ATZEKOZ AURRERA. Patxi Gaztañaga. Aktorea

«Inoiz baino biziago dago antzerkia»

Antzerkiari eskainitako bizitza da Gaztañagarena. 50 urteko eskarmentua du oholtzan. Berak idatzi eta zuzendutako 'El último mitin' lanarekin ari da orain: «Esango nuke titiritero bat naizela».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ilusioak eta bizipozak ez dute adinik. Bada horren froga bat: Patxi Gaztañaga (Bilbo, 1950). Txantxa artean dio kolore grisa ez dela Bilboko eguraldiarena, Bilbon aspaldi asmatu zutela grisa, txikitan euren mukiek izaten zuten kolorea zela grisa: «Bilobek ez didate sinesten». Donostiako La Farandula mikroantzokian ariko da bihar, etzi eta etzidamu, Amets Bete konpainiarekin, eta El último mitin lanarekin.

Berandu hasitako aktorea zara.

Ez da horrela; alderantziz, oso garaiz hasitakoa naiz. 14-15 urterekin Bilboko talde batean hasi nintzen, Jon Amurizaren zuzendaritzapean. 1969an, berriz, ingeniaritza ikasten hasi nintzen Bilbon, eta hango taldean eman nuen izena. Bertolt Brechten lanak, Ballesterosen Farsas contemporaneas... 1971n kalera bidali gintuzten handik, iraultzaileak izateagatik: kale gorrira. Erabaki genuen talde independente bat sortzea, eta Cobaya taldea sortu genuen 1972an.

Ez zenuen han jarraitu?

1984an utzi nuen. Ezin nuen lanean eta antzerkian jarraitu. Ingeniari lanetan ari nintzen ordurako BMA izeneko Castro Urdialesko enpresa batean, zuzendari komertzial gisa, lixak saltzen. Lehen umea ere orduan jaio zen, eta ezin nuen jarraitu. Trasteak zintzilikatu nituen.

Baina antzerkiaren harra...

Beti barruan. 2010ean lortu nuen erretiroa hartzea, enpresarekin akordioa egin ostean. Hurrengo urtean jada Bilbao Eszenan izena emanda nengoen ikastaro batean; berriro lotu nintzaion antzerkiari, eta han ezagututako zenbait kiderekin sortu genuen Con La Que Está Cayendo antzerki taldea. Han jarraitzen dut, baina beste zenbait kiderekin Amets Bete konpainia ere sortu genuen, eta, horretan, zuzendari eta aktore lanetan nabil.

Ez zarete asko gelditzen zuen arrazakoak.

Esango nuke titiritero bat naizela. Aktore hitzak mami handiegia du. Titiritero hitzak hobeto definitzen nau. Jende gutxik irakatsi dit; kalean ikasi dut ikasi dudana.

Baina antzerkia bizirik dago?

Honetan daramatzadan 50 urteetan entzun izan dut galdera hori eta izan dut elkarrizketa hau, eta hori bada bizirik dagoen seinale. Inoiz baino biziago dagoela esango nuke, gainera. Eskola gehiago daude, aukera gehiago daude, eta jendeak askoz ere formazio hobea dauka. Beste kontu bat da horretatik bizi nahi duenak zer-nolako aukerak dituen. Kulturarekin zerikusia duen lanbide batean asko kostatzen da hilabete amaierara iristea.

Zu pentsioduna eta aktorea zara.

Eta nire pentsioari esker bizi naiz, 40 urtez egin nuelako lan lixa fabrika hartan. Emazteari askotan esaten diot nik honekin lortu nahi dudana berdintzea dela, ez dut gehiago eskatzen; ez dut ezer irabazten, eta irabazten dudan apurra hurrengo antzezlanerako izaten da.

Nondik nora sortu zenuen On Ricardo alkatearen pertsonaia?

Idaztea gustuko izan dut beti, eta pertsonaia horri buruzkoak Valentzian sortu ziren, bidaia batean. Izan ere, kontatuko banizu... 2012a zen. Bururatu zitzaigun Tarifatik Atenaserako GR bidea egitea oinez. 6.000 kilometro dira. Azken bi urteetan geldirik egon gara pandemiarengatik, baina zazpi urtean 3.000 kilometro geneuzkan eginda, eta Grenoble parean goaz.

Eta Valentziatik pasatu zineten.

Herriz herri joaten gara. 25 kilometro inguruko etapak izaten dira, eta etaparen erdian, moztuta topatu genuen ibilbidea. Altzairuzko hesi handi bat zegoen jarrita. Lortu genuen handik edo hemendik gainditzea, baina asko haserretu nintzen, eta halaxe jakinarazi nien herri hartakoei iritsi ginenean. Eta azaldu zidatenak zur eta lur utzi ninduen: herria 700 metrora dago, baina ekiloreak landatzea otu zitzaien hesitutako zona hartan. Zergatik? Europako diru laguntza batzuk zituztelako horretarako. Sekula landatu gabekoak ziren, baina alkatea eta beste pozarren zeuden laguntza jasoko zutelako eta, gainera, ez zutelako zertan ekiloreak bildu beharrik ere. Halako efektu bat eragin zidan hark... eta, lehendik Castro Urdialesi buruz nekizkienak gehituta, erabaki nuen klase politikoari buruzko obra bat idaztea.

Politikariekin ez ezik, Edith Piafekin ere ausartu zara?

Beste lan bat da, bai. La Môme du izena. Eta, antzeztu dudanetik, ohartu naiz ezagutzen ez dugun artista bat dela. Bizimodu nahasia izan zuen, baina nortasun menderakaitza zeukan, emakume iraultzaile batena. Oso gustuko nuen nortasun hori, eta, egia esanda, arantza bat ateratzeko gogoa ere baneukan.

Zein?

Ez nuen hil nahi eszenatokian abestu gabe. Gazte nintzela, Bertolt Brechten obra hartan, zuzendariak ez zidan kantatzen utzi azkenean. Denok dauzkagu gure traumak, eta hori zen nirea. La vie en rose eta Non, je ne regrette rien abesten ditut. Bakarrizketa bat da, eta emakume izugarri horren bizitza kontatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.