ATZEKOZ AURRERA. Birjiñe Albira. Aktorea eta antzerki irakaslea

«Sudur gorririk gabe, besteen mailan nago»

Hitza eta gorputza ditu adierazpide oholtza gainera igotzen denean. Umorearen bidez ikuslea astintzeko beharra defendatu du Albirak, istorio sinple eta zuzenak eskatzen dizkioten garai honetan.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Aktorea, ipuin kontalaria eta clowna da Birjiñe Albira (Iruñea, 1971), eta antzerki eskolak ere ematen ditu. Ke garaiak clown ikuskizuna aurkeztuko du bihar, Iruñean, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Izan ere, Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdia abiatu zen igandean.

Zer aurkeztuko duzu emakume pailazoen jaialdian?

Nik ere ez dakit. Gidoi bat badut, baina konturatu naiz inprobisaziotik ateratzea kosta egiten zaidala. Beraz, inprobisazioa izanen da. Aurrestreinaldia taberna batean egin nuen, baina antzerki eskolan beste gauza bat izanen da.

Clownaren bidez eguneroko kontuak azalduko dituzu?

Lanarekin lotuta dauden gauzez hitz egiteko aukera bat da. Lan bulego batean gertatzen da, eta ez dago inor lanean, telelanean ari direlako denak.

Umorean zergatik dira hain erakargarriak eguneroko kontuak?

Eguneroko kontu horiek ez baditut umorez kontatzen, neure buruaz beste eginen nuke. Serioak dira, baina distantzia ere jarri behar da. Umorearen bidez, askotan, esaten duzuna hor gelditzen da. Barrez joaten zara, eta etxera ailegatzean pentsatzen duzu: «Kontxo, egia da». Jendea astintzen duzu.

Zer berezitasun du horrek, clownaren bidez eginda?

Clowna erabat inozentea da; orduan, edozer gauza esaten ahal duzu, eta inork ez du deus esanen.

Inozentea dirudi, baina ez da?

Clowna inozentea da, baina gertatzen diren gauzak ez. Inozentzia erabili daiteke, baina kontatzen dena oso gogorra izan daiteke.

Aktoreek ere kea saltzen duzue?

Bai, noski. Nik neuk kea salduko dut bihar. Askotan koloretako kea saltzen dugu, eta beste batzuetan nahiko iluna da. Baina kea da, azken finean. Gero bakoitzaren esku dago ke hori sendo bilakatzea.

Zaila da topikoetan erori gabe umorea egitea?

Clown egitean, zu zara, zure bizitzarekin, zure buruarekin eta zure denarekin. Umorea zugandik sortzen duzunez, topikoz betea bazaude, topikoz beteko duzu zure umorea. Baina hausnarketa egin behar duzu: zer ari zaren egiten, nola, eta zein den bidaltzen duzun mezua.

Ipuin kontalaria ere bazara. Badu loturarik clownarekin?

Ipuinak kontatzean, ni naiz; ez dut beste pertsonaia bat egiten. Clown egitean ere hor zaude, beste modu batean bada ere. Baina baduzu maskara bat, gauza asko egiteko baimena ematen dizuna.

Sudur gorria babes bat da?

Bai, erabatekoa. Ni lotsatia naiz; oholtzara igotzean babestuta egon behar dut: antzerkia egitean, pertsonaia batekin; kasu honetan, sudurrarekin. Gaztelu batean egotea bezala da; goitik begiratzen duzu, eta behean daudenei nahi duzuna egiten ahal diezu, ez direlako zuregana ailegatuko. Sudur gorria kentzen badut, besteen mailan nago.

Pailazoak eta ipuinak haurrekin lotzen dira?

Oso zaila da helduak ipuin saio batera joatea. Clowna haurrekin lotuta dagoela dirudi, baina ez ipuinak bezainbeste. Garai batean helduentzako ipuin saioak egiten ziren, gaztetxeetan eta tabernetan. Kultur etxeetan ere hasi ziren. Gero ez zegoen dirurik, eta kendu egin zituzten. Haurrenak geratu ziren.

Bideo motzen garaian, erraza da ikusleen arretari eustea?

Geroz eta zailagoa; haurrekin bereziki. Ipuinak kontatzean, zerbait ateratzeko eskatzen dizute. Istorio zuzenak eta sinpleak nahi dituzte. Orain 10 urtekoei kontatzen diedana lehen gazteagoek ulertzen zuten. Gainera, dena ongi esan behar da; heriotza haurrentzat ez da existitzen. Sobera zainduak daude, baita helduak ere. Batzuetan, beharrezkoa da politikoki zuzenak ez izatea; antzerkiak, clownak edo ipuinek astindu egin behar gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.