Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Fernando Oiartzun Sagastibeltza. Euskara teknikaria

«Oraindik bizirik zegok hitanoa»

Hiketan mintzo da Oiartzun, 'Hika eta toka. Noka ere toka!' liburuaren egilea. Leitzako mintzamoldea jaso du berak, baina herri guztietarako balio dute gaitzek, eta konponbideak: «Belaunaldien arteko elkarlana».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2023ko apirilak 26 - Leitza

Toka egindako elkarrizketa da. Nola aritu bestela Fernando Oiartzun Sagastibeltzarekin (Leitza, Nafarroa, 1966). Hika eta toka. Noka ere toka! liburua ondu du. Semeak esandakoa dakar sarreran: «Hi, atte, alperrik in behak liburue hiketakoa. Gure adiñeko inork etzekik. Zertako? Hori galdue zeok». Ezezkoan dago atte. Iruñeko Karrikirin aurkeztuko du bihar liburua (19:30).

Nolatan sortu huen ideia?

ALKE kultur taldean, Olentzerori buruz egiten dugun antzerkian, hainbat pertsonaia mitologiko sartzen dizkiagu: Mari —Maimur Leitzan—, jentilak... Horiei buruzko herriko istorio guztiak hiketan agertzen dituk, eta nahitaezkoa huen antzerki hori ere hiketan egitea.

Orduan jabetzen haiz ondareaz?

Jabetzen gaituk sekulako hizketa molde bat, ia inoiz entzun gabekoa, galtzear genuela.

Emakumeen jardunari buruz ari haiz, batik bat?

Hori duk desagertu dena. 40-50 urtetik gorako herriko gizonok hiketan egiten diagu geure artean, eta orain gazteagoekin ere bai. Baina emakumeen artean ez dik inork egiten, galdu egin duk transmisioa herrian. Nire amak 91 urte dizkik, eta ez zekik hiketan. Baserrietan bai, gorde ditek, baina asko 80 urtetik gorakoak dituk. Hori duk latzena. Euskararen aldetik sekulako galera iruditzen zaidak.

Izan ere, baldarra duk hitanoa.

Ez duk. Hitanoa duk erregistro bat hiztunari lanabes bat ematen diona hobeki komunikatzeko eta beste aberastasun batekin hitz egiteko.

Baina ez duk errespetuzkoa.

Lagunekin eta maite dituanekin errespetuz aritzen haiz hiketan. Kontua duk, normalean, berriketarako erabiltzearekin nahasten dela.

Baserritarren kontua duk hitanoa.

Hori duk ezjakinek diotena.

Baina gizonen kontua duk.

Gizonek nagusitasuna izan ditek arlo sozialean: udaletxean, tabernan, plazan... Haiek harrokeriaz eta txantxetan aritu izan dituk hiketan. Emakumeak egon dituk etxean, baserrian, handik atera gabe, lanean, eta lagunarterik gabe. Ez ditek izan presentziarik, eta baztertuta egon dituk. Noka ere, beraz, presentziarik gabe, eta baztertuta egon duk.

Zaharren kontua duk hitanoa.

Zaharren kontua, eta guztion kontua. Guztiok behar dugulako euskara aberats bat.

Desagertzera kondenatua?

Ari dituk taldetxoak sortzen herriz herri. Lankide batek esana duk ari direla Lekunberrin astelehenetan elkartzen hiketan aritzeko. Leitzan ere noka hiztunik gazteenak 70 urte zizkian lehen, nik 56 dizkiat, eta lortu diat noka aritzeko gaitasuna, eta ari nauk herriko neska batzuekin erabiltzen. Alegia, oraindik bizirik zegok hitanoa.

Belaunaldien arteko elkarlana da konponbidea, beraz?

Eta ez duk horren zaila hori lortzea. Duela 40 urte, hemen, plazan, neska-mutil guztiok gazteleraz hitz egiten genian, eta batzuek galdu egin genian euskaraz ongi egiteko gaitasuna. Baina gurasoen eta jende zaharraren jardunari esker, haien euskaltzaletasunari esker, aldatu egin zuan egoera. Gaur ere horretan arreta jartzea falta duk. Bazeudek neskak interesa agertu dutenak, eta euren amonari galdetzea besterik ez ditek, ikasteko. Nik ere halaxe ikasi diat, egindako elkarrizketen bidez. Haiek prest zeudek irakasteko: «Hiri erakutsi diagun bezala, besteei ere erakutsiko zeiue. Etor daitezela». Zaharrek baditek prestutasuna, gazteek behar ditek interesa eta gogoa haiengana jotzeko.

Mugimendu feministaren aldarriekin bat egiteko modua da?

Aldarrikapen erabatekoa duk noka aritzea: «Emakumeok plazan eta edozein tokitan badinagu gure lekua, eta lortu behar dinagu. Hemen zeuzkanagu geure amonak eta ingurukoak erregistro hori menderatzen dutenak, haien artean adiskideak zirenean eta jostaketan zebiltzanean noka erabiltzen zitenan. Guk zergatik ez dinagu erabiliko?».

Berdinen arteko erregistroa da?

Oso berdinen artekoa duk hitanoa. Konfiantzazko jendearekin, eguneroko lagunarekin... zuketan egitea arrotza duk. Zuketan aritzeak muga bat ezartzen dik. Ni, esaterako, asko haserretzen naizenean, semeekin-eta, zuka hasten nauk. Kanbiatu egin behar duk erregistroa, konfiantza hori eteteko.

Aldiz, erregistro horri esker lortu duk hik hire elkarrizketatuen konfiantza? Berdinen artekoa?

Hori duk. Hamabost-hogei lagunen testigantzak agertzen dituk liburuan, baina kontua duk bizpahirurekin egon naizela ehun bat orduz, bakoitzarekin. Konfiantza behar duk horiek hiketan horrenbeste gauza pertsonal kontatzeko: sorginei buruzko istorioak, begizkoenak, familian gertatutakoak, auzoekin izandako istiluak, erditzeak, auzolana, estraperloa, gerraren ondorioak... Garai hartako bizimodua duk, bere gordinean. Adizkiak biltzen hasi ninduan, eta aditz forma horiek guztiak testu errealetan jarriz amaitu diat.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...