Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'Iparraldearen orena'

2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Duela ia 30 urte eman zuen lehen aldiz ETB1ek Iparraldearen orena albistegia. Bertan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako albisteak lantzen dituzte egunero, euskaldun guztion telebista bakarrean, Ipar Euskal Herriari ere, tartetxo bat eskaintzeko asmoz. 2013an, saioa kentzea erabaki zuen telebista kateak, Iparraldeko informazioaEuskal Herria zuzenean saioan integratzeko. Gerora, uneren batean, Euskal Herria zuzenean desagertzean pentsatzen dut, ETBren lehen katera itzuli zen albistegia, eta, gaur egun, 18:00etan ematen dute egunero.

Saioa kentzearen erabakiak hautsak harrotu zituen bere garaian, baina Euskal Herria zuzenean saioan integratzeak aldeko ahots batzuk ere bildu zituen, inor gutxik ulertzen baitu zergatik izan behar duen izaera propioa Iparraldeko albistegi batek euskaldun guztiona den kate bakarrean. Ez dut gogoratzen, sekula, inork Gipuzkoaren edo Arabaren albistegi zehatz bat eskatu duenik. Ezta Nafarroakoa ere, zenbaiten logikari helduko bagenio.

Hala ere, horretan guztian bada egoera larriago egiten duen zerbait. Hor zehar irakurri izan dut albistegietan lekurik ez duten albisteak lantzen dituztela Iparraldearen orena saioan. Bada, egun batzuk daramatzat ikusten, eta ezin dut ulertu zergatik ez duten lekurik albistegi nagusietan, Iparraldean martxoan egingo diren hauteskundeen eguneroko jarraipenak, koronabirusak bertan duen eraginak, Seaskaren azken kanpainak edo Frantziako Gobernuak tabakoaren salneurria emendatu ondoren Iparraldeko estankoek bizi duten egoerak. Ez al dira aipatutako guztiak albistegi arrunt batean lantzeko moduko gaiak?

Laburbilduz, Ipar Euskal Herriko gaurkotasuna bigarren mailara erbesteratua dugu, bi aldiz. Lehendabizi, aparteko izaera emanez, Euskal Herria gezurra balitz bezala, Madrili eta Parisi arrazoia eman eta lan zikina eginez. Bigarrenik, Iparraldeko albistegia magazin baten ordutegira mugatzen dugu, bertan kontatzen zaigunak garrantzi txikiagoa izango balu bezala. Aparteko bi herrialde izango bagina bezala egituratzen ditugu ETBren albistegiak, baina urruntzen gaituena —eta Hegoalde eta Castello, eta Iparralde eta Lyon gerturatzen dituena— albistegi horien egituraketa da, beste zenbait gauzaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.