ATZEKOZ AURRERA. Ander Sierra. Soinu teknikaria

«Ez da erraza honetan arituz erretiratzea»

Ehunka kontzertu egingo dira aurten Bilboko Konpartsetan. Soinu teknikariak bigarren mailan egoten dira halakoetan, baina, Sierraren esanetan, ezinbestekoak dira taldeek soinu ona lor dezaten.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte daramatza Ander Sierrak (Santurtzi, Bizkaia, 1981)soinu teknikari, eta beste horrenbeste Bilboko Aste Nagusietan lanean. Aurten ere, Soinueder enpresarekin arituko da Konpartsetako kontzertuetan.

Aste Nagusian, lanerako ez ezik, jaietarako tartea ere izaten duzue?

Gehienbat lana egiten dugu, baina beti hartzen dugu egunen bat denok elkartzeko, eta parrandaren bat egiten dugu; bat, gutxienez [barrez].

Lan gogorra dela esango zenuke?

Nik uste dut baietz; azken finean, gaueko lana da, eta, Bilboko jaietan jende asko dagoenez, ez da lekurikerosoena lan egiteko. Gu ohituta gaude agertoki normal bat eta ondo hesitutako kontrol mahai bat izatera, baina Bilbon ez daukagu halakorik. Leku bakoitzak bere berezitasunak ditu. Batzuetan, agertokia hiru metrora egoten da, eta besteetan, autoak agertokiaren eta mahaiaren artean pasatzen dira, eta ezin dituzu kableak lurrean jarri... Ez dira leku normalak lan egiteko, eta ez da lan erraza.

Ez du sentipen ona izan behar kontzertu bat estrespean ikusi behar izateak, ezta?

Bueno, arazorik handiena akustikoa da. Konpartsagunean bakoitzak bere musika duenez, zure soinu probak egiten ari zara, eta alboan beste konpartsa batean txaranga bat dago, eta ondokoan beste soinu proba bat... Azkenean, zarata pila bat dago, eta zuk isiltasuna behar duzu lana egiteko. Bilbo ez da lekurik erosoena alde horretatik.

Bilboko Areatzan soinu ona ateratzea ez da erraza, ezta?

Ez, ez da. Bilboko Areatza jaigune bat da, ez da kontzertuetarako leku bat. Nik uste dut horrela hartu behar dugula denok. Bai taldeek, bai ikus-entzuleek, bai teknikariek. Beste modu batean ulertzea ezinezkoa da, eta hara joatea pentsatuz zure urteko kontzertua emango duzula, eta Bilbon delako kristorena izango dela... ba, ez.

Kontzertu handietan erantzukizunsentipena handiagoa da?

Ez dakit; azkenean, lantaldearen araberakoa da. Kontzertu handietara talde polit bat eroaten dugu, eskarmentuduna, ondo prestatuta joaten ahalegintzen baikara. Kontzertu txikietara, beharbada,bakarrik zoaz edo eskarmentu gutxiagoko jendearekin, eta, batzuetan, okerrago pasatzen duzu halako kontzertuetan.

Muntatze lana gogorra izan arren, soinu teknikariarena estresagarriagoa da?

Normalean, taldeak erdi-profesionalak direnean, soinu nahasketa egiteko teknikari bat ekartzen dute, haiena. Guk enpresa moduan egiten duguna da tresneria muntatu eta dena prestatu, soinu eta argi aldetik. Azkenean, estresagarriena aurreko lana da: dena lotzea, materiala lortzea, lekua erabakitzea eta jakitea nola kokatuko duzun dena... Kontzertua hasten denean, dena ondo joan baldin bada, lasaitzeko momentua da. Musikariek haien lana egiteko momentua.

Musikariek zuen lana eskertzen dutela uste duzu?

Ba, denetarik dago. Nire kasuan, askoz gehiago igartzen dut kanpoko jendea etortzen denean. Hemen, Euskal Herrian, enpresek maila oso handia dute, eta, hemengo taldeak horretara ohituta daudenez, askoz gutxiago eskertzen dute. Kanpoko jendea datorrenean, Espainiatik zein beste herrialde batzuetatik, gehiago eskertzen dute. Ikusten dute gure lana ondo eginda dagoela, eta, beharbada, ez daude hain ohituta halako maila ikustera. Nik ere,orain, munduan barrena ibili naizenean, denetarik ikusi dut; orduan, gauzak ondo eginda daudenean, eskertzen da. Bakarrik Euskal Herrian ibiltzen diren taldeak ohituta daude maila oso oneko ekipamendu eta markak izatera, eta ez dute kanpokoek beste eskertzen.

Emakume gutxi daude zuen lanbidean?

Bai, baina gero eta gehiago. Lana erraztu egin da, tresna gutxiago altxatzen baitugu, eta markak kezkatzen ari dira materialak pisu gutxiago izan dezan. Teknologia asko hobetu da, eta, alde horretatik, errazagoa da neskentzat ere, baina nik uste dut gero eta gehiago daudela. Astiro doa, hori bai.

Soinu teknikari zahar gutxi daude. Beste sektore batzuetara jotzen dute?

Lan hau nahiko berria da, baita teknologia aldetik ere. Lehen, oso tresna gutxi zeuden, eta oso jende gutxik ikasi ahal zuen. Gaur egun, eskuragarriagoa da, eta uste dut teknikariek errazago dutela hemen erretiroa hartzeko. Egia da zahartzaroa ez dela erraza. Azkenean, gauez egiten dugu lan, eta ordu nahikotxo dira, eta asteburuetan. Familia izateko ez da errazena. Guk, gure enpresan, lana eta soldata daukagu urte osoan, baina asko autonomoak dira, eta kontzertuko kobratzen dute. Neguan ez dagoenez hainbeste, denboraldi bateko lana da batzuentzat. Ez da erraza lan honetan arituz erretiroa hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.