ATZEKOZ AURRERA. Rafael Resines. Arte historialaria

«Jaietako kartelek kalean dagoen hori jaso behar dute»

Resinesen ustez, Gasteizko jaietako kartelak «oso kontserbadoreak» izan dira historian. Ordea, garai zehatzetan, unean uneko estetika artistikoa islatu dute: 1960ko hamarkadan, kasurako.

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Gasteizko jaiak iragartzeko lehen kartela 1879. urtean kaleratu zuten. Ordutik, salbuespenak salbuespen, urtero iragarri dute Andre Maria Zuriaren omenezko jaien etorrera afixekin. Horiek guztiak erakutsi ditu Rafael Resines Pradera arte historialari eta artxibozainak (Gasteiz, 1980). «Arte historialaria izanda, joera dut kultura estetikoan arreta jartzeko, eta Gasteizko gai historikoek erakartzen naute». Kartel horiek xehatu ditu, Bereziak blusa eta neska kuadrillak antolatutako hitzaldian, 40. urteurrena dela-eta.

Zer asmo zuen jaietako afixak?

Aurretik egon ziren, baina lehen kartel ofiziala, paretetan jartzeko asmoarekin sortua, 1946. urtekoa da. Aurretik, eskuko egitarau gisa banatzen zituzten: asmo informatiboa zuen, funtsean.

Afixen bilakaeran izen handiko margolariak ageri dira. Ohikoa izan da hori?

Adrian Aldekoaren garaian, kartelen izaera aldatu egin zen. Gasteizko margolaririk ospetsuenetako bat da; Ignacio Diaz de Olanoren ikaslea izan zen, besteak beste. Ordura arte aukeratzen zen irudia neutroa zen; Gasteizerako balio zuen, baita beste edozein herriko jaietarako ere: su festa agertzen zen, feria, zezenak... Bada, Aldekoak hori aldatu zuen.

Nola?

Gasteizko leku zehatz bat aukeratzen hasi zen irudia egiteko: Florida parkea, Aihotz plaza... Horrez gain, balio artistiko eta piktorikoa eman zien. Margolan baten modura irudikatu zituen; are, batzuetan pintzelaren markak ere ikus daitezke.

Jarraipena izan zuen horrek?

Aldekoaren ikasle batek, Obdulio Lopez de Uraldek, horrekin jarraitu zuen, baina giroan arreta handiagoa jarriz. Margolari horrek sortu zuen Zeledonen ikonografia, 1923tik aurrera tira komiko bat marrazten hasi baitzen pertsonaia horrekin.

Noiz hasi ziren agertzen blusak eta neskak karteletan?

Margolari horrekin. Ordura arte ez ziren blusa kuadrillak agertzen; hortik aurrera, zezenketek hartu zuten garrantzia: hori zen orduko jaien ospakizun nagusia.

Jaietako kartelek islatu dute garaian garaiko estetika artistikoa?

Kartelak oso kontserbadoreak izan dira oro har. Dena den, oso garai zehatzetan agerian geratu da estetika artistiko hori. 1960ko hamarkadan hori gertatu zen: pop izaera handiagoa zuten, ye-ye-agoak ziren, nolabait esateko.

Frankismoa amaitzean, alderik antzeman al zen?

Aurretik Zeledonen gorakada gertatu zen, eta trantsizioan aldarrikapen politiko gehiago antzeman zen: lauburu bihurtzen den Zeledon, elebidunak dira, blusa eta neska gehiago ateratzen dira, herri kirolak... Ordura arte agertzen ez ziren irudiak, oro har.

Eta ordutik gaur egun arte?

Zeledon, Zeledon eta Zeledon.

Gizarteak karteletan eragiten duela esan duzu, baina kartelak eragin dezake gizartean?

Kartelei eskatu ohi zaie agerian utz dezatela zer iragartzen duten; jaietako kartelek kalean dagoen hori jaso behar dute.

2005eko kartela zuk egin zenuen. Zeledon oreka mantentzen agertzen zen, zigarro puru baten gainean. Arriskatua zen?

Asmoa ez zen zirikatzea, baina, gerora pentsatuta... [Barre egin du] Purua nuen buruan. Laidoztatuta dago, baina jaien hasierakoa sakratua da niretzat. Gerora, jaietako kartelak aztertuta, konturatu naiz purua nirean agertzen dela, eta beste pare batean edo.

Zure ustez etorkizunean kartelen batek berreskuratuko ditu zezenketak, gai gisa?

Gaur egun, pentsaezina iruditzen zait. Are, hamarkadak dira ez direla zezenak agertzen garai batean bezala. Egun, ez dago zezenketarik; jada ez da jendetza biltzen duen ikuskizun bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.