BILBOKO ASTE NAGUSIA. ATZEKOZ AURRERA. Jess Fabric. Viva Sueciako baxu jotzailea

«Ez dugu diskurtso bat defendatzen»

Aste Nagusiak indie aurpegia du: Viva Suecia taldeak joko du gaur Abandoibarrean. Fabric taldekideak adierazi du dena emateko prest daudela: «30 urte jo gabe izan bagina bezala igoko gara oholtzara».

Viva Suecia taldeko kideak. Ezkerretik lehena da Jess Fabric. ALBERTO VAN STOKKUM / VIVA SUECIA.
iraia vieira gil
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Jess Fabricek (Madril, 1989) txikitatik amesten zuen rock banda batean jotzearekin. 2013an, Rafa Val, Alberto Cantua eta Fernando Campillorekin elkartu, eta Viva Suecia sortu zuten. Ordutik, elkarrekin musika egiten dihardute, eta bilbotarrek gaur izango dute haiekin disfrutatzeko aukera, 23:30etik aurrera, Abandoibarrean.

Nola sortu zen taldea?

Antzinakoak sortzen ziren antzera. Cantuak eta biok talde berean jotzen genuen, baina pikutara joan zen. Bateria jotzailea eta abeslaria bilatzeari ekin genion orduan, eta Val eta Campillo ezagutu genituen. Lehenengo entsegutik jakin genuen denok batera ondo egin genezakeela. Valek abesti bat ekarri zuen idatzita, baina melodia falta zitzaion. Ordubete geroago, Los años abestia sortua genuen.

Zeintzuk dira zuen musika erreferenteak?

Asko. Joan den urtean galdetu izan bazenit, ziur asko erantzuna ez zen bera izango. Hastapenetan, Erresuma Batuko eta Ameriketako musika entzuten genuen gehienbat, baita gitarra musika ere. Orain, eklektiko hutsak gara, eta edozein motatako musika entzuten dugu. Hain zuzen, estilo bakar bati eustea ondo zegoen ideia jakin batzuk zenituen garaian, eta ideia horiek defendatzeko dena eman behar zenuenean. Orain, gauzak aldatu dira, mundua globalagoa da, eta gozatzea da egin nahi duguna.

Zeri abesten diozue zuek?

Ez dugu diskurtso jakin bat defendatzen. Oso gustuko dugu interpretazioari atea irekita uztea, bakoitzak mezua bere erara jaso dezan.

Zeintzuk dira zuen inspirazio iturriak?

Eguneroko gauzak. Artista gehienen antzera, ikusten dugunak, gertu dugunak, gure bizipenek ematen dizkigute idazteko ideiak. Abesti bat sor dezakegu hondartzan pasatutako egun zoragarri batean oinarrituz, gure seme-alabei gauzaren bat kontatzeko beharra dugulako...

Nolakoa da abestiak sortzeko prozesua?

Ez dugu araurik horretarako. Taldeko norbaitek sortutako akorde, erritmo edo hitz batzuetatik atera dezakegu abestia. Hori bai, beti elkarlanean. Ez dakigu banaka lan egiten. Horregatik, entsegu lokalean biltzen gara askotan, edota bakarlekuetara goaz elkarrekin.

Bakarlekuetako batean sortu zitzaizuen Leivarekin abesteko aukera. Nola?

Bakarlekuan geundela, goiz jaiki eta Pereza entzuten hasi ginen [Leivaren taldea izandakoa]. Inprobisatzeari ekin genion, eta, hogei minutu baino gutxiagoan, Justo cuando el mundo apriete abestia prest geneukan. Leivarekin egiteko moduko abesti bat zela adostu genuen, eta harremanetan jarri ginen harekin. Abestia ekoizteko prest zegoela esan zigun. Estudiora etorri, eta hain zegoen eroso, ezen gurekin abesten hasi zen. Artisten artean, askotan gertatzen dira horrelakoak.

Kontzertuei dagokienez,Valek askotan esan du superstiziosoa dela. Zu superstiziosoa zara?

Munduko pertsonarik eszeptikoena naiz, baina, oholtza gainera igo behar dudanean, superstizioso hutsa. Agian maniak dira, besterik ez. Eraztun, lepoko eta betaurreko berak eramatea gustatzen zait. Oso urduri gaudenean eta guretzat garrantzitsua den zerbait egiten ari garenean, guztiok behar ditugu eroso sentiarazten gaituzten gauzak soinean. Nik, behintzat, horrela uste dut.

Kasualitate edo zori, hamaika gauza bizi izan duzue kontzertuak eman bitartean, ezta?

Bai, denetarik bizi izan dugu. Behin, festibal batera joan ginen kontzertu bat ematera, eta Valek deskarga elektriko bat hartu zuen. Lehenengo abestia jo behar genuen guk, eta, lehenengo notak jotzen hasi ginenean, Valek mikrofonoa ezpainekin ukitu zuen. Orduan gertatu zen deskarga. Barruti osoan argia joan zen, Valen aurpegia zurbil-zurbil zegoen, eta jendea korrika hasi zen alde batetik bestera, izututa. Gu izututa geunden, baina Vali zerbait gertatu zitzaion beldur ginelako!

Aste Nagusian emango duzue kontzertua aurten. Bilbon aurretik egondakoak zarete?

Bai, eta oso ondo tratatu gaituzte beti. Santana aretoan eta Kafe Antzokian eman ditugu kontzertuak. Antzokian lehen aldiz jo genuenean, gainera, ez ginen ezagunak, eta, etxetik hain urrun egonda, norbait etorriko zen zalantzan geunden. Bagenekien besteak beste Platero y Tu taldeak jo zuela han; zertan ari ginen gu? Baina antzokian sartu, eta flipatu egin genuen: aretoa beterik zegoen. Oso kontzertu berezia izan zen guretzat, Bilboko lehena.

Eta Aste Nagusiko kontzertuaz zer espero duzue?

Gozatzea. Jakin badakigu sorpresaren bat egongo dela; gu ere gauzak antolatzen gabiltza. 30 urte jo gabe izan bagina bezala igoko gara oholtzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.