Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ez dira ausartak

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Arte konplikatua da—nahita denean, bederen— barrea eragitearena. Lau planeta alineatu behar dira, gutxienez, helburua lortzeko: edukiak ona behar du izan, testuinguruak aproposa, hizlariaren jarrerak neurrian sinesgarria neurrian exajeratua, eta gainera, ezinbestekoa da hartzaileak kodigo batzuk konpartitzea. Osagai bakarrak kale eginez gero, akabo: fina da auzo-lotsa eta barrea banatzen dituen haria. Ausardia behar da, zein aldetara eroriko zaren jakiterik gabe, gainera igotzeko.

Baina ez dago inoren ausardia azpimarratzea baino lore garratzagorik. Beste zerbait esan nahi baitu zeharka: lotsagabea edo inkonszientea izan behar dela gaizki/erdipurdi egiten dena jendaurreratzeko. Barrexerka izenpean umorezko esketxak eta emanaldiak osatzen dituen lantaldea ausarta dela esatea iraina litzateke beraz. Ez dira ausart lotsagabeak: badakite zertan ari diren, pixkanaka sendotzen ari den estilo propioaren jabe dira, eta —denbora ahal duten tokirik aterata— lan izugarria egiten dute.

Saturday Night Live gogorarazten duen formatua osatu dute, zuzeneko zatiak eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituena; gonbidatu ezagun baten parte-hartzearekin. Hirugarren saioa izan zen larunbatekoa —Xabier Madariagarekin egin zuten lehena, eta Kike Amonarrizekin bigarrena—, eta gonbidatua Miren Amuriza. Antzematen da eboluzioa: Wazemank eta abarren eraginetik pixkanaka aldendu dira, erreferentzietan nahikoa donostiarra izanda ere, euskaldunaren estereo- tipo neketsuak utzi eta toki komun garaikideagoak esploratuz: familia bazkariak, norberak barruan daraman influentzerra, elikagaiak gourmet bihurtzeko joera gehiegizkoa, eta baita—oraindik burutik kendu ezin dudan Jarri kaña bat hit-aren bideokliparekin—garagardoaren prezioaren igoera mingarria ere.

Gehiago egingo dituztela agindu dute; eta eskatzea libre denez, poztuko ninduke datozenetan gai arantzatsuagoei heldu eta umore beltzari toki gehixeago egingo baliote. Baina nahikoa dira haiek zer eta nola egin erabakitzeko. Ez dute gurasorik nahi, ez behar. Sartu Youtuben edo Facebooken, ikusi bideoak eta bilatu haien izenak. Baliabide faltak mugatzen ez baditu, behintzat, hobetzen eta fintzen jarraituko dute, eta —apustu egingo dugu?— telebistan ikusiko ditugu berandu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.