ATZEKOZ AURRERA. Fede Merino. Kazetaria eta idazlea

«Handikeria anbizioa duenak asebete dezala kazetari hasi aurretik»

Kroniken kontrakronikekin, Merinok 'Lo que puedo contar' liburua ondu du, kontatu nahi bai baina premiek eta presek kamustu zizkiotenekin: 42 urteko eskarmentua, hainbat herrialde eta 'bacalao'-ren istorioa.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Eskarmentua zer den, eta ofizioa zer den. Munduaren bazterretatik aritzea zer den, eta Athleticen golak Herri Irratian bacalao gisa zergatik kantatzen diren. Fede Merinok (Barakaldo, Bizkaia, 1960) Lo que puedo contar [Konta dezakedana] liburuan bildu du 42 urteko jarduna.

Nostalgiko bat zara: Olivetti zahar bat jarri duzu liburuaren azalean.

Ez pentsa. Ez zait gustatzen nostalgikoa izatea, baina hori da guztiaren hasiera: burdinurtuzko 16 kilo dira. Horixe da nire hasierako idazteko makina hark pisatzen zuena. Duela 42 urtekoa. Eta gorria da, nik margotu nuelako gorriz. Izatez, grisa zen, kolore tristea zeukan.

Liburuaren izenburuari begiratuta, badirudi utzi duzula zerbait kontatu gabe ere?

Esango nuke justu kontrakoa dela: kontatu dudala bere garaian kontatzerik izan ez nuena. Zentzu positiboan. Kazetariaren jardun horretan askotan kontatu gabe gelditzen den hori da kontatu nahi nuena. Esango nizuke tintontzian gelditzen dena dela, baina gaur egun tintontziez hitz egiteak nire adinaren berri ere emango luke.

Askotan ez baitu kazetariak nahi adina denbora izaten.

Hori da. Denbora faltagatik, edo egokiera faltagatik, edo dena delakoagatik gelditzen dira gauzak kontatu gabe. Kazetariak bere lana egiten du, konexioa egin du, dena ondo joan da, baina, egun batzuetan, kontatu gabe utzi duzun hori izaten da gero zuretzat inportanteena.

Denboraren diktadura. Aurkezpenean esan zenuen: «Hemen gertatzen ari den guztiarekin, eta hiru minutu ditut bakarrik?».

Beti gertatu izan zaigu hori kazetarioi. Bidali dezakezu kazetari bat atletismo proba xumeenera, eta hari irudituko zaio munduko garrantzitsuena dela.

Seinale ona da hori.

Bizirik zaudela, pasioa duzula... sartu zarela albistearen eta egoeraren barru-barruan. Ez zarela bere lana egitera doan funtzionario bat. Konpromiso bat daukazula komunikazioarekin eta albiste horren barruan dauden pertsonekin.

Ofizio honetan, 42 urte egin dituzu. Eta hasi zinen...

Idatzi nahi nuelako. Idazlea izan nahi nuelako. Eta idazlea izatearen antzik handiena zuena kazetaria izatea zelako. Ez naiz idazlea izan, baina idatzi dut. Kazetaria izan naiz, eta orain, arrotz baten gisa sartu naiz idazleen munduan.

Ofizio honetan, 42 urte egin dituzu. Eta atera duzun ondorioa da...

Kazetaritzaren gauzarik onena dela aitzakia ematen dizula zu baino askoz ere interesgarriagoa den jendea ezagutu eta haiengandik ikasteko. Erraldoiak ezagutzeak umiltasuna ematen dizu. Zure tokian jartzen zaitu. Eta erraldoiak diodanean, badira erraldoi ezagunak, eta badira erraldoi ezezagunak.

Kasurako?

Liburuan agertzen dira horietako asko: Estela de Carlotto eta Adolfo Perez Esquivel Argentinan, Maria Galindo Bolivian, Rigoberta Menchu Guatemalan... Eta euskal herritarrak ere bai, adibidez, bi misiolari gipuzkoar: Pedro Arranbide eta Angel Olaran. Bi testigantza ikaragarri dira, Etiopian.

Zu, ordea, kirol kazetaritzatik zatoz. Zer egoeratan dago?

Iruditzen zait kirol kazetaritza ere sartu dela entretenimenduaren munduan, kazetaritzarenean baino gehiago. Egoerak probokatu, zu zeu albiste bihurtu, polemikak zerorrek sortu, zerorrek jarraitu...

Kazetariak ezin baitu izan protagonista...

Ez luke izan behar. Kontu txarra da hori. Handikeriarako anbizioa duenak utz dezala hori asebeteta kazetaritzan hasi aurretik, edo behintzat egin diezaiola uko behin kazetaritzan hasita. Ez dezala erabili kazetaritza horretarako. Gaur egun, jende askoren helburua da famatu egitea, eta kazetaritzan ere badago horretarako tentazioa.

Aipatzen duzu liburuan partidak zuzenean ematea dela irratian dagoen lanik zailena. Eta zu, hain justu, horretan hasi zinen.

Zailena da ondo egitea. Narratzaile lan egokia egitea, erritmoa ematea, zehatza izatea, motxila ongi dokumentatuta edukitzea, datuekin janztea, eta bizitza ematea bi orduko jardunari... Oso zaila da hori.

Eta Athleticen partidak ematea goia jotzea zen orduan?

Erabat. Nik sekulako zortea izan nuen. Ez dut uste berriro gertatukodenik horrelakorik. Ez Athleticek beste titulurik irabaziko ez duelako —1983an ni hasi nintzen urte berean irabazi zuen Liga—, baizik eta garai hartan telebistaz ez zirelako partidak ematen, ez zegoelako sakelakorik, ez zegoelako Internet... Garai hartan, Las Palmasen eta arratsaldeko 17:00etan zure taldearekin bat egiteko medio bakarra irratia zen. Inoizko baldintzarik onenak ziren irratiarentzat, eta ez dira berriz bueltatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.