ATZEKOZ AURRERA. Jon Urrutia. Musikaria

«Modu desegokian irakasten da musika»

Musika tresnak egiteaz gain, musikaren hizkuntzara modu ludikoan hurbiltzen du ikuslea Trakamatrakak. Ezohiko ikuskizun berezi batean hainbat balio helaraztea da Urrutia sortzailearen helburua.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abenduak 21
Jazz erritmoa duten mangerak, kriskitin konplexua daukaten maionesa tapak eta erritmo afrikarrez beteriko tutuak aurrean dituela aurkezten du Trakamatraka proiektua Jon Urrutia musikariak (Bilbo, 1978). Material birziklatuak erabiliz, doinuak eta erritmoak sortzen ditu kontzertu eta tailerretan. EHUko Leioako campusean eman berri du ikuskizuna. Hilaren 24an, Iruñean egongo da; eta 28an, Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Musika da Trakamatrakaren oinarria. Baina beste zer da?

Material birziklatuekin egindako musika tresnak erabiliz, musika modu dibertigarrian hurreratzen saiatzen gara Trakamatrakako emanaldietan. Adin guztiei zabaldua dago, eta musikarekin adiskidetzea da gure asmoa. Horrez gain, jakin-mina piztea, sormena eta irudimena bermatzea eta birziklatzeko kontzientzia lantzea dira ardatz nagusiak.

Musikaria zara ofizioz. Nolatan pentsatu zenuen horrelako proiektu bat martxan jartzea?

Jaialdi batean Coestu Kataluniako taldea ezagutu nuen, eta bertako kide Xavi Lozanok txundituta utzi ninduen. Etxera bueltatzean, probak egiten hasi nintzen, eta, horren ostean, musika tresnak sortzeko, luthier teknikak ikasi nituen. Horrez gain, hainbat musika tresna arakatzen eta bidaiatzen ere ibili izan naiz, zenbait lurraldetako musika tresnak ezagutzen, irakasleen bidez.

Nola antolatzen dituzu saioak?

Lehenengo, kontzertu didaktiko moduko bat egiten dut. Eta, bigarren zatian, entzuleak protagonista eta sortzaile bilakatzen dira. Nire gidaritzapean, haiek egiten dituzte musika tresnak.

Ez da gauza bera izango erositako musika tresna bat edo norberak egindako bat jotzea.

Ez. Baina sorpresa asko izaten dira. Egiten ditugun musika tresnak benetako musika tresnetan oinarrituta daude; adibidez, lastotxo batekin dultzainaren teknika berbera duen musika tresna bat egin daiteke. Soinu ahalik eta politena ateratzen saiatzen gara. Hala ere, egia da klarinete bat edo mila euro inguruko biolin bat ezin dela berdindu horren erraz, baina, soinua baino gehiago, pertsonak bere baitan duen musika ateratzea da garrantzitsuena.

Zer instrumentu erabiltzen dituzue tailerretan?

Denetarik: lastotxoz egindako dultzainak, mirlitoiak, esne brikekin egindako gitarrak. Perkusiozko musika tresnak egitea errazagoa da, baina nik bereziki haizezkoak oso gustuko ditut; mundu ikaragarria iruditzen zaizkit. Hainbat materiali korda bat jarrita, erraz lortzen da harizko musika tresna bat, baina haizezko musika tresnetan ezagutzen ez ditugun musika tresna asko daude, beste herrialde batzuetakoak direnak eta soinu ikaragarria dutenak: Arabia, Turkia, Bulgaria eta Ipar Ekialdekoak, esaterako.

Non bilatzen duzu inspirazioa?

Askotan, haurrek beraiek ematen dizkidate ideiak. Duela gutxi, kontzertu batean haur batek patata lastotxo bat zuen ahoan; hodi itxura zutela konturatzearekin bat, hodi horrekin soinua atera zitekeela pentsatu nuen. Umea bera ere, konturatu gabe, soinua atera nahian zebilen. Horrez gain, adituek ere inspiratzen naute; haien ideiak eraldatuz edota betiko musika tresnetan arreta jarriz sortzen ditut musika tresnak.

Edozein material birziklaturekin egin al daiteke musika tresna bat?

Hala da. Nik azenarioak eta adreiluak erabili izan ditut, baita gomak, plastikoak, egurrak eta hezurrak ere. Denak dira berezi, bakoitzak bere sonoritatea du.

Eta zer musika mota egin daiteke material birziklatuekin?

Errepertorioa leku guztietatik saiatzen naiz ateratzen, eta tailer hauetan ere pixka bat denetarik egiten dugu: Vivaldi makulu batekin, jazz doinuak ureztontziekin, AC/DC hondartzako ontziekin, Beethoven erratz batekin, edota biribilketa bat lastotxo batekin. Aniztasun hori ikaragarria da.

Aniztasun hori gizartean islatua ikusten duzu?

Baikorragoa izatea gustatuko litzaidake, baina ez dut aniztasunik ikusten. Ez nago oso eroso gaur egun ditugun musika motekin; badituzte bere alde onak, baina gazteek gehienbat beste musika batzuk ere ezagutu behar dituzte, eta kritikoagoak izan beharko lukete.

Musikarekin jolasteko beste bide bat eskaintzea izan al da zure asmoa?

Egun, musika modu desegokian irakasten da, askotan derrigortuta, eta hainbatek kontserbatorioko ikasketa ortodoxoen bidez jasotzen dute. Gizartea aldatu bada ere, hezkuntza oraindik Monteverdiren garaian dago. Horrez gain, gaur egun frustrazio gaitasun oso txikia dute haurrek. Horregatik, niri esperimentatzea asko gustatzen zait; frustrazio gaitasun hori gainditzen laguntzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna