ATZEKOZ AURRERA. Henrik Nilsson. Europako Terminologia Elkartearen lehendakaria

«Hizkuntzak ikastea ez da 'hobby' bat»

Bi eskuetako hatzekin zenbatu daitekeen baino hizkuntza gehiago dakizki Nilssonek, eta haietako termino berriekin egiten du lan.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2018ko azaroak 22

Hizkuntzarekin egin izan du lan beti Henrik Nilssonek (Suedia, 1970). Suediako Terminologia Zentroan aritu zen aurrena, eta Europako Terminologia Elkartearen lehendakaria da egun. Aste honetan, Donostiara bidaiatu du, UZEI terminologia eta lexikografia zentroak antolatutako Terminologia gailurra egitasmoan parte hartzeko. Bi urtean behin egiten dute topaketa, eta Luxenburgon izan zen azkena: gaur eta bihar, ordea, Donostian ariko dira gogoetan, lan terminologikoaren kalitatearen inguruan. Terminologiaren beharraren kontzientzia piztu nahi dute, eta eztabaidatu teknologiak eta sareko eduki berriek ekarritako aldaketez.

Zein dira terminologiaren egungo erronka nagusiak?

Suediako Terminologia Zentroan lan egin nuen urteetan, eta orain etorkizun latza daukate aurretik. Gobernuen laguntza ezinbestekoa da, eta Europako zenbait lekutan ez da hori bermatzen.

Zein da zentro horien garrantzia?

Terminologia sortzeko eta mantentzeko beharrezko guneak dira halako zentroak; batez ere, hizkuntza txikien kasuan. Helburua beti da nork bere hizkuntzan egin ahal izatea dena: alor guztietako terminologia batzea, hizkuntza bakarrean aritzeko aukera izateko.

Inguruko hizkuntza askok dute asimilatuak izateko arriskua?

Ingelesak eragin masiboa dauka gaur egun. Suedian ere bi hizkuntza ikasi behar izaten dira: zeurea, eta ingelesa, eta horrela da beste leku gehienetan ere. Horregatik elkartzen gara Europa osoko eragileak, elkarlanetik irtenbideak lantzeko.

Hizkuntza gutxituek ahalegin berezia egin beharko dute.

Batzuek nahiago izaten dute hizkuntza txiki deitzea, hizkuntza gutxitu deitu beharrean. Gogoan daukat Groenlandiara joan nintzenean ezagutu nuela hangoen hizkuntza, hizkuntza handiagoekin etengabeko harremanean, hemen gaztelaniarekin eta frantsesarekin gertatzen den moduan. Erronka berezia da halakoena, baina oso garrantzitsua da antzinatik hitz egiten diren hainbat hizkuntzarekin egiten ari diren biziberritzea.

Eta euskararena, zehazki?

UZEI lan handia egiten ari da hemen, eta, hein batean, teknologia gakoa da euskara biziberritzeko. Testuetan termino berriak aurkitzeko garatutako teknologiak asko errazten du lana. Hizkuntzaz dakidanagatik, hitz forma asko daude, eta, hori guztia aztertzeko, teknologia behar da. Gainera, inork ere ez du zugatik egingo, bereziki hizkuntza txikia bazara, zuk zeuk egin behar duzu.

Hitz berriak gizarteratzeak ere ez du erraza izan behar.

Erronka handia izaten da termino berriak sortzen direnean zabaltzea, eta jendeak erabil ditzan lortzea. Gainera, halakoetan zaila da izandako harrera neurtzea; alegia, erabiltzen ote den termino berri hori.

Zein izan ohi da arazoa: terminologia falta, ala termino egokia ez erabiltzeko ohitura?

Askotan gertatzen den zerbait da terminoak falta direla zenbait hizkuntzatan, eta ingelesezkoa erabiltzen hasteko joera dagoela. Gero zaila izaten da horri buelta ematea. Horregatik da garrantzitsua egitura oso bat antolatzea, hizkuntza lantzea, eta hizkuntzaren eta alor jakin baten inguruko eragileen artean ados jarri eta termino berriak sortzea.

Hizkuntza txiki asko elkartuko dira egunotan Donostian?

Izango ditugu galesa, Irlandako gaelera, katalana, eta, txikiak ez diren arren, handiekin alderatuta txikiak diruditen beste asko ere bai; daniera, esaterako. Esango nuke banaketa egokia dagoela: etorriko dira Eslovakiatik, Esloveniatik, Lituaniatik, Kroaziatik, Alemaniatik, Italiatik... Europako herrialde askotako ordezkaritza izango dugu.

Euskararekin harremanik izan al duzu lehenago?

Euskararen inguruan jakin ohi dena da inork ez dakiela hizkuntzaren jatorria. Horrek gogoa berotu egiten dio jende askori, gainera. Gauzak asko aldatu dira Euskal Herrian, eta esango nuke jendeak Euskal Herriarekiko duen ikuspegia ere aldatu dela. Gaztelania ikasten aritu nintzenean, euskal eta kataluniar naziotasunen inguruan ere asko ikasi nuen. Gaur egun, inguruko ezagun guztiek gomendatzen didate hona etortzea.

Zenbat hizkuntzatan hitz egiteko gai zara?

Ingelesa eta frantsesa ikasi ditut gehien. Hizkuntza eskandinaviarrak ere ulertzeko gai naiz, elkarren antz handia baitute: norvegiera, suediera eta daniera. Alemana eta nederlandera ikasi nituen, gaztelania eta italiera, eta finlandiera eta islandiera apur bat ere bai. Zaila da hitz egiteko gaitasuna lortzea, baina orain errumaniera ikasten ari naiz. Irakurri eta irakurri, horrela ikasten da. Hizkuntzak ikastea ez da hobby bat, hori baino askoz gehiago da, eta jende berria ezagutzeak asko errazten ditu gauzak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Hemezortzi kasu atzeman dituzte Zamudioko zahar etxe batean

Berria

Donostiako eta Bilboko bi zahar etxeetan ere positiboak izan dira.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Beste zazpi positibo euskal taldeen artean

Berria

Athleticen sei jokalarik eman dute positibo, eta Osasunan, berriz, Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Andoni Imaz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna