ATZEKOZ AURRERA. Betti Bidart. Gaiteroa

«Bigarren familia bat bezalakoa da gaita»

Gaitaren soinua hel daitekeen toki guzietan ibilia da Bidart. Ahotik ezin utzia du tresna. Dagoeneko 50 urte bete dituzte Baigorriko gaiteroek, Bidart bera bide urratzaile dela. Asteburuan ospatuko dute.

PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Donibane Garazi
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Batzuk musukoa jantzia ezin ezagut daitezke. Betti Bidarti (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1954) ere begitartea aldatzen zaio gaitarik gabe. Berak dio gaita soinean daramala, irriz, sudurra erakutsiz. Biez bat, gaitak eta Bidartek bat egiten baitute. Baigorriko gaiteroen 50 urteak handizki ospatuko dituzte larunbat eta igandean.

Baigorriko gaiteroek 50 urte betetzen badute, zuk gutienik bertze horrenbertze dituzu.

Ontsa kalkulatzen baduzu, ikusiko duzu pixka bat gehiago dudala! [kur-kur-kur]. 17 bat urterekin hasi nintzen gaita jotzen, baina lehenik txistua 7 urterekin. Geroago, kontserbatorioan, Iñaki Urtizberea ukan nuen irakasle. Hemengo dantzari taldeetan ibilia naiz, denetan. Uztaritzekoak [Lapurdi] hasi zirelarik gaita ikertzen, Jabier eta Fernando Lakuntza anaiak ezagutu zituzten, eta haiek ezagutzearekin abiatu nintzen gaitaren lehen urratsetan; 1972an, Altsasuko [Nafarroa] ikastolako besta batean.

Gaita aski mututua zelarik...

Bai: Perez, Montero, Elizaga... familia guti batzuen eskutan zegoen gaita. Ofizioa zutenez, ez zuten begi onez ikusten herriko bestak partekatzea; jakitatea beraiendako atxikitzen zuten, transmititu gabe.XX. mendetik at gaita beheiti buruz joan zen, eta lakuntzatarrek zuten berpiztu, 1960 hastapenean. Ikertu zuten tresna, eta hasi ziren bere fabrikatzen. 1966-1967koa da atera zuten lehen errepertorioa.

Bidea ez zenuen bakarrik abiatu.

Ez; Xan Leon eta Pantxo Indart anaiekin, eta Tintin Delpratekin. Kriztof Istequekin, geroago, urrats handiagoa egin genuen, zinez landu nahi baikenuen, zeren eta galde franko baitzen.

Bidelagunari lehergailua zartatu zitzaion 1987ko uztailaren 6an, Angelun (Lapurdi). Omenduko duzue asteburu honetan.

Oroituko dugu hor izan dela Kriztof, gazteek ez baitute ezagutu. Berrikuntzak oro berari dedikatzen dizkiogu; manera bat da gurekin atxikitzeko.

Badua gaitak bere errepertoriorik?

Bai: murgak, dianak, fandangoak, arin-arinak eta kantuak, denak egokituak dira tresnarendako. Lizarrako [Nafarroa] Julian Romanoren errepertorioa da anitz baliatzen duguna: sinplea, erraza eta biziki polita da. Alimaleko lana egin zuen XIX. mende hondarretik at. Iruñekoen lanari esker hedatu da gaita. Tuterakoek, Iruñekoek, Eltziegokoek... segitzen dute desmartxa horretan, aire berriak idatziz.

Eta zuk?

Gauza arrunt sinpleak... ez bainaiz aski trebe! Hori bai; hemen jo izan diren aire batzuk berriz plazaratu ditut gaitari egokituz. Ramuntxoren Orkestrakoak eta Beñat Galtxetabururekin jotzen genituenak, konparazione, hemengo belarrietan zerbait erran nahi dute; izugarri fandango politak daude, galdu behar ez direnak.

Zerk du gaita berezi egiten?

Abiatu ginelarik do sostenituan ari ginen. Baina esperimentu gisa gaitak musika taldeekin batera jotzen hasi zirelarik, Oskorrik egin zuen bezala, zailtasun teknikoak agertu ziren elkar egokitzeko. Hala, 1980 hastapenean, Iruñeko gaiteroek lan berezia egin zuten do sostenitu horretatik do-rat jausteko, baina ez nolanahika: tresnaren izpiritua atxikiz, duen tinbre eta kolore berezi hori, bere izatea aldatu gabe. Belarria egokitu zen tonalitate berrira.

Zer diote Baigorriko gaitek?

Gorabehera franko izan dira, baina, xantzaz, lekuan berean beti norbait izan da interesatua: Kriztof, Daniel Crouspeyre ... Emek taldea bizkortu da: bagara 25 bat.

2005etik goiti talde berria jin da, hobeki prestatuak gu baino: Patxi semea, Indart semea, zaldunbidetarrak... Biziki interesgarria da, bertze tresnekin ere ari baitira.

Helburua da gaita beste tresnekin nahastea, bere kolorea galdu gabe, eta 50 urteren buruan entzuten segitzea Herri Urratsen eta beste.

Gaitak ukan du ene bizian sekulako garrantzia: bigarren familia bat bezalakoa da. Denetan ikusten dugu ze lana egina izan den. Gu hemen entseatu gara atxikitzen.

Gaita gai dea edozertarako?

Kanpoko tresna da, edozein okasiotan aritzeko. Gaitak eta gaiteroak behar du gai izan giro baten sortzen, ingurukoei egokitzen eta jakin ere gelditzen. Beñat Galtxetaburu akordeoi joleak bazekien jartzen, giroaren arabera joko baitzuen behar zena; horretarako zen famatua eta preziatua. Anitz ikasi dugu beregandik. Erraldoiekin, adibidez, bereziki haurrei buruz ari gara.

Euskaraz mintzo dea gaita?

Egiptotik heldu omen da. Mundu guzian atzematen dira, herrialde bakoitzean gisa batez aitzinatu baita, arras desberdinki. Hemen ere egokitu da: badu berea den soinua, eta bere ufatzeko manera.

Gaitero emazteak zertan dira?

Guti, baina badira, eta biziki trebeak. Ez da arazorik gaita eta emazteen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.