalpako Unibertsitatean. Sei hilabeterako joan zen, baina orain egonaldia luzatzen saiatzen ari da.

Tegucigalpako Unibertsitatean egiten duzu lan. Zein da egoera?

Ez zait gustatzen irakaslea naizela esatea, baina zenbait eskola ematen ditut Ingeniaritza Fakultatean. Irakasle falta handia dago. Eskaintzaren ikuspegitik, unibertsitate publikoan ikastea ia dohainik da. Urtean 30 dolar ordaindu behar dituzte. Halere, herritar askorentzat zaila da diru hori lortzea. Bestalde, ikasle asko-asko daude, eta oso irakasle gutxi, gutxienez Ingeniaritza Fakultatean. Irakasle izateko, master bat egin behar da, eta Tegucigalpan bertan, unibertsitate publikoan, ez dago master hori egiteko aukerarik. Kanpora edo unibertsitate pribatu batera joan behar dute derrigor.

Unibertsitatea bera nolakoa da?

Baliabideak urriak dira. Ingeniaritzari dagokionez, laborategiak eta baliabide materialak eskasak dira, eta azpiegitura ere xumea da.

Halere, Euskal Herrian ez zinen irakaskuntzaren alorrean aritzen.

Ez, horren bila abiatu nintzen Hondurasera. Enpresa batean ari nintzen beharrean, eta, aldi baterako lan prekario batetik bestera saltoka ibiltzeaz nazkatuta, beste aukera batzuk begiratzen hasi nintzen. Atzerrian zenbait proiektutan parte hartzeko aukera ematen zuen Jaurlaritzaren beka batekin egin nuen topo. Hondurasko proiektua bat zetorren nire nahiekin: irakaskuntzan aritzea, ingeniaritza energetikoaren bueltan. Horrez gain, Hego edo Erdialdeko Amerikara etorri nahi nuen. Egia esan, aurreiritzietan oinarritutako ideiak nituen buruan: jendea oso irekia eta alaia dela hemen. Bestalde, herrialde hauetako historia oso erakargarria iruditzen zait; borrokan eta erresistentzian oinarritutako historia dute.

Hondurasen inguruan zer aurreiritzi zenituen?

Orokorrean, leku arriskutsu bat dela nuen buruan, baina herrialdera iritsi arte ezinezkoa da egoera barneratzea. Halere, kolpea ez da oso bortitza izan, hein batean banekielako nora nentorren. Beldurra ez, baina ziurgabetasun puntu bat banekarren. Euskal Herrian Hondurasi buruz entzuten eta irakurtzen nuen guztia izugarria zen.

Behin ezagututa, eraikitako ideia horiek berretsi dituzu?

Errutina bat sortu eta nondik eta nola mugitu ikasten duzunean ohartzen zara ez dela hainbesterako. Errealitatea bada herrialde arriskutsua dela, baina, bertakoen gomendioei kasu eginez gero, dena ondo joan daiteke. Oso ezberdina da, baina ohitzen zara. Konplikatua da, baina posible da, batez ere baliabide ekonomikoak baldin badituzu. Gainera, ni oso ondo hartu naute, eta familiakoa banintz bezala sentitu naiz jende askorekin.

Zeintzuk dira arriskuari izkin egiteko gomendio horiek?

Bertako guztiek gomendatu didate autoz mugitzea, beti, eta aurrez ezagutzen ditudan tokietara joatea. Mugikortasunaren aldetik, ezberdintasuna nabarmena da. Hemen jendea ez doa lasai oinez kaletik, biolentzia indizea oso-oso handia delako. Garraio publikoa inoiz ez hartzeko aholkatzen dute, gidariak mehatxatuta egoten direlako eta indarkeria kasu gehienak garraio publikoan gertatzen direlako.

Indarkeria nola gauzatzen da?

Mara izeneko bandekin zerikusia du indarkeriak. Bi dira nagusi hemen: Barrio 18 eta Mara Salvatrucha. Droga trafikoari lotutako bandak dira. Herritarrak mehatxatzendituzte. Saltoki txikietako merkatariak eta autobus gidariak estortsiopean bizi dira. Gizarte osoari eragiten dion arazo bat da, eta herritarren bizimoduan eragin zuzena du. Indarkeria eta pobrezia eskutik doaz.

Hortaz, kaletik ez dabil jenderik?

Kontraesana da. Herritar askok ezin dute auto bat eskuratu, eta arriskutsua da, baina oinez mugitu beste erremediorik ez dute. Hamar herritarretik lau egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira, eta biztanleriaren %60 erregulatu gabeko lanetan aritzen da.

Hain baldintza gogorrak dituen herrialde batean, nolako eragina izan du koronabirusak?

Martxoan ezarri zen konfinamendua, eta 15 egunetik behin atera gaitezke erosketak egitera. Hasieran oso proba gutxi egiten ziren, eta orain hasi dira kutsatzeak ugaritzen. Arazoa da herritar asko egunez egunekoarekin bizi direla, eta kalera atera beste aukerarik ez dutela; ateratzen ez badira, ez dute jaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.