ATZEKOZ AURRERA. Toni Gutierrez. Aireko akrobata

«Abstraitu, atera eta bidaiatu nahi genuen»

Gutierrezek ontzi batean egindako bidaia islatzen du 'VoloV' obran. Sormen prozesuez, irakasteaz eta konfiantzaz mintzo da, besteak beste: «Oso ziur egon behar duzu, eta beldurra kudeatzen ikasi».

BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Zirkuarekin gozatzeaz, hegan egiteaz, beldurraz eta konfiantzaz mintzo da, besteak beste, Toni Gutierrez aireko akrobata (Santa Maria de Palautordera, Herrialde Katalanak, 1983). Lurraldez lurralde ibili da zirkuan, eta soka eta trapezioa dira haren elementuak. Colálectiu TQM kolektiboko kideekin batera, ontzi batean egindako bidaia islatzen du VoloV obran. Pandemiako itxialdian hasi ziren sortzen, eta bi musikarik eta lau aireko akrobatak osatu dute obra. Gaur, 20:00etan, emanaldia egingo dute Harresien Jaialdian, Iruñeko Ziudadelan.

VoloV asmatutako hitz bat da?

Kolektiboaren barruan egindako ideia jasatik sortu zen. Hibridazio bat da; katalanez vol hitzak hegaldia esan nahi du, eta nahi izan. Horrez gain, ingelesezko love hitzarekin jolasten dugu: maitasuna esan nahi du. Hortaz, hegan egin nahi izatearen eta maitatzearen arteko triangelu bat dela esan dezakegu.

Talde gisa sortu duzuen lehenengo obra da. Lan egiterako orduan, zer da garrantzitsuena?

Entzutea eta errespetatzea. Denon artean eta zuzendaririk gabe sortu dugu, eta nahiz eta oso idilikoa iruditu, aldi berean, oso konplexua da. Emaitza ez dakit hobea edo okerragoa den, baina alde ona da denok ahotsa daukagula. Taldekideen artean asko hitz egin, eztabaidatu eta entzun behar da. Horrez gain, ideia guztiak kontrastatu behar dira.

Zergatik irudikatzen duzue ontzi batean egindako bidaia?

Kasualitatez izan da, baina, aldi berean, uste dut esanahiz josita dagoela. Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, abstraitu, atera eta bidaiatu nahi genuen. Ontzi bat hartu eta urrun joan nahi genuen, zerura. Gainera, soka asko erabiltzen ditugu, eta iruditu zitzaigun elementu hori oso baliagarria zela ontziaren forma egiteko. Hala ere, hori gero etorri zen.

Gidoirik gabe sortu duzue. Nolakoa izan da prozesua?

Jolasen bidez sortu genuen; dantzarekin, mugimenduarekin, antzerkiarekin, gorputzarekin jolastuz. Horren bitartez, loturarik gabeko paisaiak sortu genituen. Ondoren, paisaien artean zementua jarriz joan ginen. Baina itsasontziarena oso kasuala izan zen.

Soinuek ere lotura dute itsasoarekin?

Aldi berean sortzen genuen musikariek eta guk. Guk zer egiten genuen behatzen zuten, eta haiek, horren arabera, eszenak musikatzen zituzten. Besteak beste, itsasoa eta bidaia kontzeptuak hartu zituzten oinarri. Oso musikari plastikoak dira, eta instrumentu askorekin jolasten dute; hala nola tramankuluak, hodiak eta harriak erabiltzen dituzte.

Obran, soka eta trapezioa erabiltzen dituzue. Orokorrean, oihalek dute oihartzun handiena?

Bai. Ez dakit zergatik den, baina bai. Aspaldi, modan jarri ziren, eta, agian, jendearen imajinarioan gelditu dira. Diziplina desberdinak dira, baina gauza asko dituzte komunean. Gainera, artistak elementuari ematen dion erabilerak asko baldintzatzen du; dinamikoagoa, figura eta irudi gehiagorekin...

Duo bat dago obran. Zer da garrantzitsuena eramailearen eta arinaren artean lan egiteko?

Konfiantza. Denborarekin, oso harreman estua eta berezia sortzen da. Azala azalaren kontra aritzen gara,eta presio handiarekin lan egiten dugu; hiltzeko beldurrak eragindako presioarekin. Horri esker, oso harreman estuak sortzen dira. Nik zaindu egiten dut, batez ere; hartu, gauzatu, baina, batez ere, zaindu, inoiz ez erortzeko. Berak kontrakoa egiten du: bota eta nigan konfiantza osoa jarri.

Zirkuan hasi zinenean eramailea oharkabean pasatzen zela iruditzen zitzaizun. Iritzia aldatu duzu?

Ez hainbeste. Azkenean ulertu nuen bata bestearen menpeko garela, eta eramailerik gabe ez dagoela duorik. Hori aldatuz joan naiz; bestela, pentsatuko banu garrantzi edo ikusgaitasun txikiagoa dudala, ez nuke gustura lan egingo. Bistakoa da begirada arinak airean egiten duen marrazkira joaten dela eta ez eramailearen besoek egiten dituzten mugimenduetara.

VoloV obran airean zaudete etengabe. Hegan egiteko zer da garrantzitsuagoa, pentsatzea edo jardutea?

Oso ziur egon behar duzu, eta beldurra kudeatzen ikasi. Oso altu gaudelako, beldurra ematen duelako, bizitza jokatzen dugulako, batzuetan egiturak mugitzen direlako... Beraz, oso garrantzitsua da erabakiak oso azkar hartzea ere. Horrez gain, disfrutatzeko gai izan behar dugu, hegaldia atsegina izateko. Diziplina hauek nahikoa min fisiko eragiten dute.

Irakatsi ere egiten duzu. Alde handia dago?

Oso desberdina da. Irakasleak ikasle bakoitzaren kezkak eta beharrak entzun behar ditu, zerk motibatzen eta frustratzen duen jakin. Zirkuak frustrazio handia sor dezake; atsegin dut prozesu horretan laguntzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.