ATZEKOZ AURRERA. Celeste Mac Dougall. Abortoaren aldeko ekintzailea

«Buruzagirik ez izatea indargune ederra da»

Argentinan abortatzea legezkoa izanen delakoan da Mac Dougall. Horretarako, beharrezkotzat jo du mobilizazioei eustea. Sexu hezitzailea da, eta sexu heziketa osoaren garrantzia azpimarratu du.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Celeste Mac Dougallek (Gualeguay, Argentina, 1978) beti soinean darama zapi berdea. Zapi hori abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria da Argentinan. Legea lortzeko zorian egon zen mugimenduaz eta borrokaz mintzatu da Iruñeko Zabaldi elkartean. Badira hura aditzeko aukera gehiago: astelehenean, Bilbon; asteartean, Gasteizen; eta asteazkenean, Tuteran (Nafarroa).

Abortatzeko legerik ez duzue lortu. Legea izanen da, luze gabe?

Baietz uste dugu, mobilizazio asko egin eta adostasun sozial oso handia lortu baita, eta zaila litzateke atzera egitea. Baina, adi ez bagaude eta kalean mobilizaturik, edozein eskubidetan atzera egin liteke. Argentinan gobernu aldaketa izanen dugu, eta presidente izan litekeena alde agertu da. Baina legearen kontra egiten duten sektore kontserbadoreenei presioa egiten segitu behar dugu: eliza katolikoa eta ebanjelikoa, eskubideen kontrako politikariak eta aurrez ordaindutako osasungintza.

Zein izan dira gakoak hainbeste jende mobilizatzeko?

Lehenbizi, hamalau urte daramagula ideiak eraikitzen: kontzientzia eta aldarriaren zilegitasuna. Bigarrenik, mobilizazio asko egin genituen aurretik. 2015ean feminizidioen kontrako mugimendua sortu zen, eta beste aldarriak batuz joan zitzaizkion, tartean abortua. Hirugarrenik, zabalkuntza handia duten sektore batzuk alde agertu ziren: kazetariak, aktoreak... eta sare sozialek aukera eman zuten ideia batzuk oso agudo zabaltzeko.

Nolakoa izan zen jendea mobilizatzeko lana?

2018an lehenbiziko zapikada egin genuen, eta eztanda egin zuen. Jendetza batu zen, eta zapiak eskutik kentzen zizkiguten. Hortik aurrera, taldeak sortu ziren: aktoreak, musikariak, idazleak... Beren burua antolatu zuten, baina beti kanpainari lotuta. Bestalde, mobilizazio oso bizia genuen: asteartero eta ostegunero kalean ginen.

Abortatzeko eskubideaz gainera, beste borroka batzuengatik ere atera zen jendea kalera?

Feminizidioen kontra, ebanjelari bat eta titiak erakusten dituen kide bat elkartzen ziren kalean. Hurrengo urtean esan genuen ez genuela bizi bakarrik egin nahi; ongi bizi nahi genuen, gure eskubideekin. Norberaren gorputzaren gainean erabakitzea hain da oinarrizko aldarria, jendetza batu zen.

La Platan milaka lagun bildu dituzte topaketa feministek. Nola ikusten duzu mugimendua?

Historiako topaketarik handiena izan da: mobilizazioan 500.000 lagun izan ginen, denetarikoak, eta lagun horiek joanen dira haien ikastetxeetara, sindikatuetara, lantokietara, oheetara... Eta hor hasten da dena aldatzen.

Feminismo internazionalistaren beharra aipatu duzu hitzaldian. Zertarako behar da halakorik?

Hasteko, patriarkatua eta aurre egiten diegun erakundeak nazioartekoak direlako —eliza, esaterako—. Ultraeskuina eta faxismoa mundu osoan ari dira handitzen, eta Latinoamerikan Mendekosteko ebanjelismoa oso indartsua da. Arazo eta aldarrikapen berak direlako behar da feminismo internazionalista. Noski, tokian tokiko bereizgarriekin. Elkarrengandik ikasten dugu, besteen borroketatik edaten dugu, eta ideiak sortzen ditugu, patriarkatua bera baita guzientzat.

Nola egituratu daiteke feminismo internazionalista bat?

Ez dakit. Guzien artean eraiki behar da. Feminismoak badu giltzarri den gauza oso indartsu bat: ez dugu buruzagirik. Gizon batzuentzat hori muga bada ere, guretzat indargune ederra da, ezin baitu inork feminismoa beretzat hartu.

Sexu hezitzailea zara. Zergatik jotzen da hainbeste sexu heziketaren kontra?

Subjektu askeak eraikitzen dituelako. Sexu hezkuntza osoak, lehenik, indarkeriak ikusarazten eta desnaturalizatzen ditu. Adibidez, haurren kontrako abusuak. Nire ustez, hori da indarkeria patriarkalik indartsuenetako bat, eta haustea gehien kostatzen dena, gizonen artean konplizitate handia dagoelako. Baina beste indarkeria batzuk ere ikusarazten ditu: matxistek eta patriarkatuak zapaltzen dituzten beste identitate eta subjektuen kontrakoak. Indarkeria eta dominazio parametroak hausten dituelako haserretzen ditu gorputzak, bizitzak eta askatasuna kontrolatu nahi dutenak.

Argentinan zein da egoera?

Kontserbadoreen kontrako borroka oso handia da. Haurren erdiak eskola konfesionaletan daude. Argentinako artzapezpikutzak maitasunaren gida atera zuen. Amorratu egiten nau maitasun hitzaz jabetzeak, ez baitute maitasunik. Besteak zapaldu eta menperatzen dituzte. Guk maitasunean, desiran eta askatasunean hezten dugu. Sektore batzuek esaten digute haien seme-alabekin ez sartzeko, haienak balira bezala! Eta ez dadila genero ideologiarik egon; genero ikuspegirik gabe sexu heziketa ematerik balego bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.