ATZEKOZ AURRERA. Pilar del Rio. Itzultzaile eta kazetaria

«Eskolara iritsi behar dute giza eskubideek»

Saramago fundazioko presidente moduan, Giza Betebeharren Gutun Unibertsala batean eta bestean zabaltzen ari da Del Rio. Uste du funtsezkoa dela ingurumena errespetatu eta zaintzea.
PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

Urtzi Urkizu -

2018ko irailak 11
Saramago fundazioko presidentea da Pilar del Rio (Castril, Espainia, 1950). Jose Saramago idazle zenaren emazte eta itzultzailea izan zen, eta, orain, munduko hainbat hiritan ari da hitzaldiak ematen. Gaur, Giza Betebeharren Gutun Unibertsalaz ariko da Donostiako San Telmo museoan, 19:00etan.

Zeintzuk dira Giza Betebeharren Gutun Unibertsalaren oinarri garrantzitsuenak zuretzat?

Zaintzaren betebeharra funtsezkoa da. Oinarri batzuk ez daude jasoak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean, eta betebeharrak aintzat hartu behar dira. Funtsezkoak iruditzen zaizkit ingurumena babestea, gizakiak ez diren beste izakiak zaintzea eta gizakiok ahalduntzea ingurua errespetatzeko.

Giza eskubideez gehiago hitz egiten da betebeharrez baino.

Ez dakit ba; iruditzen zait giza eskubideez behar baino gutxiago hitz egiten dela. Soilik noizean behin aipatzen da Giza Eskubideen Aldarrikapena, baina ez dira eskubide zehatzak aipatzen. Horrek sumindu egiten nau. Ez dago munduan herrialderik hezkuntza sisteman Giza Eskubideen Aldarrikapena erakusten duenik; ikasketa planetan ez dago jasoa. Saramago fundazioan transmititzaile izan nahi dugu, giza eskubideak ez daitezen paper hutsa izan, baizik eta bete daitezela.

Giza Betebeharren Gutuna toki askotara ari zarete eramaten?

Bai, Nazio Batuetara ere eraman dugu. Baina pertsonen kontzientzietara eraman nahiko genuke. Horretarako, konplize asko behar ditugu: unibertsitateetan, gizarte mugimendutan, elizetan —kristauak ala ez—... Nahiko genuke herrialderen batek esatea eskoletan Giza Eskubideen Aldarrikapena ikasiko dela. Eskolara iritsi behar dute giza eskubideek.

Nolako lana ari zarete egiten Saramago fundazioan?

Kultur fundazio bat gara, eta elkartzeko eta eztabaidarako toki bat. Giza duintasunarekin bizi nahi dugu, eta hor sartzen da kultura. Liburuen egile eskubideekin eta jendeak ematen duenarekin egiten dugu aurrera, baina ez dugu diru laguntza publikorik.

Jose Saramago zenak uste zuen mundu hobe bat lor zitekeela gutuneko betebeharren bitartez?

Saramago pentsalari bat zen, ez idealista bat. Ez zen inozoa, baina bazekien jende askok desiratzen baditu gauzak gauza horiek lortu egiten direla. Ensaio sobre a lucidez (Buruargitasunari buruzko saioa) idatzi zuen, eta, egunen batean herritarrak euren kabuz hasten badira ahalduntzen, agian botere ilunek burua jaitsi beharko dute.

Hitzaldietan, zerk harritzen zaitu gehien entzuleengandik?

Herritar guztiok ditugu amets, behar eta antsietate berdinak. Saramagok esaten zuen egungo gizartea definitzen zuten bektoreak axolagabetasuna, etsipena eta beldurra direla. Hiru talde horietan ez dagoen jendea ari naiz aurkitzen: jende aktiboa, etsitzen ez duena eta beldurrik ez duena. Kontua da pertsona horiek parean etsaitasuna topatzen dutela.

Kazetari moduan, zer iritzi duzu egun egiten den kazetaritzaz?

Gehiegitan, korrika joaten gara boterea defendatzera. Indar berriak sortzen direnean egiak azaleratzera, horiek jipoitu egiten dira. Gure nagusiek ez dituzte gogoko ezustekoak.

Twitter erabiltzen duzu. Zer diozu sare sozialei buruz?

Komunikatzeko beharra dugunontzat, ondo daude. Gorrotoaren kofradiak eta iseka egiten baino ez dakitenak ere badaude. Baina alde ilun hori ez zait interesatzen, eta ikusten dut jende asko dagoela elkarri gauzak esateko beharrarekin. Mundu osoko irakurleak jarraitzen ditut sare sozialetan; jendearen sentsibilitatea ikustea maite dut.

Nolako ardura dute kazetariek mundu justuago bat irudikatzeko garaian?

Kazetariok une batean pentsatu genuen boterearekin trukagarriak ginela, eta profesioa galdu egin zen. Beste herritarrak bezalakoak gara. Enpresek neutroak nahi bagaituzte, eros ditzatela makinak.

Itzultzaile gisa, zer da garrantzitsuena liburu bat ondo itzultzeko?

Norbere hizkuntza ondo ezagutzea. Ezinezkoa da dena hitzez hitz itzultzea. Musika eta sinfonia bat dago liburu batean, eta beste hizkuntza batera pasatu behar duzu. Zaila da, eta zure hizkuntzaren musika oso-oso ondo ezagutu behar duzu. Saramagok esaten zuen literatura unibertsala itzultzaileek egiten dutela, baina ez daude aitortuak.

Mugimendu feministak kalera ateratzen ari dira. Zein da zure hausnarketa?

Feminista naiz. Martxoaren 8a Sao Paulon bizi izan nuen, eta sekulakoa izan zen. Arazo handia daukagu indarkeria matxistarekin. Ondo iruditzen zait emakumeok eta biktimak elkarrekin aritzea. Baina ez dut ulertzen zergatik ez dauden ehunka mila gizon kalean esaten ez direla erasotzaileak eta ez direla matxistak. Gizonen betebeharra da kalera ateratzea, euren diskurtsoarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Urtzi Urkizu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna