ATZEKOZ AURRERA. Eduardo Blanco. Aurtengo Europako Natura Argazkilaria

«Bardea nire argazki eskola izan da»

Blancok agerian utzi ohi du argazki ederrak egin daitezkeela gauzarik arruntenetik ere. Bidaia eta natura argazkilariak bere lanaren defentsa egin du, argazkigintzaren balioa galtzen ari delakoan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Zudaire
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

Erriberakoa da, baina Urbasan izan da hitzordua. Han eman du asteburua Eduardo Blanco argazkilariak (Corella, Nafarroa, 1977), ikasleekin batera udazkeneko koloreak kameraz harrapatzen. GDT Europako Urteko Natura Argazkilaria saria jaso berri du, katamotzari gauez egindako argazki honi esker.



Katamotzari argazkia eginez irabazi duzu. Gehiago eska liteke?

Maite dut argazki politak egitea normalean jendeari fotografiatzea sobera gustatzen ez zaizkien gauzei. Adibidez, sariak eskuratu ditut gauza oso ohikoekin: untxi bat, txantxangorri bat... Kontua da buelta eman eta argazki erakargarria bilatzea. Batzuetan, espeziearen zailtasunari ere balioa ematen zaio; kasu honetan, gehiago balioesten dute artea. Hori da natura argazkigintzako lehiaketa honen ezaugarria.

Nola lortu zenuen irudia?

Andujarren [Espainia] izan zen; inguru horietan nahiko erraza da iberiar katamotza aurkitzea. Bigarren egunean hau aurkitu genuen bide bazterrean. Gainerakoak afaltzera joan ziren, ilundu zuelako, baina gu han geratu ginen.

Argazki ilunean bi begien dirdira ageri da. Nola egin zenuen?

Gauez egindako argazkia da, ISO altuarekin —800 ISO— eta sei segundoko esposizioarekin. Hau da, ez da argirik. Baina katamotzak geldi egoten dira. Halako batean, burua jiratu zuen, eta argi bat dago, ez dakit auto batena edo zer, eta begietan dirdira hori agertzen zaio. Dirdira hori da argazkiaren berezitasuna.

Zure lanean eragin dezake sariak?

Babes ekonomiko bat bada, eta ilusioa egiten du: ikusten duzu ahaleginak baduela sari emozional hori. Egia da sari gehiago izatea hobe dela, baina, adibidez, oposizio bat egiten duzunean, frogak gaindituta, lana eskuratu, eta hor mantentzen zara. Baina erreportaje bakoitza oposizio bat da; zureak ez badira, beste batenak izanen dira. Beti duzu hobetzeko borroka hori.

Baso teknikari izan zinen urte luzez; hortik heldu zaizu argazkigintzarako zaletasuna?

Hori da. Basozain izateko ikasten ari ginenean, normalena herbarioa egitea zen, hostoak bilduz eta idortuz. Baina bazen argazkiak egiteko aukera, eta nik kamera hartu nuen. Udan lan eginda aurreztutakoarekin reflex kamera erosi nuen. Zale gisa aritu nintzen, sariren bat irabazi eta animatzen nintzen; gero irabazitakoarekin, objektibo hobeak erosi, eta abar. Gero, ingurumen teknikari aritu nintzen, baina, kontratua bukatzean, argazkilari profesional aritzea erabaki nuen.

Basoko lan horrek balio izan dizu argazkilari lanean?

Bai. Beti ezagutu behar dituzu gaiari lotutako kode batzuk irudiak ongi egiteko, baina naturan beharbada jakintza gehiago behar duzu: subjektua ezagutzea argazkiaren erdia da ia, edo gehiago.

Garai azkarretan, zuek gauzak patxadaz begiratu behar dituzue?

Batzuetan agudo lan egitea ere tokatzen da, lan batzuetan denbora gutxi duzulako edo lan horretarako aurrekontua murritza delako, eta ezin duzu egun sobera erabili.

Jende gehienak badu argazki kamera, gutxienez sakelakoan. Edozein izan liteke argazkilari?

Kontua da argazkigintzaren gakoa normalean ez dela erabilitako tresna, baizik eta zer aurkitu duzun, zer konposizio erabili duzun argazkia ikusiko duenari mezu bat helarazteko... Horretarako, argazkigintza ikasi behar da. Denborarekin truko txikiak ikasten dituzu, eta errazago zaizu irudien bidez adieraztea.

Argazkilarien lanaren balioa txikitzen ari da?

Bai, noski. Analogikoan lan egiten zenean, argazkiak egitea gehiago kostatzen zen, eta karrete bakoitzarekin argazki gutxi egin zitezkeen. Beraz, zaleak bazeuden, baina ez hainbeste. Orain, digitalekin, egia da edozeinek egin dezakeela argazki bat, baina edozeinek ezin du jende guziarengana ailegatu daitekeen argazki bat egin. Hedabide batzuetan ez zaio ematen behar duen garrantzia argazkilariari.

Zergatik da garrantzitsua argazkilaria prentsan?

Bada, soilik gutxi batzuek irakurriko dutelako testua, baina irudiak denek ikusiko dituzte. Beraz, irudi horrek gutxienez gaian sartu behar zaitu, edo eman nahi duzun informazioaren erdia agerian utzi.

Bidaietan ez ezik, hemen ere lan handia egin duzu. Bardea goitik behera ezagutzen duzu?

Bardea nire eskola izan da, zeren, argazkiak egiteko toki oso egokia izateaz gainera, oso gertu baitut. Argazkiak egiteko denbora nuenean joaten nintzen. Iaz Bardeari buruzko liburu bat argitaratu nuen, azken hogei urteetako argazkiekin.

Irudien betekada bat dago gizarte honetan. Hori ona edo txarra da?

Irudi asko daude, baina batez ere su besta asko dago. Zarata asko dago sare sozialetan, eta badirudi begi guziak surik handienera, zaratatsuenera eta argitsuenera bideratzen direla. Lan oso onak ezkutuan geratzen dira, eta pena ematen dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.