ATZEKOZ AURRERA. Markel Ormazabal. Irrikitaldiko antolatzailea

«Gizartea aldatzeko tresna da festa»

Irrikitaldia egingo dute bihar Donostiako Piratek: Bulebarretik Santa Maria elizara arte, Salbearen prozesioaren satira egingo dute. Errefuxiatuen, turismoaren eta metroaren gaiak landuko dituzte.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Naia Begiristain Etxezarreta -

2018ko abuztuak 18
Jaiak «eraldaketa sozialerako tresna» direla nabarmendu du Markel Ormazabalek (Donostia, 1982). Piraten mugimenduan murgildu zenetik, Aste Nagusia ospatzeko beste modelo bat landu du. 2006az geroztik, jaien amaierako ekitaldia antolatzen aritu da: Irrikitaldia.

Zer deritzozu Aste Nagusiko egitarauari buruz?

Egitarauari loturik, mila gauza aldatuko nituzke. Herritarrek, adibidez, euren jaiak antolatzeko bitartekoak izan beharko lituzkete. Egia da egitarau ofizialaren barruan zenbait elkartek parte hartzeko eta eragiteko lekua dutela: hala ere, bide estua dela iruditzen zait. Horretarako, aukera berdintasuna funtsezkoa da: egitarau ofizialetik kanpoko egitasmoak antolatzeko baliabide gehiago behar dira.

Eta Piraten egitarauari buruz?

Piraten Aste Nagusiko egitarauan ere hobekuntza asko egin daitezke. Kultura dinamikoa denez, urtetik urtera jaiak aldatu egin behar dira. Ez bada saiakerarik egiten berrikuntzarako, nortasuna galtzeko arriskua dago.

Abordatzea, adibidez, egitarau ofizialaren parte da. Hori ez al da kontraesana?

Egitarau ofizialaren parte bada ere, guztiz autonomoa da. Kontua da, abordatzearen arrakastak erakusten zuela bazegoela jai alternatibo batzuk sortzeko indarra. Horregatik, udalarekin negoziatzen hasi ginen. Abordatzea egitarau ofizialean sartzearen truke, gure festak aurrera eramateko baliabide batzuk eskatu genizkien.

Zergatik?

Egia da gure jarduna autogestionatua izatea nahi dugula, lotura ekonomikoek menpekotasunak sor ditzaketelako. Hala ere, mugimenduak zer-nolako gorputza duen ikusita, gure beharrei erantzuteko bitartekoak ere behar ditugu.

Nolako jai eredua bultzatu nahi duzue piratek?

Etengabe eztabaidan dagoen gaia da hori. Piratontzat jaia eraldaketarako tresna da. Mugimendua hasi zenean, 2003an, iruditzen zitzaigun Aste Nagusiak Donostiako hiri eredua finkatzen zuela. Jaiak ez dira astebeteko kontua, eta, horregatik, jaietatik kanpo erreproduzitzen ditugu jaietan ditugun jarrera berak. Horri loturik, gure Aste Nagusiaren bitartez, beste balio batzuk jarri nahi ditugu martxan: gizartea aldatzeko tresna da festa.

Irrikitaldiak jai eredu hori bultzatzen du?

Gure jai ereduaren aurkakoa irudikatzen du Irrikitaldiak: hor dago txantxa. Ekitaldia sortzeko, Donostiari atxikitzen zaion belle époque-ko «ñoñostiarrismoa» Salbearen prozesioarekin nahasten dugu: apaizak meza ematen du, eta garai bateko janzkerak izaten ditugu soinean. Agintariei iseka egiteaz gain, geure buruari ere barre egiten diogu.

Zein da Irrikitaldiaren jatorria?

2006an antolatu genuen lehenengo aldiz. Orduko alkate Odon Elorzak askotan nabarmentzen zuen Aste Nagusiak hasiera ekitaldi bat bazuen ere amaierarik ez zuela. Bilbon Marijaia erretzen dute, Iruñean Gaixoa ni abesten dute... Donostian, aldiz, ez genuen ezer berezirik egiten. Horregatik, piratoi otu zitzaigun Irrikitaldia antolatzea, iseka moduan.

Bihar izango da aurtengo Irrikitaldia. Zer espero duzu?

Urterokoa espero dut. Urterokoa diodanean, ez diot betikoa. Esan nahi dudana da ekitaldia oso autonomoa denez hainbat sorpresa izango ditugula: eguna iritsi arte ez dugu jakingo zer gertatuko den.

Nolakoa da Irrikitaldia antolatzeko prozesua?

Hasierako urteetan saiatu ginen ekitaldi egituratu bat antolatzen. Hala ere, kuadrillek zuzenean parte hartzeko aukera dutenez, gure plangintzak hankaz gora amaitzen zuen. Horregatik, eskema txiki bat besterik ez dugu ezartzen. Figura batzuk finkatzen ditugu: alkatearena eta apaizarena, esaterako. Eta horretaz gainera, ekitaldian landuko ditugun hiru gaiak aukeratzen ditugu. Aurten, errefuxiatuen, turismoaren eta metroaren gaiak izango ditugu ardatz. Hala ere, Irrikitaldiari nortasuna jendearen zuzeneko parte hartzeak ematen dio.

Nolakoa izango da Donostiako Piraten etorkizuna?

Kofradien antolaketa eredua indarra hartzen ari da, eta interesgarria iruditzen zait hori: bide luzea dugu aurrerapausoak emateko. Hala ere, zailtasun asko izango ditugu. Kaiari oso lotuta gaudenez, horko eraldaketa urbanistikoek eragin zuzena dute gugan.

Zer esango zenioke Aste Nagusira parranda egitera doan pertsona bati?

Donostiako Piraten kofradietako egitarauei begiratu bat botatzeko: aniztasun handia izaten dute programek, eta, seguruenik, gustuko zerbait bilatuko luke. Jaiaren oinarria hor dago; ez, ordea, su artifizialetan edo Flamenkako eta Saguesko kontzertuetan.