Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Tailerrean

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Goierri Telebistak saio berria du. Atelier du izena, eta Goierriko (Gipuzkoa) zenbait sortzaile eta haien diziplinak ezagutzea ahalbidetuko digu. Ostegunero, 22:00etan. Bertan, sortzailea bera lanean ari dela, haren lanak eskatzen duen lan prozesua hasieratik amaierara arte ezagutu ahal izango dugu.

Lehen saioan Maider Urretabizkaia margolari lazkaotarra izan dute gonbidatu, edo anfitrioi, hobe esan, bere margolanak sortzen dituen estudioan izan baita Goierri Telebistako lantaldea, Atelier honen lehen saioa aurrera atera ahal izateko. Bertan, oihal zuri baten gainean hasiko da lanean Urretabizkaia, eta koadroa amaitu arte berarekin izango dira Leire Bujanda gidoilari eta aurkezlea eta Nagore Arozena kameralaria. Tarte horretan, margolana egitearen prozesuan izaten diren fase guztiak ezagutu ahal izango ditugu, margolariak horretarako erabiltzen dituen teknikak, eta, bide batez, artistaren ibilbidean sakontzeko tartea ere bilatuko dute.

Bi izen aipatu dizkizuet saioa egiten duen lantaldeaz hitz egitean, eta zuek ere konturatuko zarete bi pertsona horietara mugatzen dela amaierako kredituetara iristean. Infografiez arduratu den Shan Rodriguezez gain, Bujandak eta Arozenak egin dute saio osoa, gidoietik hasi eta edizioraino. Tokiko telebistetan ohikoak izaten dira halakoak, baina, askotan, ikuslea ez da horretaz konturatzen, eta horrek asko dio profesional horien lanaz eta mailaz. Saio horretan, agerian utzi dute, gainera, baliabide pertsonal eskasia eta kamera bat bakarrik utzi dute plano orokorra hartuz. Gauzak horrela, kameralaria plano orokorrean agertzen da, eta bere planoetan kamera finkoa bakarrik dagoela ikusten dugu.

Ziur nago erabakia estetikoa dela, baina, bidez batez, aipatzen dizuedan errealitate hori agerian uzteko ere balio du. Gustura ikusi dut lehen saioa, eta badirudi hurrengoan ere interesgarriak izango direla. Beste batzuen artean, makillatzaile bat, lutier bat edo saskigile bat izango dituzte protagonista.

Aurreko batean aipatu moduan, euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu nahi ditugunok begirada zabaldu beharrean gaude, eta tokiko telebisten nahieran zerbitzuak tresna bikaina dira horretarako. Kasu gehienetan, gainera, saioak kalitate ederrean eskaintzen dituzte. Animatu eta egin proba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.