ATZEKOZ AURRERA. Aitor Ahedo. Bidaiaria

«Asko ikasi dugu familian bidaiatuz»

Ahedok hainbat bidaia egin izan ditu familiarekin, eta, azkenekoz, Txinan eta Vietnamen izan dira. Egonaldi horren inguruan eta familian bidaiatzeaz hitz egingo du bihar Gasteizen.

Aitor Ahedo eta Patricia Martinez Malen alabarekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Aitor Ahedo (Gasteiz, 1975) eta Patricia Martinez duela bi urte joan ziren Txinara, alaba Malenekin. Alabak 7 urte zituen orduan, eta bi hilabete eta erdi eman zuten herrialde horretako txokoak ezagutzen. Ez zen izan familian egin zuten lehen bidaia; aurretik, besteak beste, Iranen, Malaysian eta Indonesian egon baitira umearekin. Bihar, azken bidaia horren nondik norakoak azalduko dituzte, eta familian bidaiatzearen inguruan hitz egingo dute Landatxo Gizarte Etxean, Gasteizen.

Txinan hasi zenuten bidaia, baina Vietnamen amaitu zenuten azkenean.

Bai. Hasierako plana zen bi hilabete eta erdi egotea Txinan, baina han geundela planak aldatu genituen, eta Vietnamera pasatzea pentsatu genuen. Txinaz deskantsatzeko beharra geneukan, oso herrialde gogorra baita bidaiatzeko. Vietnametik bueltatu ginenean, ni Indiako Himalaiara joan nintzen bost astez, eta Patri eta Malen, Thailandiara.

Zergatik diozu Txina herrialde gogorra dela?

Txina inguruko herrialdeetara jende asko joaten da, gaur egungo baliabideekin oso erraza baita haietara bidaiatzea, baina Txina ez da hain erraza. Zure hotelaren aurrean egon zaitezke, hogei metrotara, eta askotan ez duzu aurkitzen, inguruan beste mila gauza daudelako. Hizkuntza ere oztopo nagusietako bat da, jende gehienak ez baitaki ingelesez. Baina, hala ere, beti agertzen dira laguntzeko prest.

Nolakoa da komunikazioa tokikoekin bertakoekin, hizkuntza ezberdinak hitz eginda?

Esaterako, jatetxe batera joaten ginen, eta ez genuen ulertzen zer zegoen bazkaltzeko. Telefonoan beti argazki bat generaman, eta bertan txineraz jartzen zuen ez genuela janari minik nahi. Tokikoak bertakoak barrez lehertzen ziren! Beste batzuetan, jatetxean gainerakoek zer jaten zuten begiratu, eta gauza bera eskatzen genuen.

Nolakoa izan zen aldaketa Txinatik Vietnamera?

Vietnamera joan ginenean, hasieran, Sapan egon ginen, hango herritxo batean. Bi egunetan, Txinan hilabete osoan baino kanpoko jende gehiago ikusi genuen. Hori da Txinako beste bitxikeria bat: ez duzula kanpoko jenderik ikusten. Barnealdeko turismoa izugarria da. Turista gehienak txinatarrak dira, eta horrek ere badauka bere xarma.

Zer gustatu zitzaizuen gehien?

Gauza ikusgarri asko ikusi genituen. Hala ere, atentzioa eman zigun Lugu lakuak. Zhangjiajie parke nazionalean dago, eta laku horren inguruan bizi dira mosuoak, bertako emakumeak, matriarkatu bat osatzen dutenak. Oso gauza bitxia da gaur egun Txinan matriarkatu bat egotea. Egun batzuk pasatu genituen hango familia baten etxean, eta oso interesgarria izan zen.

Eta gutxien gustatu zaizuena?

Hango ohitura txarrak. Han, etengabe botatzen ditu jendeak karkaxak lurrera, eta, hemen, ez gaude ohituta. Autobus batzuetan, karkaxak botatzeko ontziak ere badauzkate. Gainera, jende asko dagoenez,kaleetan halako giro likatsu bat sumatzen da. Oso ikusnahiak dira, eta zure intimitatea pixka bat ere galtzen duzu.

Nola hasi zineten familian bidaiatzen?

Guk umea eduki aurretik ere asko bidaiatzen genuen, elkarrekin zein bakoitza bere aldetik. Malenek urtebete zeukanean egin genuen lehenengo bidaia, Thailandiara. Umearekin bidaiatzea nolakoa zen probatu nahi genuen, eta hilabete eman genuen han. Nahiko ondo atera zen, eta hor hasi zen guztia.

Orduz geroztik, beste hainbat bidaia ere egin dituzue.

Bai. Txinakoa hirugarren bidaia luzea izan zen. Aurretik, lau hilabetez egon ginen Indonesian, Zeelanda Berrian eta Malaysian; beste horrenbeste 2015ean, Iranen, Turkian, Japonian eta Filipinetan egon baikinen. Egia esan, nahiko erraza izan da guretzat, eta, batez ere, asko ikasi dugu Malenekin bidaiatzen. Hala ere, esango nuke Txina ez dela lekurik aproposena umeekin bidaiatzeko.

Zergatik ez?

Esaterako, alabak hango umeekin kontaktu bat lortzea zaila da, hizkuntza eta ohitura ezberdinak dituztelako, eta, bestalde, etengabe leku batetik bestera mugitu ginelako. Iranen egon ginenean, adibidez, umeentzako jokoak zeuden leku guztietan, eta asko gozatu zuen. Gezurra badirudi ere, Iran oso herrialde berezia da umeentzat. Kanpoko familiak aurkitzea ere errazagoa da beste herrialde batzuetan, eta umeek beraien artean ere errazago dituzte harremanak.

Nola uztartzen dira bidaiak, lana eta hezkuntza?

Nik baimenak eskatu izan ditut lanean, eta nire bikotekidea oporretan egon izan da batzuetan, eta beste batzuetan, langabezian. Umeari dagokionez, ikastolan ez digute trabarik jarri. Hala ere, egia da txikia zela, eta hemendik aurrera agian zailtasun gehiago izango ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.