ATZEKOZ AURRERA. Onintza Irureta. Kazetaria

«Egoitzetako langileek garaipena lortu dute»

Feminismo dosi nabarmena izan zuen Bizkaiko zahar etxeetako langileen borrokak. Prozesu osoa azaldu du Iruretak 'Berdea da more berria' liburuan, eta bizipenak jasotzea «opari bat» izan da harentzat.

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
2016ko martxoan hasi, eta 678 egun egin zituzten greban. Bizkaiko zahar etxeetako langileak ahaldundu egin ziren; zaintza erdigunean jarri, eta beren mezua gizarteari zabaltzen jakin zuten. Onintza Irureta kazetariak (Zestoa, Gipuzkoa, 1974) kontakizun osoa jaso du Berdea da more berria liburuan. Argia aldizkariak eta ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz institutuak elkarlanean argitaratu dute lana.

Zerk eraman zituen langileak horrelako greba batera?

Laburrean esanda, bi negoziazio mahaitan eseri ziren, eta bigarrenean, altxatu egin ziren. Ikusi zuten patronalaren jarrera aurreko hitzarmenetakoa bera zela, gutxiespenezkoa. Ez dituzte langile gisa tratatzen, emakume gisa baizik. Parekoaren jarrera zen: «Zuek nora zoazte? Zer eskatzen ari zarete?».

Langile borrokak eta borroka feministak elkar elikatu dute prozesu osoan, ezta?

Hori izan da gakoa, eta gehien nabarmendu den ezaugarria. Langile borroka agerikoa da, erraz ikusten dugu, baina haiek aldarrikatu zuten borroka feminista zela, eta saiatu dira hori sozializatzen. Uste dut lortu dutela.

Zergatik borroka feminista?

Sektore ia dena emakumez osatua dago. Sektore prekarizatua da, lan baldintza kaskarretan aritzen da, sektore maskulinizatuen aldean. Langileen izena gerokultoreak da, baina ez dugu hitz hori erabiltzen; zaintzaileak esaten diegu. Ez da kasualitatea zaintza lanak izatea, erdi-erdian daudelako.

Zaintza da gakoetako bat.

Historikoki, emakumeei ez zaie ordaindu lan hori egiteagatik, pentsatuz haien ardura zela, eta beste errealitate batera pasatu gara. Zaintza lanak ordaindu egiten dira, baina ez ondo, hortik gatozelako. Gaur egun, langile kontsideratzen dira, baina inoiz ez dira iristen lehenengo mailako langile izatera. Haiek esaten zuten lanbidearen duintasuna jokoan zegoela: «Zaintza lanetara dedikatzen gara, baina langileak gara lanpostu batean, ez gara emakumeak ez dakit zertan».

Ahalduntze ariketa bat ere izan da haientzat?

Ahalduntze indibiduala eta kolektiboa egon dira. Elkarrizketatu ditudanean, ezagutu ditut grebalari batzuk, eta bi profil oso desberdin zeuden. Batzuk grebalari zailduak ziren, ordezkari sindikalak; eskarmentu handia zuten gatazketan, eta ikuspegi feminista handia. Besteak ere pila bat ziren: gazteak, lantokian hasi berriak, eta emakume helduak, erretirora gerturatzen ari direnak, baina ez direnak inoiz horrelako batailetan sartu. Beti izan dute menpeko jarrera hori: etxean eta kalean lana egin dute, baina emakumeen rola bete dute, bigarren mailan.

Sindikatuei astindu bat eman die prozesu guztiak?

Kasu honetan, ELAk eraman du gatazkaren lidertza guztia. Sindikatuen txotxongilo izatea leporatu diete langileei, baina haiek une oro zekiten zer nahi zuten lortu, eta hori ez da askotan gertatzen. Egoera ez da berria; berria da leherketa hau eta greba hau, baina zer pentsatua ematen du sindikatuen ikuspegitik nola bideratu.

Nola osatu duzu lana?

Liburuak bi zati dauzka, eta zati horien arabera egin dut lana. Sindikatuak berak garbi zeukan horrelako greba bat ez zela ateratzen ezerezetik. Atzeko hamarkada guztiak kontatu behar dira. Horretarako, historikoekin egon naiz: 1980ko hamarkadatik hasi naiz lantzen, eta orduan nire solaskideak gizonezkoak ziren. Gizonekin hasi nintzen, kronologikoki egin nuelako, eta, aurrera nindoala, emakumeekin jarraitu dut, eta ikusi dut nola joan diren lidertza hartuz. Bigarren zatian, protagonistak hitz egiten jarri ditut. Zortzi emakume, grebalariak eta profil ezberdinekoak.

Etorkizunera begira, borroka honek aldatu egin ditu moldeak?

ELAko afiliatuen %45 emakumeak dira, adibide bat emateko. Sindikatu indartsu baten ia erdia. Gaur egun kalera begiratzen badugu, errepasatuz zer lan gatazka dauden kalean —oihartzuna duten mobilizazioak, manifestazioak—, asko emakumeenak dira. Horrek ematen dizkigu arrasto asko eta zer pentsatu asko. Egoitzetako langileek garaipena lortu dute. Sektoreak—feminizatua eta prekarizatua izanda— izan duen eboluzioa eta lortu duena, sinatu dutena, garaipena da.

Eta zuk zer jaso duzu bizipen honetatik guztitik?

ELAren Manu Robles-Arangiz institutuak Argia-ri proposatu zion proiektua, eta niri eskaini zidaten orduan. Hasieratik sentitu nuen lana bai baina opari bat ere izango zela. Halere, zortzi emakumeek markatu naute gehien. Harrigarria iruditzen zitzaidan nola kontatzen zuten, zeren oso gauza gogorrak kontatzen zituzten, irribarrea galdu gabe, sosegu handiz. Zein ausartak diren, eta nolako konbentzimenduarekin ematen dituzten pausoak, jakinda galtzeko ere badaukatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.