ATZEKOZ AURRERA. Ines, Marga eta Gotzone Matxiarena. Eskulanen Etxekoak

«Badakigu inoiz ixtera kondenatuta gaudela»

Denda bat baino «zerbait gehiago» da Donostiako Eskulanen Etxea. Jostekoak saltzen dituzte, eta hurbiltasuna josi. Ixteko zorian izan dira, baina aurrera egitea erabaki dute. Asteartean irekiko dute berriz, berrituta.

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Enkargu batekin hasi da ahizpa bakarrarekin hitzartu eta hirurekin egindako elkarrizketa. Argazkilariarena da enkargua: «Amaginarrebak agindu dit esateko zuri, Ines, bukatu zuela bilobarentzat hemen elkarrekin hasi zenuten mantatxo hura». Baliagarria izan da mandatua Eskulanen Etxearen funtsa ulertzeko. Ez dela denda huts bat konturatzeko. Han josten direnez jabetzeko. Pintaketa eta txukunketa artean Matxiarena ahizpak: Ines (Donostia, 1966), Marga (Donostia, 1968) eta Gotzone (Donostia, 1977).

Zer zegoen hemen 1903an?

MARGA MATXIARENA: Denda txiki bat, eta brodatuen tailer bat. Pintura eskolak ere ematen zituzten.

INES MATXIARENA: Eta hori egiteko saltzen zituzten hariak, telak...

Eta zer dago orain?

MARGA: Antzeko zerbait. Pinturak izan ezik, beste gauza gehienak berdinak dira. Tailerrak emateari utzi egin diogu, pandemiarengatik.

INES: Denda izan da, batik bat. Hasiera hartan, jende gazteari brodatzen erakusten zioten.

MARGA: Garai haietan bai, baina galdetu digu ea orain.

GOTZONE MATXIARENA: Orain denda bat da. Lehen, tailerra zen gehiago. Orain denda nagusitu da.

Hona bidean badaude hainbat denda zuenak bezain zaharrak, eta denak daude itxita. Barkatu, baina kondenatuta zaudete.

MARGA: Eta badakigu [barrez].

INES: Pandemia garaian, itxialdi betean, hitz egin genuenaz akordatzen zarete?

GOTZONE: Ixtekotan egon ginen!

Txantxetan esan dut...

MARGA: Ez, ez, duela sei hilabete ixtea erabaki genuen.

INES: Konfinatuak geundela, Skype bidez egin genuen bilera batean, erabaki genuen ez zela ez bideragarria eta ez sanoa.

Eta zer gertatu zen?

MARGA: Egoera aldatzen joan da egunez egun. Duela urtebete zortzi langile geunden hemen, eta gaur lau eta erdi gaude. Ikusi dugu hori mantentzea posible izan daitekeela.

Ez da aurreneko krisia. Atzera begiratuta, ikusten da denda nola joan den egokitzen. Emakume borrokalarien familia da zuena?

GOTZONE: Kontua da ez dakigula beste ezer egiten, eta gustuko lana dugula hau.

MARGA: Eta saiatu behar dugula. Ezin gara saiatu gabe gelditu. Ez dela ateratzen? Ikusiko dugu zer egin. Online aritzea ondo dago, baina mundu horretan gu ezin gara lehiatu. Hori badakigu.

Zuen ezaugarria aurrez aurrekoa eta hurbila izatea delako?

MARGA: Horixe da uztartu behar duguna. Eskaintzen duguna, hain zuzen, online ez dagoen hori delako.

INES: Hurbileko tratua da gurea. Bezero asko adinekoak dira. Dendara etortzen dira norbaitekin egon nahi dutelako, hitz egin nahi dutelako.

MARGA: Bezeroen batez besteko adina altua da. Zer bilatzen dute?

INES: Kontaktua. Adibidez, joan den astean etorri zen emakume bat bere familiaren argazki albumarekin. Zerbait josi behar zuen, hiru edo lau aldiz etorri zen, laguntza behar zuen, eta eskerrak emateko bere modua izan zen argazki albuma erakustea. Trikoterapeutak gara.

Emakumeek eramandako denda izan da eta da hau. Jostea ere bai?

MARGA-INES-GOTZONE: Oraindik bai. Ia erabat emakumezkoena.

Denok dauzkagu amona edo izeba baten artilezko galtzerdiak tiraderan. Orain, ordea, badago Do it yourself [Egin zeure kabuz] mugimendu bat. Hor ere egon daiteke zuen merkatua?

MARGA: Izan liteke, bai. Baina hori gehiago da moda kontua. Puntuan, zeramikan, marrazkian, sukaldaritzan... Bat hasten da puntuarekin, uzten du, eta segitzen du sukaldaritzarekin...

GOTZONE: Eta garai batean emakumezko guzti-guztiek josten zuten, puntua egiten zuten, kateorratza egiten zuten... Etxe guztietan zegoen amona bat, izeba bat, ama bat egin eta irakasten zuena. Gaur egun badaude belaunaldi asko josten ez dakitenak, inoiz orratzik esku artean hartu ez dutenak.

Terapeutikoa da jostea?

MARGA: Hala diote [barrez].

Konfinamenduetarako ezin aproposagoa, beraz?

INES: Botoi bat sakatzea eta etxera ekartzea askoz errazagoa da, ordea.

MARGA: Guk bezero asko dauzkagu probintzian bertan. Askok deitu digute hariak-eta bidaltzeko eskatuz. Horrek ere lagundu digu.

Denda honetan, izan ere, gauza asko josten dira. Harremanak, euskara, elkartasuna...

GOTZONE: Euskararena modu naturalean egin dugu. Gure hizkuntza da, eta bezeroekin hala saiatu izan gara beti. Lehen hitza euskaraz beti.

Zaporeak elkartearekin ere egin zenuten proiektu bat?

INES: Hemen tailerrak egiten zirenean, Zaporeak-ekin lan egiten zuen neska bat etortzen zen, eta proposatu zigun tailerrean ari ginen guztiok gauzak jostea Kiosera bidaltzeko. Kaxa handi bat osatu genuen. Oso polita izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.