ATZEKOZ AURRERA. Oskar Manso. Argazkilaria

«Norbanako bakoitzak nahi bezala interpreta dezake argazkilaritza»

ONCEk antolatutako argazki lehiaketa batera aurkeztu zuen Mansok 'The Game' lana, eta sari bat irabazi. Helburu zuen argazkien bitartez istorio bat kontatzea. Lehiaketako lanak ikusgai daude, Gasteizen.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Semea jaio zenean hasi zen argazkiak egiten Oskar Manso (Gasteiz, 1975). Argazkilaritzarako materiala erosi, eta pixkanaka mundu horretan barneratu zen. Ordutik, erakusketa zenbait egin ditu, baita sariak irabazi ere. Esaterako, ONCEko Argazki Lehiaketako lehen saria eskuratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoa kategorian. Denontzako mundua, desgaitasunak gainditzen lelopean antolatu dute lehiaketaren hemezortzigarren edizioa. Aurkeztutako lanetako batzuk ikusgai daude Gasteizko Vital Fundazioan, irailaren 26ra arte.

The Game lanari esker irabazi duzu saria. Zer ageri da bertan?

Hiru argazkik osatzen duten lan bat da, argazki segida bat. Helburu nuen bideo jokoen makina zaharraren ideiari jarraitzea. Horretarako, argazkietako bakoitzari titulu bat jarri diot: One credit (kreditu bat), Insert coin (sartu txanpona), eta Game Over (jokoa galduta). Lehenengo argazkian, bi pertsona ageri dira. Waterpoloa da oinarria, eta elkarri baloia pasatzen ari dira, igerileku batean. Hurrengoan, uretara erortzen ari dira, eta azkenengoan, berriz, uretan sartuta daude.

Zer adierazi nahi izan duzu hiru argazkiekin, eta waterpoloarekin?

Esan daiteke bi puntu alderatu nahi izan ditudala. Batetik, waterpoloan egin behar den indarra, ahalmena; eta, bestetik, eskaintzen duen alde lasaiagoa, bareagoa. Gainera, gustuko dut argazkiekin istorioak kontatzea ikusleei, haiei zerbait sentiaraztea.

Beraz, argazkiekin istorioak konta daitezke?

Zalantzarik gabe. Zinemazalea naiz, eta pelikula propioak egiten ditut argazkiekin kontatzeko. Gainera, norbanako bakoitzak nahi bezala interpreta dezake argazkilaritza. Ez dut gustuko publikoak nik ikusten dudan gauza bera ikustea, sentitzea; nahiago dut bakoitzak bere interpretazioari ekitea eta sentsazio ezberdinak izatea.

Eta zeintzuk dira kontatu ohi dituzun istorioak?

Gehienetan, argazkiak egiten ditut zertan ari naizen jakin gabe. Nahiz eta ideia nagusi batekin joan naitekeen argazkiak ateratzera, bertan egonda ideia hori desagertzen da. Beraz, argazkiak egin eta ordenagailuan ikusten ditudan momentuan hasten naiz irudiak interpretatzen, adierazten didatena sentitzen. Hala ere, monotonia hausten duten argazkiak izan ohi dira, egunerokotik ihes egiten laguntzen dutenak. Errealitatetik haragoko pelikulak, istorioak sortzen ditut.

Eta, horretarako, non jarri behar du arreta argazkilari batek?

Hori oso pertsonala da. Esate baterako, nire argazkietan beti behar da gizakiarekin lotura duen alderdiren bat. Iruditzen zait beharrezkoa dela irudiak zerbait kontatu ahal izateko. Lehen planoak ez ezik, plano orokorrak ere erabiltzen ditut hori adierazteko; adibidez, baso batean ageri den gizaki bat. Horrez gain, eguraldi goibela dagoeneko argazkiak ere gustuko ditut, zerua dramatikoagoa baita halako egunetan. Udaran egoten den argia ez zait gustatzen. Hala ere, estilo kontua da, bakoitzak nahieran ulertu ditzake irudiak.

Betidanik izan al duzu gizakiaren alde hori gogoan?

Betidanik ez. Semea jaio zenean hasi nintzen argazkiak egiten, duela hamabost urte. Ordu hartan, argazki kamera sinple bat nuen, eta hura erabiltzen nuen. Geroago, ordea, Teknopolis telebista saioan ordenagailu eramangarri bat tokatu zitzaidan. Hura saldu egin nuen, eta, lortutako diruarekin, reflex kamera bat erosi. Momentu hartan hasi nintzen argazkilaritzaren munduan barneratzen. Ikastaro batzuetan eman nuen izena, eta hainbat bidaia eta irteera egiten genituen argazki kamerarekin. Lekuen, pertsonen, paisaien argazkiak ateratzen genituen. Orduan konturatu nintzen nire argazkietan beharrezkoa zela gizakiaren alderdia.

Eta ordutik zenbait argazki egin dituzu. Egun, zer eskaintzen dizu argazkilaritzak?

Esango nuke, argazkilaritza ihes egiteko daukadan modu bat dela. Afizio bat da, eta hala izaten jarraitzea nahi dut. Ofizio bilakatuz gero, alde profesionala hartu behar da kontuan, eta, beraz, arriskua dago benetan desio duzuna egiteko.

Eta zuk zer eskain diezaiokezu argazkilaritzari?

Ez dakit zerbait eskain diezaiokedan. Argazkiak, artelanak edo beste arte diziplinetako lanak jendeak ikusteko eta gozatzeko daude. Niri ere gustatzen zait jendeak nire argazkiekin emozioak sentitzea. Horretarako, erakusketak edota sariak aukera paregabeak dira, publizitatea egiteko modu bat. Ez dut gogoko agertokietara igo eta hitz egitea; nahiago dut jendeak argazkiekin gozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.