ATZEKOZ AURRERA. Jakue Pascual. Soziologoa

«Aitortu baino garrantzi handiagoa izan zuten irratiek eta fanzineek»

Erresistentzia mugimenduei buruzko bigarren liburua atera du Pascualek, 1980ko urteetako irrati libreak, fanzineak eta okupazioak ardatz. Kulturan eta politikan izan zuten eragina nabarmendu du.

JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Hauxe izan zen Donostian okupatu genuen lehenengo eraikina, 1977an», gogoratu du Jakue Pascualek (Donostia, 1961). Alderdi sozialistaren gazteriaren eraikina zen, gaur egun taberna bihurtua. Movimiento de resistencia. Años 80 en Euskal Herria: radios libres, fanzines y okupaciones liburua atera du, barru-barrutik ezagutu zuen mugimenduaz atera duen bigarrena: hirugarren bat ere izango da.

Liburukotea atera zaizu: irrati libre, fanzine eta okupazio andana izan zenaren seinale?

Hau guztia ikerketa lan askoz ere handiago baten zati bat baino ez da. Oreka mantentzen saiatu gara garai hartan sortu ziren espresio bide guztien artean: dokumentuak, elkarrizketak... Espresio bide horietako batzuk ez dira 1980ko hamarkadan jaioak; lehenagokoak dira, baina orduan lehertu ziren: okupazioak, kontrainformazioa, irrati libreak, fanzineak...

Zer giro zegoen urte haietan?

Frankismoa eta trantsizioa garai oso gogorrak izan ziren, baina baita 1980ko urteak ere: oso basatiak izan ziren, zentzu guztietan. Biolentzia maila izugarria zen; sei talde armatu zeuden martxan, eta Polizia bortizki oldartzen zitzaien herritarrei, bereziki gazteei. Ziurgabetasun handiko garaia zen: frankismoaren itzala bertantxe, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea... Gainera, krisi izugarria egon zen: gazteen langabezia %50eraino iritsi zen. Batzuek No Future [etorkizunik ez] jarrera ezkor erradikala hartu zuten.

Txanponaren beste aldean daude, beraz, aztergai izan dituzunak?

Hala da: edonork edozer egin zezakeelako ideia zabaldu zen. Eta horixe egin zuten: irrati libreak sortu, fanzineak... Jarrera positibo hori zabaltzen joan zen. Etorkizuna oso ilun ikusten zuten gazteek, politika oso basatia zelako, eta gazteen aurkako errepresioa, izugarria: ordukoa da ZEN plana, Euskal Herriko gazte guztiak susmopean jarri zituena. Beste alde batetik, frankismoarekin ez hausteak desengainu izugarria eragin zuen. 1978 inguruan, bete-betean sartu zen heroina: ordura arte hippyen kontua zen, ez zegoen hain zabaldua.

Horrek nola eragin zuen sortzen ari ziren espazio horietan?

Heroinazaleak albo batera utzi behar izan zituzten, ezegonkortasuna sortzen zutelako: gauzak desagertzen hasi ziren, polizia erakartzen zuten...

Zer rol izan zuten irrati libreek eta fanzineek urte haietako komunikazio esparruan?

Aitortutakoa baino rol garrantzitsuagoa izan zuten. Eragin handia izan zuten kulturan, eta planteamendu politiko ugari ere egin zuten: Hego Euskal Herrian rol garrantzitsua izan zuten NATOren aurkako kanpainak bultzatzen. Gure musika jartzen zuten, hainbat mugimenduren azken albisteak eman... Orduko zenbait proiektu bizirik daude: Hala Bedi edo Eguzki, adibidez, maila altuko irratiak dira gaur. Badirudi instituzioek ikasi dutela hori guztia kulturaren parte dela eta gutxienez toleratu egin behar dutela.

Ez dirudi garairik onenak direnik gaztetxeentzat hirietan: Kukutza, Kortxoenea, Maravillas...

Hiri handietan ez: botere erreala dutenek, instituzioak kontrolatzen dituztenek, harremanak dituzte enpresa munduarekin, eta prozesu espekulatiboetan sartuta daude: haien proiektuak edozein proiektu alternatibori gailentzen zaizkie. Hala ikusten da gobernuek zeinentzat agintzen duten. Borroka handiak egon dira, porrot garrantzitsuak, baina asko ikasi dugu: Kukutzak erakutsi du badagoela mugimendu inportante bat Bilbon.

Bestelako mugimenduei ere lekua egin diezu: antimilitaristei, ekologistei eta emakumeei.

Izan ere, garai haietan azaleratu zen espazio alternatiboetan emakumeek berariazko espazioak izateko beharra: emakume taldeek euren intereseko proiektuak martxan jartzeko leku bat aldarrikatu zuten. Gaur egun arrunta egiten zaigu, baina garai haietan ikaste prozesu bat izan zen guztiontzat.

Zer iritsi zaigu gaur egun arte?

Askatasun espazio horiek oso garrantzitsuak izan ziren erresistentziarako. Elkartasun sareak ere sortu ziren, eta, horiei lotuta, ideia bat: garrantzitsua iruditzen zitzaien baliabideak edukitzea partekatu ahal izateko. Eskala oso txikian, forma sozialistak sortzeko modu bat izan zen, eta batez ere gauzak zuzenean egitea, pertsonak parekatuz. Hori guztia gure kulturaren parte da gaur egun.

Zer iruditzen zaizu gaurko giroa?

Lehen ZEN plana zegoen, gaur Mozal Legea; tartean Corcuera plana ere egon da. Faxismoa datorkigu, eta emakumeak izaten ari dira lehenak horren aurka altxatzen: mugimendu antifaxistak artikulatu egin beharko du, eta alderdi politikoek ere badute zer hausnartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.