ATZEKOZ AURRERA. Blai Signes. Nafarroako Ospitale Guneko mediku egoiliarra

«Amets txikiek egiten dute bizitza handi: oinez ibiltzeak, bidaiatzeak...»

Hezur muineko transplante batek salbatu zion bizia Signesi. Transplanteen inguruan ezagutza izatea beharrezko iruditzen zaio, anitzek uste dutelako mingarria dela hezur muina ematea.
IÑIGO URIZ / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko irailak 26
2004an diagnostikatu zioten aplasia medularra, eta, 2006an hezur muineko transplante batek sendatu ondoren, mediku ikasketak hasi zituen Blai Signesek (Carlet, Herrialde Katalanak, 1982). Egun, mediku egoiliarra da Nafarroako Ospitale Gunean. Irailaren 15ean hasita 24 orduz, 244 kilometro egin zituen odol eta hezur muinen emateak bultzatzeko.

23 urte zenituela, Ameriketako Estatu Batuetara joatekoa zinen ingeniaritza bukatu eta lanera.

Gradu amaierako lana bertan egin behar nuen, eta hiru urterako lan kontratua neukan. Joan baino hamabortz egun lehenago, egun batetik bertzera gaixotu, eta aplasia medularra diagnostikatu zidaten.

Bi urte egin zenituen gaixorik; nola gogoratzen duzu garai hori?

Hasieran shock egoeran zaude; kirolari eta ikasle on izatetik edozein momentutan hil daitekeen gaixo bat izatera igarotzen zara. Ukatze fase batean zaude, eta ez duzu sinesten nola gertatzen ahal zaizun zuri. Bigarren hilabetetik aurrera, onartzen hasten zara eta sendatzeko esperantza izaten.

Gaixotasunak gehiago eman edo kendu dizu?

Batzuetan ulertzen zaila da, baina gaixo nengoela pentsatzen nuen zerbait ematen ari zitzaidala. Ni, behintzat, gauza positiboak bilatzen aritzen nintzen. Nire bokazioa eman dit. Bizitza disfrutatzea, segundo bakoitza baliatzea, laguntasuna baloratzea... Gauza anitz.

Errana duzu gaur egun bi urtebetetze ospatzen dituzula.

Transplantea izan dugunok daukagun zortea da hori. Nire urtebetetzea dut, eta gero transplantea egin zidaten egunean —azaroaren 24an— bertze ospakizun bat egiten dut.

Transplanteak salbatu zizun bizitza. Beharrezkoa da jendeak ezagutza izatea, ezta?

Oso beharrezkoa da. Espainia aitzindaria da organo solidoen transplantean, baina azkenak gara hezur muina ematean. Jendeak hezur muina ematea eta bizkarrezur muina ematea nahasten ditu, eta uste du oso mingarria dela, baina ez da horrela. Bizirik gaudela egin daiteke; hiru-lau ordutan sofa batean eserita egiten da, eta ez du minik ematen. Pertsona bati bizia salba diezaiokezu.

Luchar, Soñar, Vivir ipuinean, sendatu ondoren egin beharreko gauzen zerrenda egin, eta honako esaldi hau idatzi zenuen: «Zoriontsu izan nahi dut beti, gauza txikiez gozatu; gauza txikiek egiten dute bizitza zoragarri». Lortu duzu?

Bai. Amets handiak nituen; medikua izatea, transplantatuentzako lehiaketetan parte hartzea, Ameriketako Estatu Batuetara itzultzea. Baina amets txikiak ere baneuzkan: berriro bidaiatzea, amestea, oinez ibiltzea, maitemintzea, lagunekin paella bat jatea. Amets txiki horiek egiten dute bizitza handi.

Egun, hematologoa zara Nafarroako Ospitale Gunean. Gaixoekiko enpatia berezia garatu duzu?

Nik uste baietz. Anitzetan, mediku zaintzaz gain animoak ere behar dituztenean, haiekin hitz egiten dut. Hasieran, pentsatzen dute nik ez ditudala ulertzen, baina, nire historia kontatzen diedanean, begietan ikusten diet eskertzen dutela beraien ondoan egotea eta animoak ematea. Hala ere, bertze mediku eta erizain anitzek ere enpatia hori dute gaixotasunik sufritu gabe.

Kirola da zure bertze pasioetako bat. Zenbateraino lagundu dizu?

Kirola oso garrantzitsua da; ez dakit kirolik egin gabe bizitzen. Gaixo nengoela ere asko lagundu zidan; geroztik, gainera, nazioartean lehiatu naiz. Hala ere, honetaz nago harroen: gaixo nengoenean ere lortu nuela bizikletan bi kilometro egitea edo paseo luze bat egitea. Egiten nuen kirol apurrak laguntzen zidan gaixotasunari erraten: «Hemen nago, eta ezingo nauzu garaitu».

Orain bi aste, 244 kilometro egin zenituen bizikletan, transplanteak bultzatzeko. Iruñetik Linzara (Espainia) joan, eta itzulia. Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia pozgarria izan da. Gehienbat furgoneta batean lau lagunek lagundu nautelako, eta beraiekin igo nuelako Hiru Erregeen Mahaia. Jendeak bazuen erronkaren berri, eta askok gelditu gintuzten. Gainera, Iruñera iristean, Gaztelu plazan pazienteak, lankideak eta lagunak zeuden zain, eta oso polita izan zen.

Zer helbururekin egin zenuen?

Omenaldi bat zen. Nik 244 odol transfusio jaso nituen; kilometro bakoitzak transfusio bakoitza sinbolizatzen zuen, eta Hiru Erregen Mahaiko tontorrak, berriz, hezur muinaren transplantea. Odol ematea bultzatzea zen helburua, eta gaixoei erakustea ohiko bizitza egin daitekeela sendatu ondotik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna