Albistea entzun

«Hiriaren identifikazio bilakatu dira erraldoiak eta buruhandiak»

Muñozek tradizioari eutsi nahi dio Donostiako erraldoi eta buruhandiekin, eta, hori gal ez dadin, liburu batean dena biltzea erabaki du, beste 40 urte bete ditzaten, baita konpartsak beste 25 ere.

ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joseba Arratibel Ladron -

2022ko abuztuak 18 - Donostia

Txupinazo egunetik kaleak girotzen dabiltza Donostiako erraldoi eta buruhandiak hiriko kaleetan barrena. Donostiako Aste Nagusia izaten da haien ekinaldi nagusia, eta, aurten, urtemuga ere badute: Donostiako erraldoi eta buruhandiek 40 urte bete dituzte, eta Itzurun konpartsak, 25. Horren harira, Borja Muñozek (Madril, 1985), Itzurun konpartsako presidenteak, liburu bat idatzi du: Donostiako erraldoiak eta buruhandiak - Bidaia denboran zehar. Liburuaren diru sarrerak haurren gaixotasunetarako izango direla adierazi du. «Azkenean, ni ez naiz horretaz biziko, baina lagundu badezaket okerrago pasatzen dutenak hobeto bizi daitezen, hobe denontzat».

Zertan oinarritu zara liburua idaztean? Zer aurki daiteke bertan?

Donostiako erraldoien historiari buruz ikertzen aritu naiz. Horretarako, XVII. mendetik hasi naiz, konpartsa bost etapatan banatzen. Eskuratutako hainbat datutan eta bizipenetan ere oinarritu naiz; horietako asko konpartsari eta udalari esker lortu ditut. Irakurleak gure historia nolakoa izan den aurkituko du modu atsegin batean; oso historia bitxia eta izugarria da. Publiko guztiarentzat da; gehienbat publiko helduarentzat da, baina, aldi berean, txikienentzat ere bada. Haurrek liburuan beren lekua aurkitzea nahi dugu.

Urtemugak ospatzeko antolatu duzue zerbait?

Bai. Aurten, bi dantza berri ikasi ditugu, eta, astelehenean, beste bi erraldoi talderekin elkartu ginen. Gainera, oso agur berezia izango dugu larunbatean Zuloagan, eta gero liburua, noski. Liburuari esker, gauzak ez galtzea eta erreferentzia moduan izatea gustatuko litzaiguke.

Suekin batera, Donostiako Aste Nagusian erraldoiak eta buruhandiak ikur identifikagarriak dira?

Zalantzarik gabe. Suak leku askotan aurkitzen dituzu, baina erraldoi eta buruhandiekin sortzen dugun magia ez da leku askotan sortzen. Egun hauetan bizitzen ari garena zirraragarria da. Gogoratzen dut duela hogei urte inork ez zekiela erraldoi eta buruhandien izenik. Gaur egun, ordea, hasi dira haurrak bere izenez edo ezarritako ezizenez deitzen. Hiriaren identifikazio bilakatu dira erraldoi eta buruhandiak.

Duela 40 urteko buruhandi eta erraldoi berberak daude egun?

Erraldoien duela 40 urteko esentzia mantentzea lortu dugu, baina buruhandien kasuan, ez. 1982an, lehen erraldoiekin atera ziren buruhandiak ez zeuden korrika egiteko prest. Orduan, konpondu egin ziren gaur egun ditugunak lortzeko, egitura egonkor batekin. Orain, tradizioari eutsi nahi diogu, Iruñeko konpartsek bezala.

Konpartsako kide eta buru izanda, sekula eraman dituzu erraldoi edo buruhandiak?

Bai. Zazpi urtez buruhandi bat eraman nuen, eta, orain, hamabost urte daramatzat erraldoi bat eramaten. Oso gustura izan nintzen buruhandi, baina txikitatik nire ametsa erraldoi bat eramatea izan da.

Zer dute erraldoi eta buruhandiek, hunkitu eta beldurtzeko?

Horren figura handiek emozioak sortzea magikoa da. Erraldoi gisa, leihatilatik helduak haurtzarora itzultzen direla ikusten dut. Buruhandiekin, ordea, haur batzuk asko izutzen dira, eta, batzuetan, hori irribarre bat bihurtzen da, baina beti ez da horrela. Nik umetan buruhandiei beldur handia nien, eta nire egunik onena erraldoiak eta buruhandiak ibilbide ezberdinetatik ibili zirenean izan zen. Erraldoiekiko, ordea, miresmena izan dut txikitatik.

Erraldoi eta buruhandien konpartsak osasuntsu mantentzen dira?

1982an hirian erraldoiak eta buruhandiak atera zirenean, Gipuzkoako herrietan sortzeko bultzada handia izan zen. Egun, gure kasuan bi urteko etenaldiaren ondoren, antolaketa zorrotza izan dugu, egun guztietarako 192 hutsune bete behar izan ditut; zoramen hutsa izan da. Inguruko herri batzuetan egoera larriagoa da; hau, azkenean, boladaka doa. Nik konfiantza handia daukat umeengan, hau ez da sekula galduko. Egun, jostailuzko erraldoiekin eta guzti jolasten dute.

Bizi izandako historia «bitxia eta izugarria» da. Zergatik?

1982tik gutxi gorabehera, ugari egon direlako. Hasieran, San Joan egunean ateratzea zen asmoa, baina ez zen egun horretan atera. Gero, soilik Donostiako Aste Nagusirako uztea erabaki zen, eta, lehen aldi horretan, buruhandiak korrika egiteko prest ez zeudenez, apurtu egin ziren. Orduan, berriak egin behar izan ziren. Ondoren, gainbehera hasi zen 1989an, eta, Salbea iritsi zenean, bertako iskanbilan sartu ginen konpartsak kaleak alaitzeko asmotan; ordutik, Donostiako jaietan kaleak alaitzen jarraitzen dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Errepidetik goaz lekua aldarrikatzeko»

Olaia L. Garaialde

Gehienetan bizikletan doa Arguelles, eta sendabelarrak identifikatzeko eta erreka garbitzeko ibilaldiak egiten ditu: «Askotan egun bakarrean sei zabor zaku handi jasotzen ditugu errekatik».
1 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Mikroak piztu, ezagutarazteko

Olaia L. Garaialde

Musikaz gozatzeko antolatzen dituzte mikro irekiak. «Lagun arteko» gune «erosoak» dira, jendea ezagutzeko, elkartzeko, norberaren artea ezagutarazteko eta lehenengo aldiz publikoaren aurrean jotzeko. Horren adibide dira Toki Leza taberna eta Open Mikros egitasmoa.
ETB1ek <em>Beste egun bat bizirik</em> filma (2017) eman zuen atzo, euskarara bikoiztuta, 23:30ean. ©ETB

EITBk esan du euskarazko zinema «erreserban» dutela, «aldi batez»

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusiak EH Bilduri erantzun dio emisio leiho digitala lehenesten duela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Joseba Arratibel Ladron

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...