ATZEKOZ AURRERA. Dionisio Lauroba. Liburuaren egilea

«Uraren altxorra albo batera geratu da»

'Zestoako ur miraritsuak' liburuan jaso du Laurobak bainuetxearen historia. Katalina Zubizarreta ezagutarazi nahi die zestoarrei; aurre egin zion bainuetxearen jabeari, San Millango markesari.
GORKA RUBIO / FOKU

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko abenduak 6
Dionisio Laurobak (Aguilar del Rio Alhama, Espainia, 1955) Zestoako ur miraritsuak liburuan jaso du Zestoako (Gipuzkoa) bainuetxearen historia. Informazioa zabaltzeko asmoz ekin bazion ere, kontzientziak astindu nahi ditu Laurobak: egun enpresa pribatuen esku dagoen ondareak herritarrena izan beharko luke, haren ustez. Alabak lagundu zion liburuari forma ematen; duela bi urte hil zen hura, minbiziarekin. Perurekin izeneko gobernuz kanpoko erakundean ibili zen; horregatik, liburuen salmentatik jasotako dirua elkarte horri emango dio.

Bainuetxeko lorategian du abiapuntua zure liburuak.

Bai, nire asmoa zen jakitea nork eta nola egin zuen bainuetxeko loretokia. Ehun urtetik gora dituzten magnoliak daude; 1896an ireki zuten hotela, eta orduan jarri zituzten zuhaitzak. Aspalditik datorkit ekologiaren eta naturaren gaineko zaletasuna; horrek bultzatuta, zuhaitzei lotutako gauzak ikasten hasi nintzen, kimaketa eta. Gero, Eusko Jaurlaritzako lorezainen lehenengo lehiaketara aurkeztu nintzen, eta urte askoan lan egin nuen hango loretokiak zaintzen.

Lorategitik bainuetxera iritsi zara.

Bai. Ikertzen hasi nintzenean, ezer gutxi aurkitu nuen: lorategiaren plano txiki bat soilik. Baina harrituta geratu nintzen bainuetxearen historiarekin eta aberastasunarekin.

Kondairak dioenez, markes baten txakurrek topatu zituzten urak.

San Millango markesa eta haren txakurrak ehizan ibiltzen ziren inguruetan. Haren txakurrek hazteria zuten, eta sendatu egin ziren. Orduan, susmoa izan zuten urak zerbait berezia bazuela, baina ez zekiten zer. Herritarrek aurretik ere bazekiten zerbait: elurte handienetan, bazegoen toki bat elurra itsasten ez zena. Lurra beroagoa zegoen, urarengatik. Orain ere Zestoako zelairik onenak dira haiek.

Zer du bereizgarri Zestoako bainuetxeak?

Euskal Herriko bainuetxerik zaharrena da, eta uraren balioak ere azpimarratzekoak dira. Garai batean, bainuetxeak ziren medikuntza bakarra. Miraritsuak ziren urak, eta haien balio onuragarriengatik etortzen zen jendea; kardinalak, erreginak eta jende ospetsua etortzen zen. Urarekin batera, janariak, klimak, inguruak eta kulturak ere laguntzen zioten jendeari sendatzen. Bederatziurrenak egiten zituen jendeak, eta beste batzuk hilabete osoa pasatzera ere etortzen ziren.

Zertan aldatu da?

Uraren balioa galduz joan zen pixkanaka, eta modak eta turismoak hartu zuten lekukoa: Donostiara eta Zarautzera joaten hasi zen bainuetxera etorritako jendea. XX. mendearen hasieran elkarte anonimo bilakatu zen, eta orain enpresa kate baten esku dago. Egun, adinekoen turismo programek eusten diote bainuetxeari. Uraren altxorra albo batera geratu da, eta turismoa nagusitu da; hotelak hartu du indarra.

Zer izan da bainuetxea zestoarrentzat?

Bainuetxea dena izan zen zestoarrentzat; 60-70 urte inguru dituztenek kontatzen dute garai batean baimena eskatu behar zela bainuetxera sartzeko, punta-puntako jendea baitzetorren. Zestoan, astean zehar, pilota partidak, musika emanaldiak eta abar egoten ziren. Bainuetxeari esker, hamaika hotel sortu ziren herrian. Baina, bainuetxea aldatzearekin batera, pikutara joan da dena, baita hotelak ere.

Herritarren testigantzak jaso dituzu. Zer nabarmenduko zenuke?

Emakume zoragarri bat aurkitu dut, Katalina Zubizarreta. Hura ezagutu behar dute zestoarrek. Markesak alokatu egiten zuen bainuetxea, eta Katalina Zubizarretak gidatu zuen hainbat urtez. Baina haserretu egin ziren, eta 1825ean utzi egin zuen Zubizarretak; ostatu bat ireki zuen handik gertu. Bainuetxera jende aberatsa zetorren: urak ordaintzen zituzten, baita janaria eta egonaldia ere. Zubizarretak, aldiz, aukera zabala zuen: lotarako aukera zegoen, nork bere janaria eraman zezakeen, eta berak ere prestatzen zituen otorduak. Erdi prezioan ateratzen zitzaien bezeroei, eta baliabide gutxiago zuen jendea joaten zen hara. Markesak legez kanpokoa zela zioen.

Nola bukatu zen gatazka?

Zubizarreta emakumea zen, eta markesaren aurka jo zuen; borroka feminista baten aurrean gaude. Bainuetxearen jabeek aberatsentzako bunker bat nahi zuten; Zubizarretak, aldiz, herritarrei irekitzea nahi zuen. Hiru urtez ibili zen borrokan, eta berak irabazi zuen auzia. Urek denentzat irekiak egon behar zutela ebatzi zuten epaileek.

Ba al dute haren berri zestoarrek?

Ikertzen ibili direnek zerbait badakite, baina oso gutxi daki jendeak oro har. Emakume borrokalari eta ausartei buruz ez dago idatzita liburuetan. Katalina Zubizarreta emakume ausarta aldarrikatu nahi dut nik, iraultzailea eta feminista. Hari eskainitako poema bat dago liburuaren amaieran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Izaro Zinkunegi Barandiaran

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna