ATZEKOZ AURRERA. Lander Zurutuza eta Mikel Susperregi. Sortzaileak

«Esklaboak eta lagundu zieten andreak omendu nahi izan ditugu»

1936ko gerraren ostean, frankistek Jaizkibelera eraman zituzten preso ugari, esklaboen barrakoietara. Susperregik eta Zurutuzak Lezoko andreek esklabo haiei emandako laguntza jaso dute liburu batean.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Lezo
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Pailazoa, kontalaria eta idazlea da Mikel Susperregi (Lezo, Gipuzkoa, 1966). Liburuzaina, historialaria, argazkilaria eta marrazkilaria da Lander Zurutuza (Lezo, Gipuzkoa, 1966). Sei liburutan aritu dira elkarrekin; Lezokuak bildumako laugarren lana da Esklaboen barrakoiak. Susperregik saio dinamikoak egingo ditu gaiaz ikasleekin.

Jaizkibelen, lan behartuak egiten zituzten presoek, 1939tik aurrera. Orain arte ez da inoiz jaso Lezoko emakumeek garai hura nola bizi izan zuten, ezta?

MIKEL SUSPERREGI: Ez. Uste dut jende askok ez zekiela han zer gertatzen zen, eta ez zuela jakin nahi ere. Gerra amaitu berria zen, eta herritarrek beldur handia zuten: haurrek gurasoei ez zieten galdetzen, eta gurasoek haurrei ez zieten esplikatzen. Film batzuetan erresistentziako emakumeak ageri ohi dira, heroi gisa; Lezoko andre haiek zera egiten zuten, presoei arropa garbitu eta konpondu, jaten eman, gutunak idazten lagundu... eta agian ez da zerbait epikoa, baina bizirik irauteko beharrezkoa zuten.

Joxe Luis Agirretxek liburuaren aurkezpenean esan zuen 5.000 esklabo baino gehiago egon zirela Iparragirreko barrakoietan.

SUSPERREGI: Niri esan didatenez, 6.000 baino gehiago ere izan ziren.

Liburuan errealitatea eta fikzioa uztartu dituzue. Ez da lehen aldia.

SUSPERREGI: Etxetxo taldeak [memoria historikoaz lan egiten duen Lezoko taldea] informazioa bildua du. Telebistan erreportaje batzuk ere egin dira. Gu saiatu gara modu erakargarri batean hura guztia laburbiltzen, gazteengana iristeko.

LANDER ZURUTUZA: Haurrak ginenean, Iparragirreko leku hori ezagutzen genuen, eta txabolak egiten genituen. Baina ez genekien zer zen. Fikzioa ez den fikzio honi esker, egungo gazteek horren berri izan dezaten modu bat izan daiteke liburua.

Pertsonaiek zer dute egiatik?

SUSPERREGI: Aipatzen diren pertsonaia gehienak fikziozkoak dira, baina gertaerak benetakoak dira. Literatur lizentziak hartu ditugu istorioa borobiltzeko.

Marrazkietan zer islatzen saiatu zara, Lander?

ZURUTUZA: Marrazten dudanean ez naiz saiatzen marrazki dokumental bat egiten. Nire irudimenari baino gehiago, eskuari uzten diot bere kabuz joan dadin. Hau ez da lan akademiko bat, baizik eta dibulgaziozko lan bat da. Kuriositatea sortzeko ate bat izatea nahi dugu.

Lezokoez gain, inguruko herrietako ikastetxe eta ikasleentzat interesgarria izan daiteke liburua?

SUSPERREGI: Bai, dudarik gabe. Halako beste esklabo barrakoirik ez dago Gipuzkoa osoan.

ZURUTUZA: Nafarroan badaude batzuk, Baztan inguruan. Dena den, izan zuen tamainagatik da interesgarria Euskal Herri osoarentzat.

Liburuarekin batera, bideoklip bat zabaldu duzue. Garazi Ugalderen hitzak dituen kanta Iñaki Labakak eta Amaia Adinek kantatu dute.

SUSPERREGI: Jaizkibelen grabatu genuen bideoklipa, Iparragirren bertan. Deigarria da grabaketa egunean euria ari zuela, eta parte hartu zuten hiru neska dantzariek oinutsik dantzatu zutela, nolabait gogoratuz preso haiek ez zutela oinetakorik. Bai liburua, bai bideoklipa omenaldi bat dira orduko esklaboei eta haiei lagundu zieten emakumeei. Bideoklipa sarean dago ikusgai.



Historia liburuetan tokirik ba al dute esklaboen barrakoi haiek?

SUSPERREGI: Beharko lukete.

ZURUTUZA: Lezon memoria historikoaren inguruan egin diren ikerketa guztiek mereziko lukete liburu batean biltzea. Beste herri askotan ere lan handia egiten ari dira memoria historikoaren gaian. Garrantzitsua da.

Film baterako ere emango luke?

SUSPERREGI: Bai, bai horixe.

Seigarren aldia da elkarrekin aritu zaretela: bat idazten eta bestea marrazten. Bikote artistiko gisa, zer moduz?

SUSPERREGI: Ederki moldatzen gara.

ZURUTUZA: Bitxia da, zeren lehen aldia 1990ean izan zen. Lezoko inauterien inguruko komikia sortu genuen, Trapujaleri buruzkoa. Nire marrazketan eboluzio handia izan dut: orduko komiki hartan, egunean orduak ematen nituen marrazten. Mikel nire etxera etortzen zen; gidoia berehala idatzi, eta aste osorako lana uzten zidan. Egun, ordea, momentuan egiteko joera daukat [liburu aurkezpenean, herritar batzuei egin dizkie marrazkiak]. Luzatzen baldin banaiz, seinale txarra.

Batak bestearen rola aldatuz gero: Mikel, zuk zer egingo zenuke liburutegi batean? Eta Lander, zuk oholtza gainean, jendaurrean?

SUSPERREGI: Asko irakurri. Etxera liburu ugari eramango nituzke.

ZURUTUZA: Liburu baten irakurketa publikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.