ATZEKOZ AURRERA. Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta antropologoa

«Pilota gaurko eta garai hartako bizimoduaren erretratu bat da»

Pilotaren inguruan ikertu, eta 'Una historia de la pelota' liburua idatzi du Jose Antonio Azpiazuk. Notario agirietan, auzi agirietan eta udal artxibategian aurkitu ditu garai bateko pilotari lotutako istorioak.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ikerketan oinarritutako hainbat liburu idatzi ditu Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, Gipuzkoa, 1944). Una historia de la pelota du azken lana, eta XVI. mendetik XIX. mende amaiera bitarteko pilotaren inguruko istorio ugari bildu ditu bertan.

Pilotaren historiaren inguruko liburu bat idatzi duzu. Nola otu zitzaizun hori ikertzeko ideia?

Ez nintzen bila joan. Kasualitatez topatu nuen, beste gai batzuei jarraituta. Merkataritza kontuak ikertzen hasi nintzen tesia egiteko. Hala, ikusi nuen merkatariek pilota partida batzuetan parte hartzen zutela. Esaterako, Flandriako adibidea dugu: han, euskaldun batek pilota partida bat jokatu zuen, eta diru askoko apustu bat egin zen. Hemengo auzi batean dago gordea. Pixkanaka arakatzen hasi nintzen, eta dokumentazio pila bat aurkitu nuen: notario agirietan, auzi agirietan eta udal artxibategietan. Informazio mordoa jasoz joan nintzen, apustuaren eta jokoaren inguruan, gehienbat. Apustuak negozio bilakatu ziren. Auzietan, apustuen inguruko gauza ugari ageri dira. Mesedegarria izan da hori. Auziak ez baziren izan, ez genituen jakingo gure bizimoduaren hainbeste kontu.

Ikerketa prozesu honetan zerk harritu zaitu gehien?

Nolabait, inork kontuan ez hartzea pilotak edo, orokorrean, jokoak zer garrantzi izan duen gure historian eta bizitzeko moduan. Gure herriak, nolabait, aisialdirako modugisa erabili zuen pilota. Garai hartan, izugarrizko garrantzia izan zuen. Herrien artean elkarren aurka jokatzen zituzten partidak. Edo probintzien arteko lehiak izaten ziren. Kate bat sortzen zen herrien eta herritarren artean.

XVI. mendetik XIX. mende amaiera bitarteko istorioak biltzen dira liburuan. Zergatik ikertu duzu denbora tarte hau?

Dokumentazio gehienak XVI. mendetik aurrera daude, eta hortik hastea erabaki nuen. Muga gisa, berriz, XIX. mende amaiera hartu nuen. Izan ere, XX. mendekoa jada oso ezaguna da; jendearen esku dago informazio guztia. Dokumentuetan eta artxibategian gordetzen dena, ordea, ez. Auziak oso baliagarriak izan dira liburu hau idazteko. Istorio asko agertzen dira haietan.

Joko hutsa baino gehiago da pilota?

Bai. Pilota, nolabait, garai hartako eta gaurko euskaldunen bizimoduaren erretratu bat da. Ispilu batean bezala ikusten da gure arbasoen bizimodua. Ez erabat, baina euskaldunak nola bizi ziren erakusten du. Apustuak beren bizimoduan zuten garrantzia ere ikusten da, ez bakarrik pilotan.

Pilotak eta apustuak lotura handia zuten, ezta?

Bai. Jokoa erabat lotuta dago apustuekin. Gaur egun ere bai. Garai batean, pilota partida handiak egiten zirenean, apustu bidez antolatzen ziren. Herri batekoak beste batekoen kontra, edo probintzia bat beste baten aurka. Gero, apustuak egiteko debekuak etorri ziren, baina ezkutuan egiten jarraitzen jakin izan zuten. Ez zen posible izan apustuak ezabatzea. Isilean egiten zituzten, baina jende mordoak egiten zituen.

Apaizak ere oso pilotazaleak izan zirela aipatzen duzu liburuan; hainbat gatazka agertzen dira.

Hemengo apaizak beti izan dira oso pilotazaleak. Bertako joko moduan ikusi dute pilota. Pilotan egiten zuten batzuk, baina, noski, sotanarekin jokatu behar izaten zuten. Auzi batzuetan agertzen da nola apaiz batzuek sotana kendu zuten pilotan jokatzeko. Beste batzuek diote abadeek maldizioak botatzen zituztela. Abade batek EibarkoTxikitoren kontra jokatu zuen eskuz; garai hartako pilotaririk onena zen apaiz hura. Txikitok, ordea, hamabost urterekin irabazi zion. Hortxe zabaldu zen haren izena.

Emakume pilotaririk ba al dago?

Agirietan ez da agertzen emakumeek pilotan jokatzen zutenik, baina horrek ez du esan nahi ez zirenik ibiltzen. Apustu handiak zeudenean eta jende asko biltzen zenean, emakumeek lo egiteko etxeak prestatzen zizkieten. Bazkaria egiteaz eta garbiketaz ere eurak arduratzen ziren. Gizonak, bitartean, pilotan jokatzera, partida ikustera edo apustuak egitera joaten ziren. Bestalde, emakumeak lekuko gisa ere agertzen dira. Apusturik egoten zen edo ez jakiteko, esaterako.

Pilotariak ezagunak al ziren?

Bai; Perkain, adibidez, oso famatua zen. Ikusgarria zen xisterarekin. Hemen, erregina Donostian zegoenean, Txikito pilotan ikustera joaten zen. Ameriketara joan zenean, berriz, Julio Argentino Roca Argentinako presidentea eta zenbait ministro ere hura ikustera joaten ziren. Gaurko Txapeldunen Ligako partidak bezalakoak ziren orduan pilota partidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.