Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Maria Mur Dean. Consonniko zuzendaria

«Consonni kreatura mutante bat da»

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko urtarrilak 20 - Algorta

Artearentzako erakustoki aurrena, ekoizle ondoren, eta argitaletxe ere bai geroago. Askotarikoa da Bilboko Consonni, Maria Mur Dean zuzendariaren arabera (Iruñea, 1977), eta elkarri eragiten diete atal guztiek: esaterako, artistek egiten dituzte liburuen azalak. Franck Larcadek sortu zuen, 1996ko abenduan, eta Mur 1999an sartu zen.

Consonnik 25 urte bete ditu. Salbuespena da?

Hasi ginen garaiko proiektu pribatu gutxi mantentzen dira Euskal Herrian. Ez zegoen, esaterako, Guggenheim museoa, ezta Bilbo Arte ere, eta Rekalde aretoa ezberdina zen. Orain badaude proiektu batzuk: Okela, Bulegoa... Batetik, salbuespena gara, ez delako erraza egitura txiki batek 25 urte egitea; baina, bestetik, orain artearen eremuan ekintza pribatu gehiago daude, nahiz eta gazteagoak izan.

Proiektu artistikoen ekoizlea da, argitaletxea... Alde asko ditu.

Funtsezko ezaugarria da, eta 25 urte bete izanaren arrazoietako bat. Beti diogu Consonni dela kreatura mutante bat, eta superbotereak dituela: feminismoa eta entzuteko ahalmena. Azken horrek esan nahi du guretzat garrantzitsua dela testuinguruak behar eta nahi duena jakitea; horren arabera moldatu gara. Hasieran, arteak erakustokiak behar zituen; gero, asko sortu ziren, eta ikusi genuen ekoizteko beharra zegoela, eta ekoizle bihurtu ginen.

Taldea ere aldatu da.

Lehen, hiru ginen; orain, sei, denak emakumeak. Txantxetan diogu bilbotar bakarra Consonni bera dela: Maria Macia Galiziatik dator; Munts Brunet, Bartzelonatik; Dina Camorino, Buenos Airestik; Marta Alonsok Madrilen egiten du lan, eta Belen Garciak, Sevillan [Espainia]. Kideen artean gaztelania erabiltzen dugu, baina Mariak, Muntsek eta hirurok beste hizkuntza bat dugu [galegoa, katalana eta euskara, hurrenez hurren], eta hori ikusten da gure proiektuetan. Aholkularien talde handi bat ere badugu, 30 bat lagunekoa, liburuak eta egileak proposatzeko: adibidez, June Fernandezek eta Leire Milikuak esan ziguten emakume idazle euskaldun asko zeudela itzuli gabe, eta hori aztertzen hasi ginen.

Eta itzuliak dituzue Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Alaine Agirre, Miren Agur Meabe...

Oraingoz, emakumeak bakarrik itzuli nahi ditugu. Eta guretzat garrantzitsua da argi uztea itzulpenak direla. Itzultzean, jatorrizko hizkuntzari balioa emateko erantzukizuna daukagu, eta, horrela, euskal kultura zabaltzen dugu; bestela, hizkuntza ezkutatu egiten dugu, eta hori oso arriskutsua da. Ezin dugu esan Uxue Alberdi edo Miren Agur Meabe egile berriak direnik; orain Espainian eta Latinoamerikan zabalduko ditugu, baina beti kontuan hartuta zer ibilbide duten Euskal Herrian.

2013an, Virginia Woolfen Gela bat norberarena saiakera argitaratu zenuten, Maria Colera Intxaustik euskaratuta.

Bulegoari deitu genion una habitación propia compartida [Gela bat norberarena eta partekatua], eta inaugurazio festara 200 lagun gonbidatu genituen, bakoitzak irakur zezan Woolfen liburuaren parte bat, hainbat hizkuntzatan. Nik eta beste askok euskaraz irakurri nahi genuen, baina konturatu ginen ez zegoela. Liburua itzuli, eta argitaratu genuen. Ez genuen diru laguntzarik lortu, eta gogoratzen naiz instituzio batean esan zigutela Virginia Woolf euskaratzeak ez zuela inongo interesik, oso egile zaharra zelako [barreak]. Erantzuteko, nolabait, finantzaketa kolektibo bat egin genuen. Sekulako arrakasta izan zen.

Zientzia fikzio feminista ere argitaratzen duzue. Aldarrikatzeko helburuarekin, era berean?

Bai. El orígen del mundo [Munduaren jatorria] bildumarekin hasi ginenean, lehenengo liburua Donna J. Harawayren Seguir con el problema [2019] izan zen. Harawayk dio istorio berriak behar direla, zentzuduna den mundu bat pentsatzeko, komunitateak eta denen ongizateak ardaztutakoa. Beste mundu batzuk irudikatzeko, zientzia fikzio feminista ezinbestekoa da. Baditugu egile berriak —Akwaeke Emezi—, eta aspaldikoak ere berreskuratzen ditugu —Octavia E. Butler—.

Aurrera begirako ibilbidea orain artekoa baino errazagoa izango dela uste duzu?

Espero dut, ze oso zaila izan da. Abendu guztietan egiten nuen negar, pentsatzen proiektua ez zela aurrera aterako: 25 urte horrela. Liburuak argitaratzeak autonomia eman dio egiturari, arte proiektuak ekoizteko beti diru laguntzen menpe baikeunden; hala gaude, oraindik ere. Horrek esan nahi du instituzioaren menpe zaudela, eta, beraz, pertsona batek, bik edo hiruk erabaki dezakete zure etorkizuna. Baina liburuekin, ardura jendearena da: gure proiektuan sinesten badute, ulertuko dute liburuak erosi behar dituztela guk bizirik irauteko; eta erosi behar dituztela ez Amazonen, baizik eta liburu denda txikietan eta halako lekuetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gizon bat arrain kontserbei begira, Bermeoko arrain azokako postuetako batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Itsasoa berriro erakusmahaietan

Amaia Igartua Aristondo

Bermeoko arrain azoka aurrez aurre antolatu dute ostera ere, bi urtez online egin ondoren. Jende andana batu da Lamara inguruan, eta, erosketak ez ezik, ilusioa ere izan da nabarmen.
Mantangorri, sortzaileekin solasean

Pinporten atzeko ezkutuko lana

Ane Insausti Barandiaran

1000. zenbakia argitaratuko du gaur zortzi 'Mantangorri'-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, eta festa batekin ospatuko dute, Txillida Lekun. Bertako langile izandakoek eta gaur egun bertan dabiltzanek, atzera begira jarrita, maitasunez hitz egiten dute egunkariko «kuttunaz».
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Igartua Aristondo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...