ATZEKOZ AURRERA. Pierre Prouveze. Dokumental egilea

«Herri zapalduak interesatzen zitzaizkien Lekuonari eta Magnyri»

Julen Lekuonaren abesti bat eta Colette Magnyren bertze bat josirik, 'Camarade curé & Ez, ez dut nahi' dokumentala egin du Prouvezek: Kanbon izanen da ikusgai etzi, eta Maulen eta Hendaian laster.
GUILLAUME FAUVEAU

Ainize Madariaga -

2019ko martxoak 26
Pierre Prouveze (Marselha, Okzitania, 1948) kantuak ekarri du Euskal Herrira. Kantuak eta daramatzan hitzek. Gaztetik ezkerreko militantea da. Colette Magnyren Camarade Curé eta Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi halako zibilizaziorik abestiak lotzen dituen dokumental bat burutu berri du. Etzi eta apirilaren 1ean Kanbon (Lapurdi) emango dute; hilaren 29an, Maulen, eta 31n, Hendaian (Lapurdi).

Camarade curé & Ez, ez dut nahi ez da zure lehen dokumentala?

Baditut eginik bertze batzuk; Tolosako paperik gabekoen gainean hiru dokumental, eta Les Corbieres herriaren gainean beste bat, adineko jendeen lekukotasunak bilduz.

Ez eta zure lanbidea ere.

Beti diot dokumental egile amateurra naizela. Erretretan banaiz ere, irakaslea izan naiz, eta beti eman izan diet sekulako garrantzia argazkigintzari eta filmografiari alde batetik, eta kantuari bertzetik.

Preseski, kantu elkartearen barruan egin duzu dokumentala.

Les Amis de Chansons de l'Evenement elkartean kantatzen dugu, eta, Colette Magny abeslari ezkertiar ezagunaren gainean gaualdi bat antolatu genuelarik, erabaki genuen Camarade curé errepertorioan sartuko genuela. Hartatik landa, 2012an jakin genuen Agorila argitaletxeak berrargitaratuko zuela Gogor diskoa, zeinak Ez, ez dut nahi halako zibilizaziorik kantua biltzen baitu. Hala erabaki dugu gaiaren lantzea eta dokumental honen egitea ere. Nik dut egin, baina elkartea eta EKEren laguntza handiari esker.

Kantuei jatorria itzuli diezu.

Lanaren xedea da kantuen jatorrira itzultzea: haien genealogia egitea.

Nondik eratorria da Camarade Curé?

Lehen aldiz 1975ean nuen ikusi zuzenean Magny Marseillan. Hartan behatu nuen Non, je ne veux pas d'une civilisation comme celle-là kantua koroak kantatzen zuen bitartean, alegia, Ez, ez dut nahi halako zibilizaziorik. Orduan ene buruari galdetu nion nor ote zen apez hori, nola heldu ote zen Magny horra. Julen Lekuona apezak zituen hitzak idatzi, 1968ko azaroan, Derioko seminarioko 60 bat apezen itxialdian. Urte hartan grabatu, eta Gogor diskoa 1969an atera zen: berehala debekatu zuten. Hartatik, hala edo nola, Magnyk kantua entzun eta bere gisa moldatu zuen Camarade curé bilakatuz: Repression diskoan karrikaratu zuen, 1971n. Beñat Axiari ezagutu genuen 2014an, Marseillara etorri eta Magnyren omenez Black Panthersen ereserkia kantatu zuelarik. Gero, Axiarik Bokalerat gomitatu gintuelarik azaldu zigun nor izan zen apez hori. Horrela diegu ezagutarazi kantua Gexan Alfarori, Mikel Epalzari eta Xabier Amurizari ere.

Kantu batez josi duzu historia.

Magnyk kantatzen duen Camarade Curé ez da Ez, ez dut nahi halako zibilizaziorik kantuaren itzulpena. Errepikarena bai egin zuela, haatik, lehen koplan berak asmatu hitzak dira testuinguruaren xehatzeko; gainerakoa Gogor diskotik hartu esaldiak dira, bere gisara antolatuak. Filmean, bere osotasunean sartu dugu kantua. Hauekin bururatzen du: «Euskaldun frantsesa ala euskaldun espainola? Ez, euskaldun hutsa!». Coletti euskal kausa interesatzen zitzaion, zinez. Euskal Herrian kantatu izan duelarik, emazte batzuk ateratzen ziren taula gainera ikurrinarekin eta banderola batzuekin.

Aurkez dezakezu Magny?

Inkesta egile kantari handia zen. Ezkertiar kantaria zen, langileriaren aldeko borrokalari sutsua.

Baina ez zen elizkoia.

Ez! Ez eta ni ere! Baina erresistenteak eta herri zapalduak interesatzen zitzaizkien Lekuonari eta Magnyri berdin-berdin.

Filma euskal presoei dedikatu diezu.

Bai. Aritzi [Julen Lekuonaren semea] galdegin niolarik aita bizirik izanen balitz zer eginen zukeen, hauxe erantzun zidan: «Uste dut bake prozesuan inplikatua izanen litzatekeela». Horregatik, eta uste baitut Colettek ere parte hartuko zukeela, filmaren azken partea orainaldiari irekia utzi dut. Gainera, Epalza ezagutu berritan, euskal preso politikoen sustengu gaualdi batera gomitatu gintuzten Uztaritzera. Zoragarria izan zen. Bertan ezagutu nuen Peio Ospital, bai eta Jeanine Beiria ere, Arantxa Beiria preso politikoaren ama. Justuki, Arantxaren margolanak erakusgai zeuden, eta filmean sartu ditut. Izugarri hunkigarria izan zen.

Euskal Herriarekiko interesak soka luzea du.

Marseilla eskualdean zeuden euskal presoen aldeko sustengu komitean parte hartu nuelarik, Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolaza ezagutu nituen. Autoa zuen bakarra nintzenez, haiek eta Izaskun Ugarte Mikelen emaztea Aixera eraman nituen. Laster jakin nuen GALek erail zuela Mikel: erabakigarria izan zen niretzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna