Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Ez dakite euskaraz?

2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Fenomeno globalek ez dakite euskaraz». Hori idatzi du Urtzi Urrutikoetxeak, BERRIAn. Zergatik? «Fenomeno globala» bihurtu baita Game of Thrones telesaila —170 estatutan eman dute—, baina azken atala ezin izan dugu jarraitu gure jatorrizko hizkuntzan. Alegia, euskaraz. Horren arabera, esan liteke euskaldunok ez garela globalak. Zer da globala, ordea? Esango nuke, globala litzatekeela kultura eta hizkuntza guztiak pareko jartzen dituen fenomenoa. Beraz, Game of Thrones ez da globala.

«El País-ek edo Le Monde-k edo Die Zeit-ek ez dute erreportajerik egiten bere irakurleen hizkuntzan ez dagoen kultur produktu edo fenomeno bati buruz, eta salbuespen hori egitekotan, arrakasta handia izan duen saio edo nobela bat aipatzeko adibidez, berehala zehaztuko dute noizko egongo den aleman/frantses/espainiar itzulpena», idatzi du Urrutikoetxeak. Logikoa da: egunkarietako irakurleek beren hizkuntzan kontsumitu nahi dituztelako kultur produktuak. Baita euskaldunok ere. Lander Arretxeak eta nik El País-ek, Le Monde-k edo Die Zeit-ek egiten dutena egingo bagenu, telebistaren gaineko zutabe honetan, agian, batek edo bik (ala gehiagok?) deituko ligukete erradikalak —edo antzeko zerbait—. Baina arazoa da, une honetan, ez dagoela helduentzat jatorrizko fikziorik euskaraz. Beraz, ez da halakorik gertatuko etorkizun hurbilean behintzat. Hau da, Game of Thrones-en azken kapituluko ikusleak bezalaxe, gainerako hizkuntzatan emititzen diren telesailak ikustea baino ez zaigu geratzen. Subordinazioa, hain zuzen ere.

Ez dakit zer den erradikalagoa, irakurleen hizkuntzan ez dagoen kultur produktu edo fenomeno bati kasurik ez egitea, ala hori bera egiteko aukerarik ez izatea. Izan ere, euskarazko telebista eskaintza duina ukatzea baino gauza erradikalagorik ez dago.

Egia da Azpitituluak.eus herri ekimenari esker, Game of Thrones euskaraz kontsumitzeko aukera egongo dela laster. Baina ez da nahikoa, ordea. Ekimen indibidualek, nire ustez, ez dute aldaketa ekarriko. Ez dutelako botere nahikorik sistema aldatzeko, euskara eta Game of Thrones benetan globalak bihurtzeko. Tokian tokiko politika zein neurri publiko zehatzak ezarri behar dira. Eta horiek urteen poderioz garatu. Fenomeno globalek euskaraz ikas dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.