TXAPELA BURUAN. Carlos Rubio. Munichen bizi den andoaindarra

«Alemanian askoz ere baloratuago sentitzen naiz musikari gisa»

Musikaren arloan hasitako bideari jarraipena ematera joan da Carlos Rubio Alemaniara: ikastera. Perkusionista da, eta horretan trebatzea du asmoa. Azaldu du eskaintza kulturala zabalagoa dela Alemanian.

LUIS ALVAREZ.
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Musikaz inguraturik bizi da Carlos Rubio (Andoain, Gipuzkoa, 1997), eta, hain justu, musika du ikas bidaia eta ikasbide. Donostiako Musikene goi mailako musika ikastegian ikasi zuen, eta, orain, Alemanian bizi da, Munichen: perkusioa lantzen duen master bat egiten ari da.

Andoain eta Donostia artean joan-etorrian ibiltzeari utzi, eta Alemaniara. Zerk eraman zintuen hara?

Gradua amaitzean, presioa sentitu nuen master bat egiteko, badirudielako gaur egun masterrik egiten ez baduzu zerbait falta zaizula. Musikaren arloan ere gauza bera gertatzen da. Normalean, gehienek hemen egiten dute gradua, eta, gero, kanpora joaten dira masterra egitera: kontzeptu eta ideia berrien bila. Ni Alemaniara etorri nintzen, musika klasikoaren sortzaileetako bat delako eta musika ikasteko leku eta ikastetxe on asko daudelako. Alemanian askoz ere baloratuago sentitzen naiz musikari gisa.

Munich izan zen zure lehenengo aukera?

Irakasleetako bat Alemanian ibilia da; ospe handia du, eta gaur egun Parisko Orkestrarekin dabil. Asko miresten dut, eta erreferentea da niretzat. Hark ere Munichen ikasi zuen masterra. Nire asmoen berri eman nion, eta otsailean Munichera etorri nintzen saio bat hartzera. Gero, sarbide probara aurkeztu nintzen: 50 ginen, eta hiru bakarrik sartu ginen. Ordurako, ordea, lortua nuen plaza bat Herbehereetan, eta zalantzak izan nituen. Azkenean, Munich aukeratu nuen. Musika klasikoa ikasi nahi baduzu, aukera egokia da Alemania.

Zerk harritu zaitu gehien?

Hemen jendea serioa dela, betiere hitzaren zentzu onean. Pasadizo bat gogoratzen dut: perkusio gelako musika tresnak jasotzen ari ginela, konturatu ginen bozgorailuetako batek ez zuela ondo funtzionatzen. Hiru ordu pasatu genituen konpondu nahian. Ez genuen lortu, baina helburu hori lortzeko aritu ginen lanean. Jendeak ez du lan egiteagatik lan egiten; arreta jartzen du egiten ari den hori ongi betetzeko.

Musikalki, Euskal Herrian baino kultur eskaintza handiagoa dago?

Bai, izugarria da dagoen eskaintza: orkestra pila bat dago, eta, orkestrez eta kultur ekitaldiez gain, interes handia dago. Jendea kalean gelditu egiten da kontzertuen berri ematen duten iragarkiak ikusteko. Jende gaztea ikusten da kontzertuetan: interesa ez du adin tarte batek soilik. Musika klasikoarekiko interesa orokorragoa da, eta horrek eskaintza are zabalagoa izatea egiten du.

Dagoeneko jo duzu orkestraren batekin?

Bai, unibertsitateko orkestrarekin jo dut, baita Bavaria Hegoaldeko Orkestra Filarmonikoarekin ere. Horrez gain, orkestraren batean sartzeko proba ugari egiten ari naiz: akademiko izeneko plaza lortzeko edota plaza finko bat lortzeko.

Alemana ikasten ere hasi zara...

Bai, enpatiarengatik hasi nintzen. Lehenengo hilabetean jada erabaki nuen alemana ikasi nahi nuela, baina konturatu nintzen bizi zaitezkeela ingelesarekin bakarrik, Euskal Herrian gaztelaniarekin bizi zaitezkeen bezala: taldean baldin bazaude, pasatu zaitezke gaztelaniaz hitz egitera, baina badakizu ez dela erosoa izango, zurea sentitzen duzun kultura eta hizkuntza aldatzen ari zarelako. Gainera, hizkuntza berri bat ikastea beti da aberasgarria.

Etxearen parekorik topatu duzu?

Niretzat etxea, tokia baino gehiago, ingurua da: familia, lagunak... Eroso nago hemen, baina beti dut buruan ez dela nire herria. Ez dut hainbesteko denbora pasatu lotura hori sortzeko. Eroso nago hemen, baina badakit aldi baterako zerbait dela eta, ziurrenik, etorkizunean ez naizela hemen biziko.

Zeren falta sumatzen duzu?

Igandeko bazkarien falta sumatzen dut: arreba eta anaia ere kanpoan bizi dira, eta igandeetan elkartzen ginen. Lagunekin gauza bera: larunbat gauetako afarien falta sumatzen dut. Konpainia da gakoa, eta janaria ere faltan botatzen dut.

Izaten duzu nostalgiarik?

Ez diot neure buruari uzten horri buruz gehiegi pentsatzen. Orain etxean sartuta egon behar dugula eta, ongi etorriko zait oxigenatzeko eta benetan zer egiten ari naizen pentsatzeko. Batzuetan pentsatzen dut bizitzen ari garela era batean eta abiadura batean non ez diogun geure buruari pentsatzen uzten zer egiten ari garen eta zergatik.

Koronabirusaren gaiari so... Nola daramazu familia urrun izatea?

Beldur handia ematen dit, adibidez, aitona-amonei zerbait gertatzeak ni hemen egonda. Lehen aldiz etxera bueltatu nintzenean, konturatu nintzen ni Alemanian nagoen boladan denbora pasatzen dela han ere: aitona-amonak helduagoak direla, aitari ilea hazi zaiola... Oso zaila da egoera, baina interesgarria ere bada, garrantzia zeri eman pentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.