ATZEKOZ AURRERA. Lisa Vollmer. Gentrifikazioan aditua

«Auzoa gentrifikatu ez dadin, alokairuen prezioa erregulatu behar da»

Vollmerrek uste du gentrifikazioaren atzean higiezinen industriaren interesak daudela. Horrelako prozesuak gelditzeko, beharrezkoa iruditzen zaio etxebizitza pribatuaren merkatua erregulatzea.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko ekainak 11
Auzo bat mailaz igo eta auzokide txiroenak bertatik desplazatzen direnean erraten da gentrifikazio prozesu batean murgildu dela auzoa. Prozesu horiek ikertu ditu Lisa Vollmer (Radolfzell, Alemania, 1987) etxebizitzaren aldeko aktbisitak, Berlingo maizterren sindikatuko kide eta ikerlariak. Strategien gegen Gentrifizierung (Gentrifikazioaren aurkako estrategiak) liburua argitaratu berri du, eta gentrifikazioari buruz eta liburuaren nondik norakoei buruz mintzatzen izan da Iruñean, Katakraken.

Nola sortzen dira gentrifikazio prozesuak?

Askotan ematen du prozesu natural bat dela, baina horren atzean interes jakin batzuk daude; etxebizitzaren industriaren interesak, erraterako. Gentrifikazio prozesuen bidez, dirua irabazten dute, auzo horietara joaten den jendeak errenta altuagoak ordaintzen ahal baitituzte. Bertze batzuetan, gentrifikazio prozesuak udalek bultzatzen dituzte, berek ere diru irabaziak ateratzen dituztelako.

Liburuan aipatzen duzu gentrifikazioa erabaki politiko batzuen ondorio dela. Zer politika motek bultzatzen dute gentrifikazio prozesu bat hastea?

Zenbait politika daude. Anitzetan, udalek artistentzako guneak sortzen dituzte eraikin hutsetan, auzo jakin baten irudia hobetzeko asmoz. Bertze batzuetan, udalak zuzenean espazio publikoa hobetzea sustatzen du: gune berdeak sortu, argiteria hobetu, espaloiak zabaldu... Auzoen egokitze horietan sortzen dira arazoak, bizilagun batzuek ez dutelako auzoa konpontzea nahi, gentrifikazio prozesu bat hasiko ote den beldur: auzoa zahartzen eta itsusiago bihurtzen utzi nahi dute gentrifikaziorik ez izateko. Auzoa konpondu eta ez gentrifikatzeko alternatiba etxebizitzen alokairuen prezioa erregulatzea da.

Gentrifikazioaren erantzuleak bilatzean, maiz, hedabide kontserbadoreek artista eta gazteak egiten dituzte erantzule. Zergatik sortzen dira diskurtso horiek?

Diskurtso horiek benetako erantzuleak ezkutatzeko sortzen dira: eraikuntza industria eta udal batzuen interesak. Gizarte talde batzuk gentrifikazioaren erantzule bihurtuta, diskurtso moralizatzaile bat sortzen dute; gizarte taldeak egiten dituzte erantzule, eta benetako erantzuleak eta horien atzean dauden interesak ahaztu.

Kolektibo horiek arduraren zati bat bere gain hartu beharko luketela aipatzen duzu liburuan. Zergatik da garrantzitsua hori?

Kolektibo horiek konturatu behar dira erabili egiten dituztela gentrifikazio prozesuetan. Artistek bereziki, egoerari buelta eman eta auzoko kolektibo eta bizilagunei lagun diezaiekete. Hori hiri anitzetan gertatu da, gentrifikazio prozesuak hasi eta berehala botatzen dituztelako artistak. Azkenean, gentrifikazioaren biktima bihurtzen dira.

Nola jakin daiteke auzo edo hiri bat gentrifikazio prozesu batean dagoen?

Nire ustez, jakiteko modurik errazena da alokairuko etxeen prezioak aztertzea. Prezio horiek anitz igotzen badira, ziur aski auzo horretako biztanleak ordezkatu egingo dira. Gainera, ez da bakarrik bizilagunen ordezkapena izaten, auzoaren bizitzeko eredua ere aldatzen da. Jendeak bere soldataren zati handi bat behar badu alokairua ordaintzeko, kontsumitzeko aukera gutxiago izanen du.

Zer alternatiba dago horrelako prozesu bati aurre egiteko?

Erantzuna argia da: etxebizitza pribatuen merkatua erregulatu behar da, etxebizitza publikoen sektorea handitu, eta alternatibak sortu.

Turistifikazioa da gentrifikazio motetako bat. Hiria turisten beharretara eraikitzeak etorkizunean zer kalte sor dezake?

Turistifikazioak arazo asko sortzen ditu. Etxebizitzari dagokionez, auzo batzuetan apartamentu turistikoen kopurua hagitz altua da, eta horrek alokairuak anitz igotzen ditu. Bigarren arazoa da turistifikazioak anitzetan merkataritzaren gentrifikiazioa dakarrela berekin. Sortzen diren dendek ez dituzte bizilagunen beharrak asetzen, turistentzat sortutako negozioak direlako. Hirugarren arazoa espazio publikoaren erabileraren inguruko gatazka da: ez da soilik terrazek eta horrelako guneek hartzen duten espazioa, soinuaren inguruan ere gatazkak sortzen dira.

Gentrifikazioa hiri handietan bakarrik gertatzen da?

Hiriaren tamainak ez du zerikusirik. Normalean, handitze prozesuan dauden hirietan izaten da, baina, Alemanian, erraterako, hiri txikietan ere izan da: ikasle anitz bizi diren hirietan eta orografia dela-eta gehiago zabaldu ezin daitezkeenetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria