ATZEKOZ AURRERA. Arnaitz Fernandez. Meteorologia dibulgatzailea

«Sentsazionalismo pixka bat badago meteorologian»

Zientzia eta meteorologia zalea da Fernandez, eta jakintza horiek dibulgatzea maite du. Zientzia modu erakargarrian zabaltzearen aldekoa da, baina sasi-zientziarekin kontuz ibiltzeko ohartarazi du.
JON URBE / FOKU

Iker Tubia -

2019ko urtarrilak 15
Han eta hemen eguraldiaz mintzo da Arnaitz Fernandez (Iruñea, 1995). Fisika ikasten ari da EHUn, baina karrera bukatu aurretik hasi da zientzia dibulgatzen: sare sozialetan eta komunikabideetan. Euskalerria Irratian, EITBn eta Navarra TVn aritzen da, besteak beste. Ikasketak burutzean, meteorologiari loturik ikusten du bere etorkizuna.

Igogailuaren sindromea duzu?

Bizilagunek askotan galdetzen didate ea zer eguraldi egingo duen, eta gogoa izaten dut isobaren mapa bat atera eta ondo azaltzeko.

Jende asko eguraldiaz aritzen da zertaz hitz egin ez dakienean. Zure kasuan kontrakoa da?

Egia esan, askotan ez dut eguraldiaz hitz egin nahi, egun osoa mapekin bainabil. Deskonektatzeko ondo dago beste gauza batzuez hitz egitea. Dena den, beti prest nago eguraldiaz hitz egiteko, nire pasioa baita.

Eguraldiarekiko grina, nolatan?

Txikitan, leihoaren ondoan geratzen nintzen elur malutei begira. Neure buruari galdetzen nion ea zergatik egiten zuen elurra. Dibulgazio liburuak irakurtzen hasi, eta jakin-mina handituz joan zen.

Mariano Rajoyk ez zekien sobera ongi zergatik erortzen den ura zerutik behera. Jendeak badaki?

Geroz eta interes handiagoa dago meteorologiari buruz. Hala ere, uste dut inkesta bat eginez gero askok ez luketela erantzuten jakingo.

Zaila da fenomeno meteorologikoak modu ulergarrian azaltzea?

Dibulgatzaileek modu errazean eta erakargarrian azaldu behar dute, eta batzuetan ez da erraza.

Teknologiek laguntzen dute?

Bai, baina arriskuak ere badituzte: ideia sasi-zientifikoak errazago zabaltzen ahal dira; beraz, kontu handiz ibili behar dugu. Homeopatia zabalduago dago sare sozialak daudenetik, eta hori arriskutsua da.

Mota askotariko alertak jasotzen ditugu hedabideetan. Uste duzu gehiegizko informazioa dagoela?

Sentsazionalismo pixka bat badago meteorologiaren alorrean. Egun hauetan aire masa hotz bat oldarka sartu da gure lurraldean, eta hedabide batzuetan hotz olatutzat jo dute. Hori pixka bat esajeratzea da. Komunikabideek ikusi dute meteorologiarekiko interes handia dagoela, eta batzuetan gertakari batzuei gehiegizko garrantzia ematen diete.

Zergatik gertatu da hori?

Jendeak hala eskatzen duelako. Euskal Telebistan eguraldiaren atala ikusten da gehien. Garrantzia eman behar zaio, baina muga zeharkatu gabe, jendea ez aspertzeko, eta benetan garrantzia duenean, ez dadin oharkabean pasatu.

Meteorologia argazkigintzari loturik ageri da askotan. Zergatik?

Euskal Herrian edo eguraldi aldakorra dagoen tokietan gertatzen da hori, batez ere. Elurteetan, ekaitz handietan... Argazki ederrak atera daitezke, eta Euskal Herrian denetarik dago: elurra, tximistak, lainoak, kazkabarra...

Meteorologo batentzat toki ona da Euskal Herria, beraz?

Beste toki batean jaio izan banintz, segur aski ez nintzateke meteorologia zalea izango, eguraldi aldakorra izateak zeure buruari galderak egitera bultzatzen baitzaitu.

Eguraldiaz jakintza handia dute landa eremuan. Galduz joan da?

Garrantzitsua da hori mantentzea; batez ere kalean lan egiten duen jendeak ongi daki naturaren seinaleak interpretatzen, eta hori ongi dago. Baina, hori ezin da erabili iragarpenak egiteko. Asko kostatu da iragarpenak egiteko modelo meteorologikoak sortzea, eta jakin behar dugu atmosfera sistema kaotiko bat dela, eta, ondorioz, ezin dugula iragarpen fidagarririk egin zazpigarren egunetik aurrera. Hilegunak eta gisako iragarpenak daude, baina, zientzian oinarritzen ez badira, ezin zaie garrantzirik eman.

Esaera zaharrek-eta balio diete meteorologoei?

Toki batean errepikatzen den eguraldiak klima bat definitzen du, eta esaerak horretan oinarritzen dira, ohiko eguraldian. Beraz, klimatologian baliagarriagoak izan daitezke.

Meteorologoek beti huts egiten dutela uste da. Egia da?

Ez da gauza bera egoera antizikloniko batean iragarpena egitea edo neguko egoera oso nahasian. Egoera bereziak daude; batez ere, ekaitzak eta elurteak. Horiek dira zailenak iragarpena egiteko. Udako ekaitzak faktore askoren menpe daude: adibidez, orografia. Elurteen kasuan, haize korronteek ere eragin handia dute. Oso lokalizatuta dagoen iragarpena egin behar dugunean, huts egiteko aukerak handiagoak dira.

Gainera, edozeinek uste du eguraldiaz hitz egiteko gai dela?

Kalean askotan entzuten dizkiot jendeari eguraldiari buruz oso zabalduak dauden usteak; adibidez, ez duela elurrik egiten hotzarengatik. Ez dira guztiz zuzenak. Askotan, gogoa ematen dit hurbildu eta azaltzeko. Baina, tira, uste dut geroz eta gehiago dakigula horri buruz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna