ATZEKOZ AURRERA. Mamen Hidalgo. Kirol kazetaria

«Beti bilatzen da emakume kirolariaren atzean dagoen gizona»

Kirol prentsan bestelako ikuspegi bat txertatu nahi duten kazetarietako bat da Hidalgo. Emakume kirolariei balioa eman eta bestelako gaiak landuko dituen kirol prentsaren aldekoa da.
IÑIGO URIZ / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 27
Kazetaritza eta berdintasuna: bi gai horiek hizpide izan zituzten atzo Iruñeko Civican aretoan, Andrea Lilak elkarteak antolatutako jardunaldietan. Han izan da, besteak beste, Mamen Hidalgo (Ciudad Real, Espainia, 1988), generoan aditua den kirol kazetaria. Bere kabuz aritzen da, eta zenbait hedabidetan idazten du.

Badago berdintasunik kazetaritzan? Noraino?

Egia esan, uste dut ez dagoela batere berdintasunik. Erredakzioari dagokionez, emakumeek ez dute botererik hedabideetan. Beste sektoreetako arazo berak ditugu: kristalezko sabaia, soldata ezberdina... Irakurleari dagokionez, bulegoko maskulinizazioa ikus daiteke testuetan, ikuspuntuetan, titularretan...

Kiroletako kazetaritza are maskulinizatuagoa ikusten duzu?

Konplikatuagoa da, bai. Baina ñabardura bat egin nahiko nuke: askotan esaten da matxistagoa dela, eta ez nago ados; emakume guziek jasan behar ditugu antzeko egoerak. Zein da ezberdintasuna? Kirol kazetaritzan bakarrik gaudela.

Edukietan antzemanen da, beraz?

Izugarrikeriak argitaratzen dira. Askotan, kirolari emakumeen fisikoa baizik ez zaie inporta, eta, kirolari horiek arrakasta badute, beti bilatzen da atzean dagoen gizona: entrenatzailea, aita... Emakumeen arrakasta izugarri gutxiesten da.

Protagonistaren generoak albistearen trataera aldatu ohi du?

Serena Williamsen kasua, esaterako. Ez dut esanen neurria matxista denetz, baina informazioaren trataera erabat matxista izan da. Negarti eta bere onetik aterata irudikatzen dute arbitroarekin izandako jarrerarekin, baina Nadalek egiten badu, titularrek ez dute hori esaten.

Emakume gehiago baleude, ikuspuntua aldatuko litzateke?

Baietz uste dut, gauza batzuk ez genituzkeelako onartuko. Demagun kiroletako sailburua naizela. Erredaktore batek esaten badit kirolarien neskalagun politenen argazki galeria eginen duela, ezetz esanen nioke. Erredaktore banintz, ez nuke proposatuko. Nik uste gizon batzuek pentsatu ere ez dutela egiten.

Kirol kazetaritza baino gehiago, futbol kazetaritza egiten da?

Gizarte honetan, futbola da jaun eta jabe; hori da mundu guziak kontsumitu eta ikusten duena. Nik uste dut kirol kazetari asko berez futbolzaleak edo futbol talderen baten zaleak direla, eta hemen sartzen dira mundu horretatik gertu egoteko. Horrek ekarri du kirol kazetaritzan futbola izatea gai bakarra. Orain, pixka bat irekitzen ari da, eskari gehiago dagoelako, baina orain arte futbola, futbola eta futbola zen. Gainera, gizonen futbola. Uste dut bestelakoak eskainiz eta irakurleak heziz, beste kirolek interes bera izanen luketela.

Gainerako kirola baztertu da?

«Horrek ez du saltzen», esaten ziguten. Baina kliken bila ari gara? Orduan, Marceloren tatuajeaz eta Cristianoren ileaz hitz egin dezagun soilik, baina hori ez da ez kirola ezta kazetaritza ere.

Askotan esaten da emakumeen kirolaz ez dela idazten jendeak ez duelako interesik. Baina idazten denak pizten du interesa irakurlearengan. Nondik hautsi behar da gurpil zoroa?

Uste dut nahiko itsu gaudela. Kazetaritzak dinamika hori apurtu behar du, nik uste; bestelako edukiak eskaini. Demostratu da hori egiterakoan jendeari interesa pizten zaiola. Emakumeen futbolari orain hiru urte arte ez zitzaion askorik jarraitzen, eta orain izugarri hazi da. Aurten, 20 urtez azpiko munduko txapelketaren finala edo finalaurrekoa izan zen GolTV katean gehien ikusitako bigarren edukia, Juventusen partidaren aurretik. Baina eskaini egin behar da jendeak ikus dezan.

Kirol kazetaritza espezializatuan egoera okerragoa da prentsa orokorrean baino?

Zoritxarrez, hala da. Uste dut kirol komunikabide nagusietan ez dagoela genero ikuspegirik, eta ez dutela asmorik ere: emakumeak gauza bihurtzen dituzten galeriak, informazio matxista... Adibidez, Genie Bouchard tenislaria bilatzen baduzu hedabide horietan, dena da sexua, Instagrameko argazkiak, polemikak, mutil lagunak... baina tenisik ez. Prentsa orokorrean, normalki, ez da horrelakorik ikusten: eduki zainduagoak daude, eta gai sozialagoak dituzten erreportajeak.

Aurtengo Martxoaren 8ak eragina izan du kirol kazetaritzan?

Kazetaritzan oro har bai, batik bat prentsako emakumeak mobilizatu dituelako. Baina kirol kazetaritzan uste dut ezetz, emakume gutxi gaudelako. Zerbait egin beharko genuke denak batzeko, esperientziak eta ideiak partekatzeko, sarean mugitzeko... Hala ere, bada aldaketa bat: emakumeei buruz gehiago informatzen da. Baina ez dakit ez ote den bolada kontua. Beldurra dut kirol kazetaritza feminismora batu izana soilik aurpegia zuritzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria