ATZEKOZ AURRERA. Iker Ibero. Efektu bisualen diseinatzailea eta irakaslea

«Orain badugu denboraren makina: birsortze birtuala»

Ondarearen berreskurapen birtualean buru-belarri dabil Ibero. Teknologia berriak museo eta aztarnategietan sartzeko beharra aipatu du. Uste du Nafarroan oraindik proiektu asko egiteke daudela.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko azaroak 6
Bideo jokoei buruzko ikasketak eginda, eta telebista eta zinemako efektu bisualen masterra bukatuta, Madrilera joan zen Iker Ibero (Iruñea, 1994) Ranchito enpresa handian lan egiteko. Han bildutako esperientziarekin itzuli da Nafarroara. Irakasle da Creanavarran, joan den astean kultura eta teknologia berriei buruzko laborategia zuzendu zuen Nafarroako Artxiboan, eta bihar emanen du bigarren partea.

Nafarroa ez da hain txiki geratzen efektu bisualen munduan?

Aukera nuen Madrilen geratzeko, baina itzultzeko apustua egin nuen, ekarpena egin nahi dudalako. Egia da orain zinemaren mundua mugitzen ari dela: enpresak etorri dira, eta grabaziorako bi plato sortu behar dituzte. Hori interesgarria da.

Zer moduzko esperientzia izan zen Ranchitokoa?

Sekulakoa izan da, exijentzia oso handiko lanak egin baititugu, eta, noski, egunero zeure burua probatu behar zenuen. Alboan, urte askotako esperientzia zuen jendea nuen, eta izugarri irakatsi zidaten. Joan den hilabetean, Emmy bat eman ziguten Game of Thrones-erako egin genuen sekuentziagatik. Ez nuen inondik inora pentsatuko hainbeste parte hartuko nuenik horrelako telesail batean.

Ikusleak arretarik eskaintzen ez dien lan txiki asko egiten dituzue?

Hori oso ohikoa da. Adibidez, hastapenetan, ontziratoki bat egitea tokatu zitzaidan. Zur ezberdinekin egin nuen, ez zedin ikusi bi pieza berdin zeudenik. Dena erreal sortu nuen. Gero, telesaila ikusi nuenean, urrutian ageri zen ontziratokia. Ikusleak lan asko ez ditu antzematen, baina, era berean, egiten ez baduzu, haren falta sumatzen duzu.

Efektuek urte batzuen buruan gezurretakoak eman dezaketela eta, beldurrik izan duzu noizbait?

Lortu den errealismoa hain da handia, hortan lan egiten dugunok ere ez dugu ongi bereizten zer den errealitatea eta zer fikzioa. Ez bada agertzen gaur-gaurkoz ulertzen ez dugun teknologia berririk, ez dut beldurrik pentsatzeko hemendik urte batzuetara asko antzemanen dela.

Efektuak produkzio handien kontua izaten ziren. Egun, demokratizatzen ari da hori guzia?

Bai, teknologia guzien eskura dagoenez, aurrekontu txikiagoa duten filmetan ere sartzen ari da. Noski, beste modu batera, baina bere funtzioa ongi betez.

Kulturako beste alor batzuei buruz ari zarete laborategian. Zeri buruz?

Museoetan eta ondarearen berreskurapenean erabil daitezkeen teknologiez mintzatzen ari naiz. Gabezia handia sumatzen dut hor. Adibidez, arkeologia hondakinak ikustera joaten naizenean, edo eraitsita dagoen gaztelu bat, hori nolakoa zen ikusteko birsortze bat falta dela uste dut.

3D Navarra enpresan, Santa Krizekin ari zarete lanean. Zertan?

Birsortze birtual baten aldeko apustua egin dute. Ikus-entzunezko edukiek laguntzen dizute hiria nolakoa zen ulertzen.

Jendea erakartzeko balio dezake?

Bai, efektu hori ikusi dugu Santa Krizen. Trailerra asko zabaldu da, eta jendeari interesa piztu dio.

Behar handiak daude Nafarroan?

Daukaguna berritu behar dugu, eta ukitu teknologiko bat eman gure garaira egokitzeko. Sakelakoa giza besoaren zati da mundu teknologiko honetan, eta informazioa zabaltzea gehiago kostatzen da ez bada teknologiaren bidetik. Proposamen berriak daude merkatuan, eta erabil genitzake.

Adibidez?

Aztarnategi batean, aldez aurretik jaitsitako aplikazioarekin, puntuz puntu birsortze birtual bat, azalpen audio bat, bideo txiki bat eta beste agertzea zure sakelakoan.

Gida turistikoenak egin du?

Ez, gida turistikoak garrantzitsuak dira, pertsonen arteko kontaktua behar-beharrezkoa baita. Baina aztarnategi batzuetan ezin da gidarik egon edo ezta talde txiki batentzat ere. Elkarren osagarri dira.

Zergatik duzu hainbeste interes ondarearen berreskurapenean?

Txikitan, 9-10 urterekin, nire familiak askotan eramaten ninduen aztarnategietara eta gazteluetara, eta beti imajinatzen nuen nolakoa izanen litzatekeen leku hori. Orain tresnak ditut haurrei aztarnategia erakusteko. Garai hartan zera nioen: «Zer ongi legokeen denbora makina bat izan, eta atzera egitea». Bada, esan dezakegu denbora makina hori badugula: birsortze birtuala.

Zeure buruan dagoenaren proiekzio bat da, beraz?

Bai, bai. Baina birsortze bat egin behar badugu, historialariekin eta arkeologoekin egiten dugu lan, jakiteko inguru hori, eraikin hori edo gaztelu hori nolakoa zen zehatz-mehatz. Bestela ez luke zentzurik, jendea engainatzea litzateke. Oinarri sendo bat beharrezkoa da hortik abiaturik berreraikitzeko.
Iker Tubia

Informazio osagarria