ATZEKOZ AURRERA. Onintza Etxebeste. Ikerlaria eta artista

«Baserriaren kutxa beltza irekita, has gaitezke birpentsatzen»

Baserriaren barrenak arakatu ditu Etxebestek, eta ondorioak lau proiektu artistikotan azaleratu. Ohikoak ez diren irakurketa batzuetan jarri du arreta, eta'Baserri hedatua' liburua ondu du.

JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Iruñean jaio zen, baina 12 urte inguru zituela Oiartzunera (Gipuzkoa) lekualdatu zen Onintza Etxebeste ikerlaria eta artista (Iruñea, 1993), eta Mikelentxonekoa izatera igaro zen. «Etiketa bat da, herentzian jasotako izen bat, nortasun bat, ez nuena gehiegi ulertzen edo identifikatzen». Arte Ederrak ikasi zituen, eta, ikasketak amaitzear zegoela, aurrez esandakoari tiraka hasi, eta jatorrira, Mikelentxone baserrira itzuli zen; esku hartzeak egitearekin bat, kutxa beltza ireki zuen, iruditeriak birpentsatu. Doktorego tesi bat izan zen lehen emaitza eta, Baserri hedatua liburua bigarrena.

Zer da baserria?

Niretzat baserria obsesio txiki bat izan da, erakargarria iruditu zaidan zerbait. Gero konturatu nintzen ez zela bakarrik nirea, Euskal Herriko identitatean oso txertatuta dagoela. Lanean hasi nintzenean, eztabaida bat izan zen, nortasunarena edo definizioarena.

Definizio eztabaida bat?

Bai, esku hartzeko orduan ohartzea eraikuntza batzuk ez direla errealitatearekin loturan dauden ekarpenak, ikuspegiak edo iruditeriak. Proiektatzen dugun hori zer puntutaraino den, ez den, nora arte den guk bilatu nahi dugun iruditeria utopiko hori...

Baserriaren kutxa beltza ireki al duzu?

Bai. Kutxa beltzaren irekiera da nola zabaldu daitekeen iruditeria hori edo erreproduzitzen dugun baserriaren prototipoa; behin hori irekita, has gaitezke birpentsatzen. Izan ere, proiektatzen dugu duela berrehun urteko irudi bat, utopizatua sarritan.

Beraz, hor dago gatazketako bat?

Kutxa beltz hori irekitzean, gure barnekoa ere irekitzen dugu; izan ere, agian, interesgarriagoa da ikustea iragan ideal hori eta ez horrenbeste gainontzeko guztia.

Eta zerekin egin duzu topo?

Baserria eta identitatea birpentsatzeko modu batekin, arakatzeko, aztertzeko eta malgutzeko ikuspegiekin. Hori zen nik proposatzen nuena ere, eta artearen bitartez nola barneratu gaitezkeen beste irakurketa batzuk egiten, beste kontakizun mota batzuk ikuskatzen edo.

Nola azaleratu duzu hori artearekin?

Lau proiektu artistikoren bidez. Hasieran, aitona-amonen irudien atzetik aritu nintzen, eta, ondoren, anekdota batetik abiatuta, sagardotegi bat birsortu genuen familiakook. Hirugarren zatian baserriko ahotsak jaso ditut, zazpi anai-arrebak batuta, eta, azkenekoan, hiru baserriren arteko harremanetan zentratu naiz.

Badirudi ingurukoengana jo duzula...

Bai, eta beren ahotsak dira jaso ditudanak ere; ahots horiek diotena, ikuspuntu edo posizio ezberdinetatik. Ni artekari bat naiz, hurrengo belaunaldia litzatekeena, bestelako lengoaia batzuen bitartez hurbilpen bat egin duena, guztia jasota eta artikulatuta. Interesgarria da belaunaldien arteko elkarrizketa hori ikustea.

Baserriaren esanahi berriak proposatzen al dira?

Proposatu baino gehiago, esango nuke sugestio ezberdinak sortzen direla. Hein batean, lan honek jasotzen duena da baserria nola ikusi den, nola eraiki den; alegia, iruditeria hori guztia artearen eta historiaren bitartez. Eta kutxa beltzaren irekiera horretatik tresna batzuk proposatzen dira, baserria modu ezberdin batean ikusteko metodologia batzuk, ez hainbeste gauza esentzial bat bezala. Wifi baserri batean dagoenetik, baserri hori jada aldatzen ari da, ezta?

Hor dago eraldaketa... Zer gertatuko da geroko baserriarekin?

Hau pixka bat spoiler da, eta irakurri egin behar da benetako mamia ezagutzeko, baina nik nire baserria eraikitzen dut, nire egiteko moduaren arabera esku hartze batzuk artikulatu ditut, baina egongo dira agian ondare edo elementu sinboliko hau desegituratzeko modu ausartagoak. Ni honaino iritsi naiz, baina baserria hedatua bada, eta kutxa ireki badugu, hortik aurrera edozeinek jarraitu dezala hori zabaltzen eta birpentsatzen. Hori da baserria modu performatibo batean ikusteko modua ere.

Modu performatibo batean?

Baserriaren kutxa beltza irekitzean, ariketa horren bidez, laborategi bihurtzen da, eta artea bilakatzen da laborategi hori ukigarri egiteko, erlazio horiek bizitzeko tresna.

Hala ere, zuk esan duzu: gehiago jakiteko, liburua eskuratu behar. Baina nola?

Bostehun ale atera ditugu, eta ehun inguru Elkarreko denda batzuetan egongo dira. Ez dakigu besteak nola zabalduko ditugun, baina, dena den, lan artistiko guztiak eskuragarri daude www.onintzaetxebesteliras.com webgunean. Hor ikusi daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.