ATZEKOZ AURRERA. Javier Manzanos. Artearen historialaria

«Ulertzeko errazagoa da arte garaikidea»

«Ateraldietatik» sortutako «obra hutsalak» jopuntuan jarri ditu Manzanosek, arte garaikideari kalte egiten diotelakoan. Merkatuari jarraitzen dion artearen ordez, jakintzari lotutakoa aldarrikatu du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Arte garaikidearen inguruan lan egiten du Javier Manzanos artearen historialariak (Iruñea, 1964). Iruñeko Udaleko Arte Plastikoen teknikaria da, eta Uharteko arte garaikideko zentroko zuzendaria izan zen 2007. eta 2011. urteen artean. Artea ikuskizun bihurtzeari buruz ariko da gaur, 19:30ean, Iruñeko Fabrica de Gomas arte galerian. Hitzaldia gazteleraz izanen da.

Artea ikuskizun bihurtzearena fenomeno berria da?

Artea ikuskizun bihurtzea edo banalizatzea fenomeno garaikidea da, XX. eta XXI. mendeetakoa. Abangoardia plastikoetan gertatzen da fenomeno hori, eta, batez ere, ismo-etatik aurrera. Arte klasikoak badu osagai oso garrantzitsu bat, nik aldarrikatzen dudana: artea ezagutzarako bide gisa. Orain, artearen parte batek ezagutza ez baizik entretenimendua eta ikuskizuna eskaintzen du. Arte erraz eta hutsala da, ez du hausnarketarik edo interpretaziorik bultzatzen.

Hori ez al da gertatzen artetik kanpo ere, kulturan oro har?

Postmodernitatearen fenomeno bat da. Ez dago ismo handirik, ez joera handirik. Dena da post. Denak balio du, eta dena nahasten da. Hala da arte garaikideko azoka handietan; adibidez, Arcon: onena eta txarrena batzen ditu. Komunikabideetara iristen diren albisteak bitxienak, probokatzaileenak eta eskandalagarrienakizaten dira. 2015eko azokan edalontzi erdi betea zen albiste, baina obra oso onak ziren han. Artearekin baino publizitatearekin zerikusi handiagoa du horrek.

Fenomeno hori handitzen ari da?

Bai. Gaurko kulturak Youtubeko bost minutuko bideoa ikustera bideratzen gaitu. Kontsumo ahalik eta azkarrena nahi dugu; beraz, zirraragarriena da zabaltzen dena: normalki, hausnarketarik behar ez duena. Janari azkarra, irudi azkarrak eta arte azkarra kontsumitzen dugu, eta Googlek lehenik agertzen du publizitate gehien duen artea.

Arteak ikuslea txunditu beharko luke, ezta? Baina ez hori bakarrik?

Noski, harritzea edo txunditzea da arteak dituen ahalmen eta balioetako bat, baina txunditzea ez ateraldi bat izan duzulako, baizik eta pentsarazteko, norbera eta ingurua ulertzeko galderak bultzatzeko. Morboagatik edo probokatzeagatik probokatzea kritikatzen dut. Horren parean, artearen historia aldaraztea lortu duen arte probokatzailea dugu, obra iraultzaileak.

Orain jendeak argazkia egiten du artelanen aurrean. Aipatu dituzun lanekin hobeki geratzen da selfie-a?

Bai, noski. Sare sozialen kulturan bizitzear dugun esperientzia erakusten da. Gioconda-ren esperientzia sakelakoaren bidez dute ikusleek. Egokitu behar dugu. Benetako arteak zeharkatu egin behar ditu azkartasunaren kulturak jartzen dizkigun mugak. Lehen, harritzen ginen japoniar turista taldeak eraikinei argazkiak egiten ikustean. Orain, denek egiten dugu hori. Beraz, arte hori oso debaluaturik dago balioei dagokienez, baina merkatuan gehiegizko balioa ematen zaio.

Maurizio Catellanek zintarekin itsatsitako banana bezala? Jendeak ulertzen du nola ordaindu dezaketen hainbeste horregatik?

Aparteko mundu bat da. Badu fetitxetik, eta badu prezio izugarria duen zerbait izateko gogotik. Ez gara arteaz ari, merkantziaz baizik, eta merkantziaren prezioa da norbait ordaintzeko prest dagoen hori. Horrelakoek arte garaikidetik aldentzen dituzte herritarrak, adarra jotzen ari zaizkiela uste baitute.

Ohiko objektu erraldoi bat kalean jartzea erakargarriagoa da?

Hala da: Claes Oldenburgek hori egiten du, eta bitxi gertatzen zaigu, irri eginarazten digu. Obra atsegina da: mundu guziak ulertzen du, ez baitago zer azaldu.

Arte garaikidea ulergaitza dela pentsa dezakete askok.

The Beatlesen kanta bat aditu dezakegu ingelesa jakin gabe, eta triste edo pozik sentitu. Letra ulertuta, esperientzia hobea da. Arteak zerbait eragin behar dizu, baina ez duzu zertan sakoneraino ulertu. Dena den, uste dut zailagoa dela Velazquez ulertzea orain Iruñean bizi den artista bat baino; izan ere, badakit artista horren lana zer testuingurutan egin den, baina ez dakit nola bizi zen Velazquez. Arte garaikidea, printzipioz, ulertzeko errazagoa da, gure gakoekin mintzo baita.

Artelanaren ikuskizunaz gainera, garrantzitsua da artisten itxura?

Aurretik prestatutako itxura dute, sortzen dutenari lotutakoa. Jeff Koons artearen finantzarioa da, eta broker itxura du. Murakamik estetika manga erabiltzen du, eta janzkeragatik japoniar kaleko tribu horietako batekoa dirudi. Banksyk artista iheslariaren rola jokatzen du. Berak ez du etxekotu nahi, bestela bizi nahi du, eta artista politikoa izan nahi du, eta bada, baina merkatuak irensten du. Pertsonaia horiek merkatuaren produktu dira. Dena dago neurtuta: agerraldiak, itxura eta obrak. Faktoria bat dute, Warholen ereduari jarraituz. Egilearen eskuak ez du garrantzirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.