ATZEKOZ AURRERA. Kathy Sey. The Sey Sisters taldeko kidea

«Garenetik abesten dugu: emakumeak, beltzak eta katalanak»

Ahotsa, erritmoa, janzkera. The Sey Sistersen kontzertuetan dena da ikuskizunaren parte. Hiru abeslarietako bat da Kathy Sey, eta, dioenez, borrokatzeko deia egin nahi dute musikaren bidez.

Zutik, bigarrena, Kahty Sey, ahizpekin eta Albert Bartolome pianistarekin. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Bartzelonan haziak eta heziak dira Sey ahizpak, baina Afrikako erritmoak zainetan barrena dituzte. Kathy Sey (Bartzelona, 1991) da euretako bat. Yolanda Sey bikiarekin eta Edna Sey ahizpa zaharrarekin batera sortu du The Sey Sisters taldea. Gospel doinu tradizionalakerritmoz blaitzen eta euren sustraiei gorazarre egiten dihardute.

Hiru ahots eta piano doinuak; eta, baturaz, taldea. Antzerkigintzan eta musikagintzan ibilbide oparoa izateaz gain, Black is Beltza filmaren soinu bandan parte hartu dute. Euskal Herrian geldialdirik egin duten arren, Herrialde Katalanetan barna egiten dituzte kontzertu gehienak. Andoainen (Gipuzkoa) kantatu berri dute.

Hiru ahizpak osatzen duzue taldea, baina bakarkako bidean ere ibilbide oparoa duzue zuetako bakoitzak. Nolakoa izan da bide profesionalak elkartzeko unea?

Hasieran, Edna ahizpa zaharra hasi zen pianistarekin batera ezkontza eta antzeko ekitaldietan kantatzen. Yolanda eta biok oso gazteak ginen orduan. Gu musika eskolan hasi ginen, eta senide baten ezkontzan animatu ginen lehenengoz hirurak batera abestera. Hortik aurrera jaio zen The Sey Sisters.

Talde gisa 2006an hasi zineten, baina lehen diskoa bederatzi urte geroago ondu zenuten. Zer dela eta?

Egia esan, inurri lanetan ibili gara, apurka-apurka hazten, arlo pertsonalean zein profesionalean. Diskoa apur bat beharrizanez plazaratu genuen. Kontzertuetan, ikusleek diskoak eskatzen zizkiguten, ikusitakoaren euskarri fisikoa. Lehen lan hori zuzenekoen isla izan zen.

Bigarrena aurkeztu berri duzue. Ba al du alderik lehenarekin?

Bigarren hau askoz landuagoa da. Orain askoz gehiago sakondu dugu. Mezua argiagoa da; esan nahi genuena sortzea izan da helburua.

Eta zein da mezua, bada?

Rise, altxatu. Bigarren lan honen mezua The Sey Sisters denaren esentzia da. Bidegabekerien aurka borrokatzen gara; baina borroka hori beti itxaropentsu egiten dugu, argitasunetik. Beti saiatzen gara mezu positiboa igortzen, eta, bide batez, gure sustraiak ez ahazten.

Oro har, hori da The Sey Sistersen musikaren helburua?

Gure helburua emakume beltzen ahalduntzea da, gu geu ere hori garelako. Garenetik abesten dugu: emakumeak, beltzak eta katalanak. Hemen gaude, eta hemengo musikarien parte gara. Komunitate gisa ahotsa goratzeko beharretik jaio da gure musika. Izan ere, toki bateko musika toki horretako jendeak egiten duen musika da, ez bakarrik irratian entzuten dena.

Katalana zara, baina zure arbasoak Ghanakoak dira. Horiek dira oroitu nahi dituzuen sustraiak?

Yolanda eta biok Bartzelonan jaioak gara, eta Edna 2 urte zituela etorri zen. Nondik gatozen gogoratu nahi dugu. Horren adibide dira kontzertuetan janzten ditugun soinekoak edo kantuetan txertatzen ditugun erritmo afrikarrak. Gurasoek irakatsi ziguten Ghanako abesti tradizional bat ere kantatzen dugu. Nondik gatozen ez ahazteko modu bat da, zer garen ez ahazteko, eta, gainera, garenaz harro egoteko. Horren emaitza dira gure zuzenekoak.

Izan ere, nahiko zuzeneko bereziak egiten dituzue. Ahotsaz gain, zer beste elementu dituzte zuen kontzertuek?

Zuzenekoetan ahalegintzen gara jai giro kutsua txertatzen. Dantza, erritmoa, jantziak eta beste dira horren erakusle. Nahasketa bat da. Gu geu garen nahastea iradokitzeko era bat ere bada: Ghanako arbasoak dituzten katalanak. Bien bat egitearen ondorio gara, eta ez diogu ez batari eta ez besteari uko egin nahi.

Musika estiloetan ere nabari da nahasketa, baina gospela gailentzen da; zer dela eta?

Etxean entzun dugun horretan oinarritu gara. Hasieran, gospel tradizionala kantatzen genuen, eta, gerora, soula, doinu afrikarrak eta popa gehituz joan gara. Beste behin, nahasketa. Garena eta hartuz joan garena. Ez dugu gospela alboratu nahi. Umetan etxean jasotakoa hartu, eta gospel klasikoa eraldatzen saiatzen gara.

Esango zenuke emakumea eta beltza izateak bidea zaildu dizula?

Musikaren alorrean, gospela eta soula ez daude modan, eta, batzuetan, konplikatua da horrelako estiloak landuz tokia egitea. Egote hutsa aldarri bat da; hemengo musika hemengo sortzaileek egiten dugun oro da. Mainstreaming-etik kanpo errealitate asko daude, erakusten ez diren errealitateak. Horietako bat da gurea. Beltzen estereotipoetatik atera behar dugu. Arbaso afrikarrak ditugu, etorkinen ondorengoak gara, hemen hazi eta hezitakoak. Errealitate horiek azaleratu behar dira, eta, bide batez, ohartu egungo Europa ez dela zuria. Jadanik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.