ATZEKOZ AURRERA. Anshu Rajput eta Shabnam. Azidoz erasoak

«Uste genuen zerbait gertatu zitzaigula, gaixorik geundela»

Bi gizonek ez zuten onartu Rajput eta Shabnam indiarrek ezetz esatea. Azidoa bota zieten aurpegira. Eraso dieten beste batzuekin elkartu dira Sheroes Hangout proiektuan, eta «ilusioa berreskuratu» dute.

BERRIA.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren aurpegirik ankerrena erakusten dute Anshu Rajputek (Abid Nagar, India, 1997) eta Shabnamek (India, 1989). 15 urte zituztenean, bi gizonek azidoarekin eraso zieten, emakumeek ez zutelako haiekin harremanik izan nahi. Aurpegia desitxuratu zieten. Chhanv gobernuz kanpoko erakundearen Sheroes Handout proiektuak «bizi berri bat» eman die. Azidoarekin eraso dieten emakumeak elkartzen dira izen hori duten kafetegietan. Ezin dute kozinatu, beroak min egiten dielako, baina bezeroak zaintzeaz arduratzen dira. Bekoz Beko elkarteak Euskal Herrira gonbidatu ditu, Channvanekin lankidetzan.

Biek 15 urte zenituzten gizon banak azidoarekin eraso zizuenean. Nolakoa zen zuen eguneroko bizitza orduan?

ANSHU RAJPUT: 2014. urtea zen, eta ni ikasten ari nintzen. Hamargarren mailan nenbilen orduan, eta bizikletaz joaten nintzen eskolara egunero.

SHABNAM: Ni ez naiz sekula eskolara joan. Lanean aritzen nintzen: brodatzailea nintzen; arropa egiten nuen.

Zer gertatu zen orduan?

A.R.: Bizikletaz eskolara joaten nintzenean, gizon bat izaten nuen segika, bizilaguna. Halako batean, niregana etorri zen, eta esan zidan nirekin harremanak izan nahi zituela, maite ninduela. 55 urte zituen. Nik ezetz esan nion, ez nuela adin horretako gizon batekin ezer izan nahi. Etxera iristean, gurasoei kontatu nien gertatutakoa; haiek gizonaren etxera joan ziren, eta liskarra izan zuten. Ondoren, gizona gure etxera etorri zen, eta azidoa bota zidan aurpegira, lo nengoela.

Zure kasua ere antzekoa izan zen, ezta, Shabnam?

S.: Bai, niri ere gauez bota zidaten azidoa, lo nengoela. Ez nuen ulertzen zer gertatu zen. Gero konturatu nintzen ezagutzen nuen gizon bat izan zela; haren etxean aritzen nintzen lanean. Hilabete lehenago nirekin harremanak izaten saiatu zen, eta ezetz esan nion nik ere.

Nola eragin zizuen erasoak?

S.: 11 urte igaro nituen etxean gotortuta, inork ez ikusteko. Bitartean, familiak gizon batekin ezkonarazi ninduen. Handik gutxira, gizonak abandonatu egin ninduen, eta elkarrekin izan genuen semea hil egin zen, istripuz.

A.R.: Ni hamabi egunez egon nintzen ospitalean. Atera nintzenerako, eskolako zerrendatik ezabatua zuten nire izena. Gurasoen babesa izan nuen, halere. Haien laguntzari esker lortu nuen nire erasotzailea atxilotzea. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Zuri eraso zizun gizona ere atxilotu zuten, Shabnam?

S.: Bai. Urte eta erdi pasatu zuen espetxean.

Erasoa indarkeria matxista moduan identifikatu zenuten?

A.R.: Nik ez nekien zer gertatu zitzaidan. Herri txikietan ez da horren ohikoa, eta guk ez genekien horrelakorik egiten zenik ere. Pentsatzen genuen zerbait gertatu zitzaidala.

S.: Guk ere bai, gaixo nengoela.

Noiz jabetu zineten arazoaren zenbaterainokoa zen?

S.: Chhanv fundazioa ezagutu nuenean. Lagun batek esan zidan kafetegi batzuetan nire gisako emakumeei laguntzen zietela, eta hala izan nuen Sheroes Hangout proiektuaren berri.

A.R.: Fundazioa ezagutu nuenean, bizitzeko ilusioa berreskuratu nuen. Orduan jakin nuen bazirela gehiago, eta elkarri lagun geniezaiokeela.

Zer aldatu da ordutik?

S.: Nik aurpegia estaltzeari utzi diot, eta alaba eskolara bidaltzen dut orain. Lehen ez nuen guraso agiria egiteko adorea, eta orain babestuta sentitzen naiz.

Indarkeria basatia jasan duzue zuek. Zer esango zenukete, ordea, Indiako emakumeek bizi duzuen egoeraz, orokorrean?

S.: Ezagutzen ez ditugun eta maite ez gaituzten gizonekin ezkontzera behartzen gaituzte. Harekin bizi behar duzu, baita haren familiarekin ere. Nik alaba bat daukat, eta seme bat neukan. Nire senar ohiak ez dit sekula galdetu zer moduz nagoen, eta ez dit ezer ere esan gure semea zenaz. Mutil bat jaiotzen denean, ospatu egiten da; neska bat jaiotzen denean, ezbehar bat gertatu balitz bezala da. Nik neuk ere ez dakit zer egunetan jaio nintzen.

A.R.: Nik aitortzen dut nire etxea ez dela ohikoa. Gurean, amak gobernatzen du etxea, eta nik argi daukat neuk gobernatuko dudala nire bizitza. Aitak ere asko zaindu nau; maite dut, eta ez da ingurukoen aitak bezalakoa. Erasoaren aurretik, uste nuen inork ez ninduela maite, eta gero konturatu nintzen gurasoen babesa nuela. Jende asko geratu izan da atzean, isilik. Nik ozen hitz egiten dut, hitz eginez gero jende gehiago inspiratuko dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.