ATZEKOZ AURRERA. Juan Hernandez. Zuzenbidean doktorea

«Nekropolitikaren atzean politika hagitz arrazistak daude»

Mediterraneo itsasoan izaten diren hondoratze anitz nahita eragindakoak direla uste du Hernandezek. Gainera, salatu du eskarmentu gisa funtzionatzen dutela, berriro saia ez daitezen.
IÑIGO URIZ / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko urriak 24
Zuzenbide doktorea da Juan Hernandez (Bilbo, 1958). EHUko irakaslea da, eta Latinoamerikako multinazionalen behatokiko kidea. Zabaldik antolatutako jardunaldien barruan, Behartutako desplazamenduak: bazterkeriatik nekropolitikara hitzaldia eman zuen atzo Iruñean.

Behartutako desplazamenduak: bazterketatik nekropolitikara hitzaldia eman zenuen. Zer da nekropolitika?

Nekropolitika Europako eta beste leku batzuetako gobernuek egiten duten praktika bat da. Gobernu horiek erabaki dute jendea hiltzen utzi behar dela. Horrek jendea hiltzen uztea dakar, Mediterraneoan, Saharan, edo munduko bertze edozein lekutan. Zuzeneko konexioa dauka sistema kapitalistarekin; egungo ekonomia ereduak erabaki du pertsona batzuk giza zaborra direla, eta ekoizten eta kontsumitzen ez badute ez dutela balio.

Zer dago politika horien atzean?

Nekropolitikaren atzean politika hagitz arrazistak daude. Giza eskubideen kategoria ezberdinak planteatzen dituzte. Nahiz eta errealitatean ez aplikatu teorian pertsona denek dituzten giza eskubide berak. Praktika arrazista horiekin, ordea, batzuei giza eskubideak kentzen dizkiete. Horregatik, hiltzen uzten dituztenak pobreak dira.

Nola uzten dituzte hiltzen?

Mediterraneoaren kasuan, Libiatik ateratzen direnean, salbamendu zerbitzuek azkar batean jakiten ahal dute zenbat jende dagoen itsasontzian, eta hondoratzea eragotzi. Hala ere, ez dute hori egiten. Horrek itsasoko itun guztiak apurtzen ditu. Itsasoan, hondoratzea eragotzi behar duzu, berdin du nor dagoen. Errefuxiatuen inguruan Europako Batasuneko estatu guztiek bete beharreko araua ez dute betetzen.

Zer ekartzen du horrek?

Itsasoan dauden pertsona horiek ez erreskatatzea dakar. Mediterraneo itsasoa hilobi handi bat bilakatu da. Gorpuak daude uretan flotatzen. Horren atzean arazo larri bat dago. Europako Batasunak eta gobernu kideak Libiako Gobernuarekin itunak egiten ari dira, eta gobernu horrek errefuxiatuen giza eskubideak urratzen ditu sistematikoki. Jendeak Afrikatik ihes egin nahi du, eta saiakera horietan ez dituzte artatzen. Hondoratzeak ez dira itsaso zakarraren ondorio, nahita eragindakoak dira. Eskarmentu gisa funtzionatzen dute, jendeak ihes egin ez dezan.

Zergatik azkenaldian ez da hainbertze solastatzen horretaz?

Ez dugu Mediterraneoan gertatzen diren heriotzen berri. Kriminalizatu egin dituzte gobernuz kanpoko erakundeen itsasontzi guztiak. Orain, erreskateak Libiako poliziek eta militarrek egiten dituzte, nahiz eta, nire ustez, ez dituzten egiten.

Eta bertze lekuetan nola dago egoera?

Espainiako hegoaldeko mugan ari dira erreskate gehien egiten. Erreskateak agintaritza militarraren esku utzi ditu Espainiako Gobernuak. Aldi berean, itsas salbamendua pribatizatzen ari dira. Agintaritza militar horrek ezberdin jokatuko du arazoak dituena yate handi bat bada edo txalupa bat bada. Horren atzean nekropolitika dago.

Errefuxiatuen krisia kontzeptua aipatzen da; zuk, ordea, krisi hitza saihesten duzu. Zergatik?

Krisi hitza entzunda, badirudi bat- batean etorritako zerbait dela. Gobernuek badakite politika militarrak eginda, industria militarra sortuta, armak ekoitzita, politika ekonomiko kolonialistak eginda jendeak gerratik eta miseriatik ihes egin nahiko duela. Itsasontzi gehiago prestatu beharko lituzkete Mediterraneoan, eta estatuetako egitura publikoak finantzatu jendea salbatzeko. Helburua jendea salbatzea izan behar da. Krisi hitza erabilita, hori dena estali nahi dute. Migrazio joan-etorriak askotan gertatzen dira. Kasu honetan, hau larritu egin da, nahiz eta orain dauden politika errepresiboengatik aurten 2015ean baino jende gutxiagok migratu duen Europako Batasunera.

EHUko irakaslea zara. Nola ikusten dituzu gazteak?

Dauden ikasle guztien artean arlo honetan mugitzen direnak gutxi dira proportzioan, gizartean aktibismoan gertatzen den bezala. Hala ere, talde egonkor bat badago, eta gauza hagitz interesgarriak egiten dituzte.

Eta gizartea, oro har?

Bertze alde batera begiratzen ari gara. Instituzioek eta alderdi politikoek hausnarketa sakona egin behar dute. Denek. Eskuin muturrak bakarrik sartu du gaia agendan. Nik alderdietan koldarkeria ikusten dut. Aurrekontuak negoziatzen ari diren honetan ez da inon ageri gaia. Gertatzen ari dena oso larria da. Europako Batasuna balio batzuekin saldu ziguten, eta demokraziaren eta giza eskubideen degradazioa ikaragarria da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria