Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Erika Lagoma. Bertsolaria

«Lehenik, Nafarroa irabazi behar dugu»

Lagoma Nafarroako emakume bertsolarien taldean dago: disko bat argitaratu dute, eta saioak antolatzen ari dira. Plazan emakume eta nafar bertsolarien ehunekoa handitzeko beharraz ohartarazi du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko abuztuak 19

Nafarroako emakume bertsolariek saretzeko eta plaza hartzeko ekimenari heldu diote. Gure aldetara diskoa izan zen lehenik, eta izen bereko bertso saioak antolatzen ari dira orain. Bihar, Iruñean ariko dira Sarai Robles, Idoia Granizo, Amaia Lasheras eta Erika Lagoma, Ezpeleta jauregian. Proiektuaz mintzatu da Lagoma (Lesaka, Nafarroa, 1981).

 

Zerk bultzatu zaituzte Nafarroako emakume bertsolariak batzera?

Hasteko, gutxi gara, eta ezjakintasuna dugu elkarrekiko, ez dugulako bilgunerik izan. Gainera, oso belaunaldi ezberdinetakoak gara. Erreferentziak izatea ezinbestekoa da, elkarlan bat eta elkar babeste bat.

Duela bi urte abiatu zen proiektu hau, Lesakan egindako topaketetan. Zein izan dira ondorioak?

Euskal Herriko plazetan %20 gara, eta espazioaren %20 hartzen dugu. Nafarroako errealitatea kontuan hartuta, are gutxiago. Ikusi genuen bide bat egin behar genuela, nafar gisa eta emakume gisa. Elkar hartuta beti errazagoa da bidea egitea, gauzak konpartitzea, eta proiektu berriak sortzea. Elkartean talde feminista bat sortu eta tiraka ibili dira Irati Majuelo, Joana Ziganda eta Alazne Untxalo. Haiek proposatu zuten diskoarena.

Taldean diskoa ateratzea indar erakustaldi bat izan da?

Niretzako da ausartzea eta egitea. Berdin du disko forman edo beste modu batean, inportanteena da egitea, eta egiten ausartzea.

Luzia Goñiri hartu diozue izenburua: Gure aldetara. Zer garrantzi izan zuen Goñik?

Argi dugu ez garela lehenengoak. Luzia, nahiz eta batez ere bertso idatziak egin eta ez parte hartu gaur egun ezagutzen dugun plazan, katebegi bat gehiago da gu hona iritsi ahal izateko. Gure aldetara kantu feminista bat da: nire aldetara ibiltzen naiz, eta berdin zait besteek zer dioten. Guri ere gogoa sortu zaigu, eta egingo dugu gure modura.

Beteranoenetako bat zara. Hasi zinenean halako talderik izanen zela pentsatuko zenuke?

Gerora konturatu naiz emakume gisa oso bakarrik egon naizela. Niretzat talde hau sortzea oso inportantea da, kezkak bide bertsua dutenekin partekatzeko. Txapelketetan 22 urterekin hasi nintzen, eta ordurako ez ziren bertsotan Estitxu Fernandez eta Amaia Telletxea, esanen nuke uztekotan zirela Ekintza Landa eta Nerea Bruño, eta nirekin hasitakoek ere utzi zuten: Alaitz Errekondo, Ekhine Etxepeteleku... Estitxu Arozenarekin final bakarrean kantatu dut.

Zurekin batera igoko diren bertsolariak nahiko gazteak dira. Badago etorkizunik, beraz?

Ongi dago agertzea, baina garrantzitsua da irautea. Horretarako, ezinbestekoa da plazan kantatzea, eta hori ez da erraza. Bertso saioen agenda hartzen baduzu, bertsolari nafarren ehunekoa txikia da.

Plazarik ez badago, zer?

Bide hori ez badator, guk ireki behar dugu, horregatik antolatu ditugu saioak. Gazte hauek behar dutena da lan egin eta plazak eduki, bestela oso zaila da. Autogestioa oso inportantea da kasu honetan.

Interesgarria litzateke saio hauek Nafarroatik kanpo ere egitea?

Lehenik, Nafarroa irabazi behar dugu. Antolatzaile askok ez dakite zer bertsolari nafar dauden. Prestigioa eman behar diogu. Oraindik asko gabiltza beste herrialdeetara begira, batez ere Gipuzkoara. Bada bertsolari sorta bat Nafarroan edozein plazan kalitatez egin dezakeena, baina oso plaza gutxi dituena.

Nafarroako azken txapelketako finalean ez zen emakumerik.

Ez da kasualitatea. Orain sei emakume gara 24tik. Zer aukera daude finalera heltzeko? Baina maila ona da. Dena ez dago norberaren esku. Saioa, Alazne, Sarai, Ekhine... lan bat egiten ari dira, eta espero dut emaitzak etortzea, baina badakigu txapelketa zer den.

Zergatik bueltatu zara oholtzara?

Neure buruarekin egindako tratu batengatik. 2013an aldendu nintzen, gainezka nengoelako. Konturatu nintzen plazan nengoenean sufritu egiten nuela, baina ez nengoenean ere bai. Neure buruari erran nion 40 urte betetzean berriz emango nuela izena txapelketan.

Badirudi adin batetik aurrera emakumeek errazago uzten dutela.

Gehiago hitz egin beharko genuke honi buruz. Gizartea sistemikoki egituratua den moduan ondorio batzuk daude; gustatuko litzaidake hitz egitea nire adinaren bueltan daudenekin eta jarraitu dutenekin. Zerk bultzatzen gaitu hor egotera?

Zerk bultzatu zaitu zu?

Ez daukat argi. Bertsoa hain esposizio handia da; ondo doanean gora eramaten zaitu, baina ondo ez doanean sufrimendua da. Hori kudeatzen jakin behar da. Argi dudana da plaza hartu behar dugula %20 horretatik pasatu nahi badugu.

Zer asmo duzu aurrerantzean?

Neure buruari denbora eman behar diot nahi dudan lekura iristeko. Gustatuko litzaidake plazan nire lekua topatzea eta modu osasuntsu batean egin ahal izatea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Medikuak amari esan zion naturaren fenomeno bat nintzela»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Legorreta jaioterrian talidomidak kalte egindakoen aldeko lasterketa egin dute berriki, eta Garmendia «oso harro» dago herrikideez. Borrokalari petoa da, eta artista. 'White Lines' telesailean aritu da, aktore.
1 ©BOB EDME / EZEZAGUNA

Biluztasunaren atzetik

Amaia Igartua Aristondo

Uztailetik, zigortuta dago Hendaiako hondartzan nudismoa egitea: Ipar Euskal Herrian, baimendutako guneetan soilik egon daiteke biluzik. Hegoaldean, berriz, edonon, tokiko udalek ez badute nudismoa debekatzeko araurik onartzen.
Olivia Colman eta Josh O'Connor <em>The Crown</em>-eko protagonistak, telesaileko eszena batean. ©BERRIA

'The Crown'-ek lortu du garaikur gehien Emmy sarietan

Olatz Esteban Ezkati

Zazpi sari eskuratu ditu. Komedian, 'Ted Lasso' gailendu da, eta telesail laburrik onena 'The Queen's Gambit' izan da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna