ATZEKOZ AURRERA. Abel Ariznabarreta. Euskal Folklore Urtekariaren zuzendaria
«Ehun urte denbora asko da aldizkari zientifiko batentzat»
Ehun urte... Erraz esaten da, baina bete ere bai?
1921ean argitaratu zen lehen urtekaria, eta, 36ko gerrara arte hamalau zenbaki atera arren, ibilbide gorabeheratsua izan du. Eten bat egon zen guda horrengatik, Jose Migel bera ere erbesteratua izan zen, eta ezin izan zuen proiektu honekin jarraitu. 1955ean berriro hasi ziren argitaratzen, baina ez da urtero argitaratu, nahiz eta azkenaldian erritmoa hartu eta bost urteotan zenbaki bat publikatu dugun urtero. Baina ehun urte guk ere ez ditugu betetzen askotan, eta aldizkari zientifiko batentzat denbora asko da. Euskal Herrian argitaratzen den zientzia aldizkaririk zaharrena da, eta, hori gogoan izanda, ezinbestean dedikatu behar genion zenbaki hau ehungarren urteurrenari.
Baita egin ere. Zer jaso duzue?
Batik bat saiatu gara etnografiaren eta antropologiaren arloan Euskal Herrian gaur egun dagoenaren argazki bat egiten, nahiz eta ezinezkoa izan zenbaki batean egitea. Zenbait euskal lurraldetan aritu gara horretarako, eta baita Euskal Herritik kanpo ere, diasporan. Urtekariak izandako ibilbideaz jardun dugu argitalpenean, eta parte hartu dute Jose Migelek sortutako eskola etnografikotik edan duten zenbait norbanakok, taldek eta bidelagunek ere, hala nola Labayru Fundazioak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Baina beti geratzen da zerbait kanpoan, mapa osoa osatu nahi bada, bederen.
Beraz, erreferentzia esanguratsuak ematen dira?
Bai, eta polita da. Askok ezagutzen ditugu gauza handiak, han eta hemen egindakoak, inbertsioak, baina badirudi etnografiako gaiak ez daudela horren modan, badirudi horretan ari direnen zerbait direla soilik, bazter samarrekoak. Gizarte zientzietan ere etnografia ez da izan lehen mailako zientzia bat, eta zientzia hitza bera ere sarritan zalantzan jartzen zaio. Baina Barandiaranek garrantzia eman zion.
Nola?
Folklore hitzak egun badu konnotazio oso marjinal bat, baina, harentzat, herri ekintza bat zen. Bat-bateko adierazpenen azterketaz eginiko herri ekintzari egiten zion erreferentzia, baina baita elementu materialei ere. Saiatu zen beti etnografia eta arkeologia gogoan izaten.
Elementu immaterialak eta materialak?
Hori da. Elementu immaterialak, etnografikoak, biltzearen garrantzia dago batetik, nahiz eta hemen ere jasotzen diren materialak; arkeologia dago bestetik, gizakiaren edo gizataldeen eta kulturen eboluzioa ezagutzea ebidentzia materialen bitartez, alegia. Hark bi arlo horiek zituen buruan: herria ezagutu, baina bi alderdiak lotuta. Interesgarria da ideia hori transmititzea, zer dakarren identifikatzea, eta, hortik tiraka, gazteenei aletxo bat eskaintzea eta ikerketa berriak egitea.
Garaira ere ekarri behar al da ikerkuntza?
Hark zioen bakoitzak bere esparrutik hasi behar duela, oso zaila delako bizi ez dugun hori ulertzea. Inkesta etnografikorako gida bat atera zuen, eta hori aplikatzeko azpimarratzen du zer-nolako garrantzia duen informatzailearenganako konfiantzak, elkar ezagutzeak eta, noski, euskaraz egiteak. Gainera, informazioa jaso bezala islatu behar zela zioen; alegia, lehenbizi lan etnografikoa, eta, gerora, etnologia eta antropologia; interpretazioa. Hori zioen, baina egun beste garai batzuk dira.
Egokitzekoak, agian?
Ikerketa esparru berbera izanda ere, eta herria kontzeptu zabal moduan ulertuta, bada garaia ikuspegi berriak txertatzeko eta garaira egokitzeko; esaterako, generoaren alorra gogoan izateko. Batzuek diote pixka bat ahuldu egiten duela urtekariaren hasierako proiektua, baina esango nuke Jose Migelek onartuko lukeela, planteamendu berritzaileak zituelako. Jende gaztea ere horretara bultzatu beharko litzateke, etnografiak duen kutsu zaharkitu edo desfasatu hori gainditzeko.
Halere, Barandiaranen lana ere hor dago. Oraintsu bete dira 30 urte hil zenetik. Zer eman du?
Haren lanak eskola bikoitz bat sortu du: etnografia eta arkeologia. Egungo azterketa asko haren lanetik abiatuta egiten dira, eta nabarmenduko nuke haren lan isilaren eta umilaren ondorioz egindako guztiak gaurkotasuna duela oraindik.
Irakurle agurgarria:
Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.
Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.
Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria