ATZEKOZ AURRERA. Ibon Casas. Musikaria

«Ez gara itsu errukarri batzuk, itsuak baizik»

'Apaga la luz y verás' film dokumentaleko protagonista nagusia izan da Casas musikari rockzalea. Ikusmenean arazoak dituzten pertsonak egunerokoan gauzak egiteko «gai» direla aldarrikatu du.

JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Hernani
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ibon Casas (Donostia, 1969) gitarra jotzaileari erretinosi pigmentarioa gaixotasuna diagnostikatu zioten 17 urte zituela. Ikusmena ia erabat galdua duen arren, musikak bizitzan aurrera jarraitzen eta bere izena eta izana adierazten laguntzen dio. Rockak astintzen dituen notetatik abiatuta eta Roger bere txakur gidaria lagun duela, hamaika egitasmo antolatu ditu itsutasunaren aurka borrokatzeko eta gizartean normalizatzeko xedez. Azkena, bere bizitza laburbiltzen duen Apaga la luz y verás (Itzali argia eta ikusiko duzu) izeneko film dokumentala estreinatu du, Axel O'Millek zuzenduta.

Musikak zer ematen dizu?

Asko eta gutxi. Horrelakoa da bizitza. Musika niretzat ibilgailua da, eta haren gainean zamalkatzen naiz, besteak beste, aurrean ditudan erronkak betetzeko eta inongo lotsarik gabe ni naizena adierazteko.

Musikari rockzale gisa ezagutzen zaituzte. Nola definituko zenuke rocka?

Bibrazio kosmikoak biltzen dituen estilo jakin bat da. Rockak balio berezi bat du bizi garen gizarterako, hots, borrokarako, aldaketarako eta erreboluziorako bide ematen du.

Rockaz gain, beste musika estiloak gustatuko zaizkizu, ezta?

Musika mundu handi eta zabal bat da. Reggaea ez beste guztiak gustatzen zaizkit. Musika niretzat unibertsoko bibraziorik handiena da, eta musikak duen izaerarengatik errespetu osoa merezi du, nahiz eta musika estilo batzuk ez gustatu. Halere, rocka genero guztien gainetik dago, eta nola ez, nik jotzen dudan blid rocka rock itsua.

Zer moduz moldatzen zara abestiak asmatzeko garaian?

Musikaren melodia bakarrik sortzen da, baina kantu-hitzak asmatzea kostatzen zait gehien. Mezuak laburra izan behar du, eta titulutik hastea gustatzen zait, garrantzi handia ematen baitiot. Tituluak musikariarentzat eta entzulearentzat erakargarria izan behar du. Edozein unetan sortu ahal duzu ideiaren bat. Kalean zaudela, esaterako, axola ez dizun esaldi batek burua astintzera eraman zaitzake.

Musikaren munduan lotura zuzena duten zenbait jarduera antolatu dituzu. Ez zara geldirik egotekoa.

Geldirik nagoenean, momentu frustragarriak izaten dira. Aukera sortzen zaidanean, ordea, ez naiz etxean geratzekoa. Zerbaitetan lanean nabilenean oso ondo pasatzen dut. Asko ikasten duzu, eta, alde horretatik, besteentzako baliagarria zarela jabetzen zara.

Apaga la luz y verás ikus-entzunezkoan protagonista nagusi gisa aritu zara. Zer moduz bete duzu rol hori?

Azken finean, nire bizitzaren zuzendaria izan naiz. Roger nire txakur gidariak eta biok grabazioan askatasun osoa izan dugu, eta, alde horretatik, eroso ibili gara. Modu natural batean grabatu dugu dena. Gauzak ondo egin ditudanean ni izan naiz arduraduna, baita alderantziz gertatu denean ere. Jendaurrean aurkeztu baino lehenago ikusi genuenean, guztioi gustatu zitzaigun. Ezin nuen gehiago eskatu.

Ikus-entzunezkoaren izena nondik dator?

Nire abesti baten izena da. Proiektu osoa ordezkatzen du. Apaga la luz y verás adierazpenak hainbat mezu esplizitu helarazten ditu. Argia itzalita egon arren, gauzak egin daitezke.

Ekoiztu duzuen film dokumentalarekin zer aldarrikatu nahi duzue?

Itsuak garen pertsonak gauzak egiteko gai garela aldarrikatu nahi dugu. Ez gara itsu errukarri batzuk,itsuak baizik. Jendeari kosta egiten zaio egoera hortaz jabetzea.

Egindakoarekin gustura zaudete?

Anbizio handiko pertsonak gara. Film hori ekoizteko erraiak bota ditugu, eta bihotza ere utzi dugu jendeak nire egunerokoa modu bisual batean ikusteko. Horrek borrokan jarraitzeko bultzada ematen dit, baita itsutasunari ikusgarritasun handiagoa emateko ere. Bestalde, pelikula bera talde artistiko eta teknikoen bitartez ekoiztutako artelan bat denez, etorkizunean arrakasta izatea du xede.

Hernanin egin zenuten filmaren aurrestrenaldia zer moduz joan zitzaizuen?

Bi egunetan aretoa lepo bete genuen, eta, ikusleen aldetik, kritika onak jaso genituen. Adin ezberdinetako ikusleak izan genituen, eta hori aberasgarria da. Iraupen luzeko filma den arren, jendea berriz ikusteko gogoz geratu zen. Egindakoarekin harro gaude.

DameTVision izeneko elkarte batean ere bazabiltza lanean. Zein helburu duzue?

Erretinosi pigmentarioa gaixotasunaren aurka borrokatzea eta gizartean ezagutaraztea dugu helburu. Rebeldes contra la ceguera kanpainaren eta Apaga la luz y verás kantuaren bidez, Los Angelesen bizi den Stevie Wonder musikari itsua proiektuan sartzea nahi dugu, egitasmoari zabalkunde handiagoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.