ATZEKOZ AURRERA. Elena Goñi. Artista

«Gorputz atalekin lan egiteak erabateko lasaitasuna ematen dit»

'Autorretrato' izenburua du Goñiren erakusketa berriak, baina aurpegirik ez da ageri lanetako batean ere. Hankak, besoak, bularrak... Bestelako gorputz ataletan identifikatzen du bere burua artistak.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Selfie-ak nagusi diren garaian, gorputzaren bestelako alderdiak aldarrikatu nahi izan ditu Elena Goñi artistak (Iruñea, 1968). Ohean etzanda, biluzik, bere gorputz atalak margotu ditu. Halaber, aitortu du koadro horiek aurpegien argazkiak baino egiazkoagoak iruditzen zaizkiola: «Nortasun agiriko argazkian baino gehiago ikusten dut neure burua koadro horietan». Urtarrilaren 11 bitarte, intimotasunean margotutako dozena bat koadro ikusteko aukera egongo da Bilboko Espacio Marzana arte galerian.

Nola sortu zen erakusketa?

Lanean daramatzadan hogei urte hauetan ez ditut nire aurpegiaren autorretratu asko egin, baina lanbideak balio izan dit konturatzeko mota horretako irudietan ez dudala neure burua ezagutzen.

Zergatik?

Gure aurpegiaren ikuspegi maneatua dugu, oro har. Uste dugu kamera baten objektiboak edo ispiluaren islak sortzen duen alderantzizko irudiak definitzen gaituela. Baina irudi horren faltsutzeak aurpegi horretan ikusten duguna ezagutzea eragozten digu.

Aurpegiarekin soilik gertatzen da hori?

Ez. Eskuetan, hanketan edo bularrean, esaterako, inolako iragazkirik gabe, zuzenean ikusten dugu gure gorputza. Ikuspegi zuzena eta erreala da. Horregatik margotu ditut gorputz atalak erakusketa honetarako; era batean, hausnarketa batzuen ondorio dira autorretratu hauek. Neure burua nola ikusten dudan erakusten dute.

Nola erabakitzen duzu zer margotu?

Uste dut lotura hertsia duela aldartearekin eta momentuarekin. Adibidez, ohe gainean, kafea eta sakelako telefonoa eskuan ditudala aurrean ikusten dudanak atentzioa ematen badit, koadro batean irudikatzea erabakitzen dut. Plazer uneak iruditzen zaizkit.

Esan daiteke jendeak asko begiratu eta gutxi ikusten duela?

Hala da. Gero eta informazio bisual gehiago jasotzen dugu, eta, batzuetan, denborak ez digu begiratzen uzten. Hain azkar begiratzen dugu, apenas ikusten dugun.

Zer ekarri dizu alderdi hain pertsonala erakusteak?

Irudia aldarrikatzeko modu bat da.Koadro hauek guztiz intimoak dira, eta agerian egongo naizela aintzat hartuta egin ditut, bestela ez nituzkeen egingo. Horretan datza artea. Azken finean, antzerkitxoak bukatzeko era bat da, bakoitza den modukoa dela eta berdin diola modu horrek. Barnean duguna askoz gehiago da, sare sozialetan argitaratzen ditugun argazki txoro horiek baino.

«Antzerkitxo» diozunean, zertaz ari zara?

Azken urteotan, autorretratuek indar handia hartu dute sare sozialetan. Selfie-ak nagusi dira argazkien artean, eta, kasualitatez, mundu guztia kontent, lagunen batekin eta zoriontasun aurpegiarekin azaltzen da. Baina iruditzen zait inork ez duela egiarik erakusten.

Sare sozialen aurka zaudela esan daiteke?

Inolaz ere ez. Halaber, normala iruditzen zait duten eragina. Gizartearen desbideratze guztiz logikoa dira, eta hori oso ondo dago. Funtzio egokia dute, ez zaizkit ez txarrak eta ez onak iruditzen. Sare sozialekin egiten den erabilera litzateke aztertu beharrekoa, baina horretan modek eragin handia dute.

Zerbait aurkitu al duzu margotzen zenuen bitartean?

Naturala denarekin lan egitea nolako gozamena den aurkitu dut. Halaber, berretsi dezaket dugun onena dela. Hasieran, beldurra izan nuen, naturala marrazteak ahalegin handia eskatzen baitu, baina konturatu naiz eremu interesgarrietara iristeko baliabide guztiak eskaintzen dizkizula. Argazkiekin soilik lan eginda, esperientziaz urri gera zaitezke; naturalarekin, hots, norbere gorputzarekin lan egiteak, aldiz, erabateko lasaitasuna ematen dizu. Hein batean, begia garunaren bidez hezten da.

Ba al dute kutsu erotikorik lan hauek?

Bat ere ez, baina kontziente naiz publikoak ikusten dituenean esan dezakeela erotikoak direla, lagun batzuekin pasatu baitzait. Azken finean, autorretratua zeure buruari eta zuretzat egindako azterketa bat da, eta guztiok gara azterketa hori egiteko gai.

Gustura al zaude lortutako emaitzarekin?

Bai, pozik nago. Badago koadro bat erakusketan, prozesuaren amaiera erakusten duena. Garai txarrak pasatu izan ditut azken bi urteetan, ez dut ia ezertarako adorerik izan. Baina koadro horrek argia du, eta lasaitasun sentipena islatzen du, minarekiko distantzia. Bizitzako ziklo bat itxi eta burbuila gordeko dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.