Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Dorleta Kortazar. Ipuin kontalaria

«Nire amamei buruz hitz egiten dut, baina nork bereak ikusten ditu»

Isildutako istorioei ahotsa emateko, '80 amandre' ipuin kontaketa sortua du Kortazarrek, eta Gasteizen aurkeztuko du bihar. Haren ustez, gorputza, hitzak eta entzuleak dira horretarako bidelagunak.

ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko azaroak 10

Ipuin kontalaria da Dorleta Kortazar (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1974), eta 80 amandre ipuin kontaketa aurkeztuko du bihar, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, helduentzat, 19:00etan. Haren arabera, belaunaldien arteko harremanak beti daude presente bere istorioetan, eta horregatik amamenak ekarri nahi izan ditu gogora; baina uste du entzuleetako bakoitzak bere istorio propioa sor dezakeela norbere bizipenetatik abiatuta.

 

80 amandre behar al dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko?

Jorge Oteizaren esamoldeetako bat da hori, eta hortik hartuta dago obraren izenburua ere. Haren hitzetan, kobazuloetan bizi ziren andreetatik gaur egungoetara 80 amandrek osatutako kate bat dago, eta lehengo eta oraingo andreak horiekin lotuta gaude soka batekin.

Zergatik hautatu zenuen izenburutzat?

Banuen aspalditik buruan nire amamen inguruko ipuin kontakizun bat egitea. Are, nire ipuinetan beti oso presente egon diren gaietako bat izan da belaunaldien arteko harreman hori, eta baita amamek ilobekin duten harremana ere.

Beraz, haien istorioak dira?

Neurri batean, isiltzen diren istorio horiei ahotsa ematea da niretzat ipuinak kontatzea. Bi kezka nituen, ordea: batetik, nola kontatu nire amamen istorioak, eta, bestetik, zein ipuinekin. Halere, azkenean lantzen hasi eta bat egin zuten puzzleko pieza guztiek.

Zehazki, lau ipuinetan.

Lau ipuinez osatuta dago ikuskizuna, bai, eta ordubeteko iraupena du; protagonistak ere lau emakume dira. Nire amamen istorioak direla esaten dut, baina, azkenean, arketipoekin jokatzen dugu; hau da, nire amamei buruz kontatzen dut, baina nork bere amamak ikusten ditu. Beraz, amama guztiei buruz hitz egiten dut.

Zure amamen bizipenetan oinarritu al zara?

Gure zaharren istorioak entzutean, batetik, gogora etortzen zaizkigu haiek kontatzen zizkiguten ipuin tradizionalak, baina, bestetik, haien bizitzei buruz soilik anekdota batzuk dakizkigu; zaila da istorio bat hasi eta buka egitea.

Eta nola ematen zaie istorio horiei ipuin forma?

Ipuin tradizionalen egituretara jo ohi dugu halakoetan. Hasierak, adibidez, elementu batzuk izan behar ditu, eta baita garapenak eta bukaerak ere; era horretan, ipuin bat eraiki daiteke. Elementu horietako batzuk aurrez baditugu, baina badira hutsik dauden uneak ere, eta, beraz, horrelakoetan memoriara eta imajinaziora jotzen dugu. Are, ipuinak kontatzean imajinario komun bat ere bada.

Imajinario komuna?

Esaterako, nire amamaren baserriari buruz hitz egitean, ez daukat azalpenik eman beharrik, entzuleak bere iruditeria propioa egiten duelako. Azken batean, nik hitzak jartzen ditut, eta irudi bihurtzen ditut, baina berba horiek entzuten ari diren entzuleetako bakoitzak bere istorioa egingo du. Hau da, istorio propioa eraikiko du bere esperientzietan, barruan gordetako irudietan, sentipenetan eta bizipenetan oinarrituta.

Eta hori guztia sortzeko, berbak dituzu bidelagun.

Bai, azken batean hori baikara, hori dena eta ez besterik, gure gorputza eszenatoki batean eta hitza; horrekin sortzen dugu dena, istorio bat, giro bat, atmosfera bat, entzuleekin konplizitate bat, dena hitzekin eta isiltasunarekin. Nik horrela egiten dut lan, biluztasun horretan sinesten baitut. Oholtza bat, entzulea, ni, eta hitzen bitartez sortzen den gainontzeko guztia.

Konexioa sortzen al da entzulearekin?

Nik oholtzan ipuinak kontatzean sentitzen dudan konexioa gutxitan gertatzen da gainerako esparruetan, eta magikoa da. Ipuin kontalariok esaten dugu entzulearekin hitzarmen moduko bat egiten dugula. Entzulea bidaia moduko bat egitera gonbidatzen dugu, eta hitzen eta istorioen bitartez eskatzen diot nirekin fidatzeko. Era berean, entzule horrek ere egiten du nolabaiteko konfiantza ariketa bat gurekin, kontatzera goazen hori entzuteko prest datorrelako; prestutasuna eta eskuzabaltasuna du.

Sentsazio horri eusteko ba al daukazu proiekturik esku artean?

Orain arte, batik bat haurrentzako ipuin saioak egiten aritu naiz, zoritxarrez oraindik helduentzako oso saio gutxi programatzen direlako. Entzule heldua ohitu egin behar da horretara, hezi egin behar da, eta niretzat oso eskaintza interesgarria eta aberasgarria da. Horretara bideratu nahi dut nire ibilbidea, eskaintza indartuta eta nire energiak hor jarrita. Sorkuntza prozesuan nago beti, gelditu gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»

Unai Etxenausia

'Geu, afrikarrok' aurkeztu du Arrosagaraik, zenbait gazteren istorioak biltzen dituen erakusketa bat, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Madrilgo komentu batean

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako Gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara, 1960ko hamarkadan. Han lana eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. 'Marta plana' deitu zioten, eta 'El avión de las novias' dokumentalean jaso dute.

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.

 ©OIER ARANZABAL

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Urtzi Urkizu

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.